2018 AZA. 30 IKUSMIRA Egun bat gutxiago Nagore Belastegi Kazetaria Aste honetan telebistan ikusi dudan likore iragarki bat ekarri nahi dut orrialde honetara. Sare sozialetan ere ibili da bueltaka. Lagunak edo senideak diren pertsonak bikoteka agertzen dira, eta adina galdetu ostean, hilabetean zenbatetan ikusten duten elkar galdetzen diete. Ondoren, estatistikan oinarritutako ekuazio batekin kalkulatzen dute zenbat denbora igaroko duten elkarrekin bizitza osoan zehar. Emaitza beti da eskasa. Ez gaude prestatuta entzuteko maite ditugun pertsonekin egoteko gelditzen zaigun denbora 32, 165 edo 400 egun direla. Onartu edo ez, denok dugu atzera doan erloju bat, baina egunero betebeharrak ditugu. Gustatzen zait pentsatzea pasatzen den eguna ez dela egun bat gehiago, egun bat gutxiago baizik, egiten dudan guztia ilusioz egiteko. Ez dut beti lortzen, noski. Iragarkiarekin ez nintzen konforme gelditu, baina nire kezkak plazaratzen zituen testu bat ere irakurri nuen ondoren sare sozialetan, eta horrelako zerbait zioen: egia da egunean denbora asko pasatzen dugula Interneten, baina aisialdirako denborarik ez dugunontzat Internet da harremanak pizteko tresna. Oporretan dagoen lagunaren argazkia, jaioberri den txikiarena, zoriz elkartu diren bi lagunena, gelditzen saiatzen gareneko eztabaida kaotikoak, kanpoan bizi denak ematen dituen pausoak. Eta elkartzen garenean orduak minutuak bezala igarotzen dira. Iluntzera arte irauten duten bazkariak, hotzak gelditzen diren kafeak, opor txikiak. Nahiago dut maite ditudanekin kalitatezko tarte txikiak pasatu, elkarri zer esan gabeko denbora inerte pila bat baino. Topa horrengatik, likore txupito batekin!