2018 AZA. 29 Esan ez... erakutsi Lehor, eten eta soil idatzi du Alaine Agirrek «Kamisoi zuri zetazkoa». Pederastia istorio bati heldu dio, gordintasunari hizketan utziz. Armiarma sarea osatu du, gizon heldu bat eta hamaika urteko haurra suge vs bildots jokoan jarriz. Umea biktima da, baina ez daki hala dela. Irakurleak, ordea, bai. Beretzat da ezinegonaren lekukoa. Ariane KAMIO DONOSTIA Aurkezpenaren erdira iritsi arte –edo agian aurrerago– Alaine Agirrek (Bermeo, 1990) ez zuen pederastia hitza ahotan hartu, nahiz bertaratutakook ari zenaren zantzua lehenagotik hartua izan. Horixe egiten du Agirrek “Kamisoi zuri zetazkoa” (Erein) narrazio ilustratuan. Esan ez, erakutsi. Gizonezko heldu bat eta hamaika urteko neskatoa. Ingelesa ikasteko kanpamentu batera bidali dute gurasoek. «Nagusia izan nahi zuelako erosi zion amak lehenengo sujetadorea, baina haurra zen oraindik, ez zuen ezagutzen helduen mundua, eta are gutxiago gizon hark jokarazi nahi zion jokoaren arauak». Kontrazaleko azalpena. Duela bi urte egin zuen “Kamisoi zuri zetazkoa”-ren lehenengo bertsioa idazle bermeotarrak. «Ez nuen testua izango zena argi ikusi, baina antzematen nuen zer izango zen. Banekien zer nahi nuen izatea. Itzal bat sumatu nuen, izango zenaren geriza, eta gerizpe horretan egon naiz ordutik, hasierako zirrimarra horretan bide desberdinak egiten. Bertsio desberdinak atera dira eta bide desberdinak egin ditut, atal diferenteekin, estilo desberdinekin. Baina azkenean kimatu egin dut eta udazkena ekarri diot. Neguko zuhaitzen pare geratu da. Fintzen joan naiz eta hemen dagoena esentzia da», esan zuen, sotil, aurkezpenean. Eten, lehor eta soil aritu da idazkeran. «Pederastia istorio bat da. Udako kanpamentu bateko gizonezko begirale batek hamaika urteko haurraz abusatzen du. Haurra ikusia sentitzen da, baina behatua ere bada». Armiarma sarea harrapakinaren zain; sugetzarra bildotsaren inguruan erasoaldirako itxaroten bezala. «Protagonistak ez daki harrapatuta dagoela, baina irakurleak bai. Trena amildegitik doala ikusi eta ezin geldiaraztea bezalaxe». Horrelakoa dela dio abusatzailearen modus operandia. «Biktimak aztertu ondoren haur bat hautatzen du, otzana dena, men egingo diona. Harengana hurbiltzen da, terrenoa irabazten du, bere konfiantzaren jabe egiten da. Ez da baldarra. Badaki noiz eman lehenengo pausoa. Haurrak hesiak jaisten ditu eta lagunengandik isolatzen da. Erasotzaileak libre du bidea». Lau ataletan banatu du narrazio ilustratua Alaine Agirrek. Lehenengoa eta azkena etxean gertatzen dira; erdiko biak, kanpamenduan. «Bizitzak min ematen duela esan nahi du eta literaturak hori jasotzen du. Literatura leku intimo batetik ateratzen da gure egunerokotasunean talka egiten duten gauzetatik; beldurretik, ikaratik...».