2018 ABEN. 29 JO PUNTUA Kontakizunaren lehia eta oroimen estrategikoa Floren Aoiz @elomendia Zoru etikoa, ezker abertzalearen zilegitasun eza, gaitzespen lehiaketak, damutzeko exijentziak… kontakizunaren lehiaren erritualak berriro ere, noiz eta 78ko espainiar Konstituzioa inposatu eta Argala erail zutenetik 40 urte betetzen direlarik. Moralina erakustaldiak eztabaida politikoaren lekua hartu nahi du, oraingoan ere, ezkutatu nahi dutena argi oroz dir-dir agertzen delarik: haustura egin behar zen Franco hil ondotik, ez erreforma, eta ondorioak katastrofikoak izan dira. Krisia larrian dago 78ko erregimena, eta honek eragile asko biluztu ditu: gezurrak esan dizkiote gure herriari, trantsizio zikiratuaren hautua ez zetorren bat jendartearen interesekin, elite batzuei soilik komeni zitzaien, eta denok ari gara orain horren faktura ordaintzen. Bai, moralina lehertzen den orotan zerbait ikus ez dezagun da; ikasgaia jaso dugu! Kontakizunaren errelatoa deitzen duten horretan ere, gurean gertatzen dena loturik dago mundu mailan nagusitzen diren joerekin. Iraganeko borroken satanizazioa dugu neoliberalismoaren oinarrietako bat. Era berezian 1917ko iraultza eta sozialismoa eraikitzeko saioen kriminalizazioa, baina, halaber, beste askapen ahalegin guziena, gureak barne, jakina. Frame nagusia sinplea da: jendarte borrokek «biktimak» ekartzen dituzte. Biktimen kontakizunaren nagusitasuna jendarte gatazka eta borroken ukapen eta satanizaziorako tresna bilakatzen da, beraz. Askapen saioek tragedia baino ez dute ekartzen. Azterketa politikoaren ordez, biktimen arrazoia; borroken erradiografiaren ordez, moralizazioa: zintzoak gaiztoen kontra. Urteetan zehar joan dira mezu hauek nagusitasuna eraikitzen eta eskuin muturrak erraza izan du bere onerako baliatzea. Lehia honek garrantzia izanen du etorkizunean gurean, gure garaiko jendarte borrokak indargabetzea duelako helburu iraganekoen satanizazioak. Hobe dugu borroken oroimenaren balio estrategikoaz jabetzea, honenbestez. Gure garaiko jendarte borrokak indargabetzea duelako helburu iraganekoen satanizazioak. Hobe dugu borroken oroimenaren balio estrategikoaz jabetzea