GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Kyzyl Asker-en zabaldutako bidea, Errusiako Urrezko Pioletaren jabe

Jarduera sarituaren egileak Jevgeni Murin eta Ilia Peniaev dira. Mendiaren hego paretan ia 1.400 metroko sormen lana egin zuten udan.


Aipatu genuen Frantzian antolatzen den Urrezko Pioletaren aurtengo saria irailean eman zela. Ezohiko erabakia izan zen, baina hala erabaki zuten. Sari banaketaren egoitza Frantzia zein Italiatik ateratzea ere erabakitu zuten; hain zuzen ere, ekitaldi nagusia Polonian izan zen.

Gogoratu behar dugu alpinismoaren festa entzutetsu horrek nazioarteko izaera duela; hots, mundu mailan egiten diren jarduera alpinistikoak aitortzen dira. Urrezko Pioleta izena hartu duen sari garrantzitsuena da, bai, baina badira beste bi ere ukitu ezberdina dutenak: Asiakoa eta Errusiakoa. Bada, azken horren inguruan notiziak jaso ditugu. Beste era batera esanda, Errusiako Mendizale Federazioak antolatzen duen Urrezko Pioleta nork irabazi duen ezagutu berri dugu.

Hamabigarren ekitaldia izan du sariketak, eta Errusiako Federazioko presidente Andrei Volkovek aurtengo sarituen izenak eman ditu: «Jevgeni Murin eta Ilia Peniaevek Kyzyl Asker mendian eginiko jarduera saritu nahi izan dugu. Zalantzarik gabe, San Petersburgoko bikoteak lan bikaina egin du. Eta horregatik saria jaso du. Hain zuzen ere, jarduera horren egileek benetako ikuspegi alpinoa erakutsi dute. Bideari dagokionez, berriz, uste dugu zaila, sendoa eta berria dela».

Laburbilduz hori da Errusiako Mendizale Federazioak San Petersburgoko sokadak Kyzyl Asker mendian sortutako bidearen inguruan egin duen balorazioa. Hurrengo lerrootan, berriz, Murin eta Peniaevek eginiko lanaren nondik norakoak aipatuko ditugu.

Lehenik eta behin, Kyzyl Asker (5.842 m) aurkeztuko dugu. Nahiz eta Kirgizistan eta Txinaren arteko mugan dagoen (Kokshaal-Too, Tien Shan mendilerroa), ingurumari honetako alpinistentzat nahiko ezaguna da. Zehatzago esanda, mendiaren hego isuria. Eta hori diogu murru horretan dagoeneko zazpi bide zabaldu direlako. Eta horietako batzuk, gainera, Europako mendebaldeko alpinistek sortu dituzte. Besteak beste, Nicolas Favressek, Ines Papertek...

Eta, jakina, alpinista errusiarrek ere beren sinadura utzi dute. Azkenak orriotako protagonistak ditugu. Aipatu behar da Murin eta Peniaevek bide independente bat ireki dutela; hots, aldaerak saihestu zituzten. Alabaina, ia amaieran beste bide batekin lotura egin zuten. Proposamen berria ia 1.400 metro luze da, eta, zailtasunei dagokienez, gehienez VI gradua gainditu zuten.

Sokada errusiarrak, denera, zazpi eguneko lan eskerga egin behar izan zuen. Lehen urratsak joan den uztailaren 24an egin zituzten, eta tontorra 30ean erdietsi zuten. Jaitsierak, berriz, egun eta erdi eskatu zien.

Alpinistok aurreratu dute gogo handia zutela Kyzyl Asker mendiaren hego paretako granitozko murruak probatzeko: «Lehenik eta behin, geure entrenatzaile Timoxenkoren baimena jaso genuen. Zehaztasun handiarekin sateliteek eskainitako irudiak eta hormatzarrean jardun duten beste talde batzuenak aztertu genituen. Horrez gain, murruotan protagonismoa izan zuen Mikhail Mikhailov ezagutu genuen. Hark datu gehiago eman zizkigun, eta, esku artean genuen informazio guztia aztertu ondoren, xedeari ekiteko pronto ginen. Ateratako ondorioen berri entrenatzaileari eman eta udan eginiko espedizioa antolatu zigun; estrategia batzuk ere markatu zizkigun. Harrigarria bada ere, etxean aztertu eta marraztutako bidea %100ean eskalatu genuen».

Zazpi egun

Ondoko irudian ikusten den bezala, errusiarrek hasieran ezproi bat jarraitu zuten: «Bigarren zatia, berriz, ez da oso argia. Lehen sekzioetako luzeak oso agerikoak dira, baina, aldiz, goialdekoak batere ez. Ezkerretik edo eskuinetik igo dezakezu. Bidean sartzeko, lehenik eta behin, errimaia bat zeharkatu behar da; ez zigun buruhausterik eman. Hasierako metroak etzanak dira, baina pixkanaka-pixkanaka tente jartzen da. Hasieran eskalatu genituen artesiei dagokienez, esan behar dugu nahiko onak direla. Norberaren burua babesteko lekuak nonahi zeuden, eta friendak ondo sartzen ziren».

Zortzigarren luzean zeudela, protagonistok eskalada mantsotu behar izan zuten, besteak beste, artesiak elurrez estalita zeudelako: «Behealdean ez bezala, sekzio hauetan bibaka egiteko arazoak biderkatu egin ziren. Erlaitzak bazeuden, baina elurraren azpian izotz geruza fina zegoen. Beraz, bibaka prestatzeko lan eskerga egin behar izan genuen. Beste artesi bat gainditu ostean, elurrezko aldatsak aurrez aurre genituen».

Hamabosgarren luzera arte, eskaladaren izaera ez zen aldatu. Murin eta Peniaevek artesi sistema ezberdinak igotzen jarraitu zuten: «Pixka bat gorago, beste bibak bat egin genuen. Izotza eta elurrarekin egin genuen topo, eta aldats tenteak zeuden. Hortik aurrera tarte mistoak aurkitu genituen; hain zuzen ere, artesiak izoztuta zeuden. Gainera, lehen egunetan ez bezala, eguraldia okertu egin zen. Eskalatzen ari ginen bidearen ertz batera heldu ginen. 60 graduko aldatzetan majo sufritu genuen, besteak beste, izotzaren gainean zegoen elur geruza ez zelako batere sendoa».

Jarraian, 21. luzera heldu zirenean, lehen aldiz bibaka izotz erlaitz batean antolatu behar izan zuten. Tontorretik gertu zirela, korridore handi bat gainditu eta une horretan “Lots in China” marran sartu ziren: «Beno, hori ez dugu oso argi. Amaiera horretan eguraldiarekin ez genuen batere zorterik izan. Bibaka egiten ari ginela, tximista batek tresneriaren kontra jo zuen. Gaua eserita igaro genuen; gogorra izan zen. Inolako zalantzarik gabe, zazpi eguneko eskalada horren azken 34 orduak oso-oso desatseginak izan ziren. Zorionez, biharamunean eguzkiak berri on bat eman zigun; eguzkiari esker erabat bustita genuen tresneria lehortzeko aukera izan genuen. Uztailaren 30ean, arratsaldeko bostetan, gailurra jo eta jaitsierari ekin genion. Gaua handik gertu igaro genuen, eta, beste egun eta erdiko lanaren ondoren, oinarrizko kanpalekura iritsi ginen».