2018 ABEN. 10 NBA Luka Doncicek bere omenezko ereserkia ere badu dagoeneko Esloveniarrak 11-0eko partziala egin du Texaseko taldeen arteko derbiaDallasen alde jartzeko. The Ring musika taldeak «Halleluka!» abestia eskaini dio. A. G. The Ring musika talde estatubatuarreko kideak Dallas Mavericks klubaren zaleak dira, eta inspirazio iturri ederrak lotu dituzte: batetik, Leonard Cohen handiaren “Hallelujah”, eta, bestetik, Luka Doncic gazte esloveniarra. Bien arteko nahastetik “Halleluka!” ereserkia sortu dute, eta 19 urteko gazteak motiboak eman dizkie bete-betean asmatu dutela pentsa dezaten. Dallas Mavericksek etxeko azken bederatzi partidak segidan irabazi ditu, azkena 107-104 Houston Rocketsen aurka, nahiz eta James Hardenek 35 puntu saskiratu. Doncicen 21 puntuak ez dira gauza handia parez pare jarriz gero. Alabaina, esloveniarrak minutu bakarrean irauli zuen Texasko talde bion arteko dema. 94-102 irabazten ari ziren Harden eta konpainia, eta 11-0eko partziala lortu zuen Dallasek, Doncicek hutsik egin gabe lau saskiratze –tartean hiruko hiru jaurtiketa– kateatu ostean. Ordura arte, Dallas Westley Matthewsen puntuei eta DeAndre Jordanen erreboteei esker mantendu zen partidan, baina Doncic izan zen lehia aldarazi zuena. Lider aldaketa Mendebaldean Zazpi garaipen segidan kateatu ostean, jarraian bi partida galdu ditu Denver Nuggetsek. Ondorioz, Golden State Warriors da Mendebaldeko lider berria. Coloradokoek Atlantara bidaia erraza zuten teorian, baina John Collins gaztearen 30 puntuek Georgiakoei eman zien garaipena, 106-98.