GARA Euskal Herriko egunkaria
KOPA

Hasieran eta amaieran asmatu zuten zuri-urdinek, helburu bikoitza lortzeko


VALENTZIA 1

REALA 2


Garaipenaren poztasuna berreskuratu zuen Realak. Oso une egokian, Valentzian lortutako emaitzari esker helburu bikoitza bete baitute donostiarrek: alde batetik, azken emaitza kaskarrek mindutako konfiantza berreskuratzea eta, bestetik, Kopako final-laurdenak jokatzeko txartela eskuratzea.

Ez da gutxi, Realak lehen kanporaketa behin bakarrik gainditu duela kontuan hartuta, duela zortzi urte. Bitxikeria gisa, orduan ere Valentziaren kontra jokatu zituen final-zortzirenak, ondoren Sant Gabriel gainditzeko, finalerdietan Bartzelonaren kontra galduz –bere ohizko borreroa txapelketa honetan–.

Sailkapena ziurtatzeko luzapenera arte itxaron behar izan bazuen ere, merezimendu osoz irabazi zuen Realak Paternan. Bere nagusitasuna nahiko argia izan zen neurketa osoan zehar. Azkar jarri zen aurretik, gainera. 4. minutuan, hain zuzen ere, Kiana Palaciosek korner bat buruz errematatu zuenean.

Handik zazpi minutura, ordea, Palaciosek berak egindako penaltiari esker, Valentziak markagailua berdindu zuen. Mariasun Quiñonesek Mari Pazen jaurtiketa gelditu zuen baina aurrelari galiziarrak aldaratzea errematatu zuen banakako berdinketaren gola sartzeko.

Ez zien zuri-urdinei min larregi egin. Edo, behintzat, ez zen nabaritu, atsedenera arte nagusi izan baitziren eta gol aukera gehienak sortu baitzituzten. Gauza bera gertatu zen bigarren zatian, baina Realaren ausardiak eta Valentziaren larregizko lasaitasunak sari berbera lortu zuten: deus ez. Luzapena jokatu behar izan zuten, horrela.

Orduan bai, meritu gehien egin zuenak lortu zuen bere helburua. Nahikarik erabaki zuen lehia gol eder batekin.

Honi buruzko guztia: KOPA