2018 ABEN. 13 Ikusi arte Eta min eman arte zure falta izan Ez da musa hoberik Bihotzen artean parkour egitean eroriBaina beti zutik erori Gitarra laztandu barruan kanturik baduen…(“Katedral Bat”) Ariane KAMIO Etena izan ohi da beti agur txiki bat. Une zaurgarri bat. Eta segun zenbaterainokoa den, agurraren pisuak are zama handiagoa hartzen du denborak distantzia irensten duen heinean. Atzo euskal rock zaleek malkoak isuri zituzten. Malkoak isurtzeko adina motibo eman baitzizkien Euskal Herria eta nazioartea gitarra, baxu, bateria eta ahots konkistaz bereganatu duen taldeak. Atzo, inoizko balioa hartu zuen haien izenak. Berri Txarrak eman zituzten. Gorka Urbizuk goizean jaurti zuen bonba atomikoa sareen bitartez eta haien webgunean askorentzat “hileta oharra” izan zena argitaratuz. «Etenaldi mugagabea» iragarri zuen musikari lekunberritarrak, ez agur sendo bat, baina zale askok ehorztetxeraino eraman zuen Galder Izagirre eta David Gonzalezekin batera osatutako hirukoa. Despedida. Agurra. Eta ez da gutxiagorako. Gorena haztatu, eztitan besarkatu eta zeru-hodeietan arnastea lortu duenean baitator etena. Hogei urte baino gehiagoko urrats-errenka luzea egin ondoren geldituko da Berri Txarrak-en egitekoa. Denbora da haien poligrafo bakarra. Bidean, bederatzi disko, dokumental bat eta bilduma lan bat. Ehun kantu baino gehiagoko soinu banda milaka jarraitzaileren imajinario kolektiboan. Oinordetza utziko du taldeak. Urtaro batetik bestera sortutako hitzak. Katedralak. «Hamazazpi urteko mutikoa nintzenetik (1994) inongo etenik gabe taldean jardun eta munduan barna milatik gora kontzertu eman ondoren (Lekunberritik hasi eta Zeelanda Berriraino, New Yorketik Sao Paulora, Managuatik Madrilera, Nantesetik Pekinera…); furgoneta zein hegazkinetan ordu mordoa igaro, afiziotik ofiziora pasa eta proiektu honi dedikazio osoa eskaini izanaren poza eta nekea bihotzean, zera jakinarazi nahi dizuet mezu honen bidez: BERRI TXARRAK-ekin ziklo ahaztezin bat ixteko garaia heldu dela sentitzen dut. Geratzeko beharra daukat, distantzia hartzekoa. Horren konplikatua eta sinplea da». Nola igarri orduan iragan hau guztia betiko izango genuela aurretik. «Oraintxe bertan gure erritmoak ez doaz parean eta ez gaude %100ean jarraitzeko moduan. BTX-en entzuleek ez lukete ulertuko hala segitzea, eta erabakia benetan zaila den arren, gauden tokian jarri gaituztenenganako errespetua beti egon da talde honen lehentasunen zerrendaren gorenean». Honek ez du atzera bueltarik erabakia gurea delako geurea pakea dator orain. Musika eta sormena ulertzeko modu asko dagoelakoan dago Gorka Urbizu, «sortzaileak beste ziurrenik». «Baina momentu batetik bestera ezbaian jarri behar da ia dena. Erabaki beharra dago beti atezuan dagoen inertziarekin ze harreman mota eduki nahi duzun. Aroak ixten asmatu eta berriak abiatzen saiatu. Bestela esanda: ikasten segi». Iraganetik…orainetik…etorkizunetik…zugandik…nigandik…guregandik. Ikasten. Eta horretan jarraitzea baita asmoa. Ezezagunetik dastatzen, ezagunetik ahoratzen, egin gabekoak egiteko aukeran kulunka egiten jarraitzekoa, hain zuzen. «Gu bagoaz, musikak darrai: Talde on piloa dago bazterrotan barna, euren kontzertuen entzuleen artean topatuko gaituzue. Bien bitartean, adierazteko molde berriak bilatuko ditut, exigitzea zilegi den gutxieneko hori elikatzen jarraitu ahal izateko: kantuak sortu eta jendearekin partekatzeko pasioa, alegia. Helduko dira doinu berriak, noiz eta nola ezin jakin momentuz». Baina lasai bitez zaleak, amorru, irrika eta goseak, agurra eztia izango baita. «Izango da astirik musikaren bidez bizitakoa eta bizi arazitakoaz sakonago hausnartzeko. Momentuz gure asmoa drama edo nostalgia oro saihestu, bidaia haluzinante honengatik topo egin eta zuekin batera geratzen diren kontzertuez gozatzea da. Elkarrekin inoizko ozenen egingo dugu oihu, arima urratu arte!». 2019ko urtarrilean hasi eta urtearen hondarretara bitarte zabalduko da taldeak zaleekin izango duen estutua, Euskal Herrian eta herrialdetik kanpo egingo diren hitzorduetan. «Ospakizun bira berezia izango da zinez, ez alperrik 25 urte beteko baitira taldearen sorreratik (mende laurden!)». Ikusi Arte Tour 2019 izango da. Eten mugagabea, ezten mugatua. Arnas izpi bat. Idatzi nizun eta ez zenuen erantzun, nik atera nahi nuen, zuk ordea sartu... Bonba atomikoak hedatze-uhina sortu zuen, nahiz uhin horren hedapena luzaroan izan den barreiatua taldearen kantuen bitartez. Esker mezuak eta aurrera begirako lerroak hasperenari eusteko. «Gu bagoaz, baina gugan betirako iraungo du akorde bakoitzean txertatu genuen leitmotive horrek: JAIO.MUSIKA.HIL. Hori, berrizaleok, ezingo digu inortxok ere kendu. Estutu bana. Gorka Urbizu-Berri Txarrak». Ikusi arte. Gu bagoaz, musikak darrai: talde on piloa dago bazterrotan barna, euren kontzertuen entzuleen artean topatuko gaituzue. (…) Helduko dira doinu berriak, noiz eta nola ezin jakin momentuz.