2019 URT. 10 IPAR EUSKAL HERRIKO HARRERA ELKARTEA OINARRIAK SENDOTZEN Ipar Euskal Herriko Harrerak iaz abiatu zuen sentsibilizazio kanpaina «emaitza onak ematen ari da». «Hau da ene ondasun guzia» lana aurkeztu eta hitzaldiak eskaini dituzte herrietan eta udaberritik aurrera «fase berri bati ekiteko prest» izango direla iragarri dute. Haritz LARRAÑAGA Egun indarrean duten kanpaina Ipar Euskal Herriko Harrerak orain artean abiatu duen egitasmo indartsuena da, baina horrek ez du esan nahi orain artean geldirik egon direnik. Hain zuzen ere, orain arte egin duten lana aurkezteko ere balio du ekimenak. Jokin Etxebarria Ipar Euskal Herriko Harrerako bozeramaileak azaldu zuenez, «bi helburu nagusi ditugu fase honetan: batetik, sentsibilizazioa, hau da, Harreraren lana ezagutaraztea; eta bestetik, gure funtzioa behar bezala betetzeko behar dugun sostengu ekonomikoa ziurtatzea, eta horretarako harpidetza kanpaina bat abiatu genuen». Iazko abenduan herrietan egin zituzten hitzaldiak positiboki baloratzen dituzte elkarteko kideek, izan ere, «herri bakoitzean erantzuna desberdina da, batzuetan jende gutxi bildu zen, besteetan asko, sarri betiko jendea, baina orokorrean, gehienek ez zuten gure berri eta ezagutzera emateko balio izan zuen», nabarmentzen du Etxebarriak. Bidea prestatzen Harrerako kideek positiboki baloratzen duten beste atala herriko etxeei dagokiena da. Alabaina, hitzaldiak edo bideo emanaldiak eskaintzen dituzten herrietako auzapez eta hautetsi guztiekin harremanetan jartzen dira. 2014an Ipar Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoek sinatu zuten Baionako Adierazpenean aipatzen zen puntuetako batean birgizarteratzeko plan integral bat osatu behar dela esaten zutela oroitarazten diete ordezkari politikoei, hain justu, hori baita Harreraren lan esparrua. Ipar Euskal Herriko Harrerak garrantzi handia ematen dio ordezkari publikoekin harremanak lantzeari. Hiriburun esaterako, auzapezak eta hautetsi batzuek parte hartu zuten “Hau da ene ondasun guzia” dokumentalaren aurkezpen hitzaldian. Elkarteko bozeramailearen hitzetan, «gonbidapenek balio dute egiten ari garenaren berri izan dezaten, baina batez ere, aurrerago, botere publikoei laguntza zehatzak eskatzera joan beharko dugu eta aurrez egindako lana lagungarri izango da». Senpereko aurkezpenean, berriz, Gabi Mouescak dozena bat herriko etxek ematen duten diru laguntza eskertu zuen, baina ez dela aski aipatu zuen, bere aburuz, «herriko etxeak birgizarteratzea ongi burutzeko gehiago inplikatu behar» baitira. Mouescak egin zuen gogoetan, hilean minimo soziala (450 euro) kobratzen duten preso ohiak «erretreta egoki batekin duin bizi ahal izateko tresna berri bat asmatu beharra» aldarrikatu zuen, eta zentzu horretan, botere publikoetan egun topatzen dituzten oztopoak gainditzeko «Estatu frantsesak egunen batean esku hartu eta erraztasunak eskaini» beharko dituela denuntziatu zuen. Erretretaren gaia da Harrerak agendan duen korapiloetako bat, horregatik, Hego Euskal Herrian afera hori nola jorratzen ari diren jakiteko Juan Carlos Yoldi Harrerako ordezkaria gonbidatu zuten Senpereko hitzaldira. «Guretzat interesgarria da erretretaren gaia Hegoaldean nola jorratu duten jakitea, preso ohi asko erretirora iritsiko da eta kotizazio oso baxua izango du, beraz berandu baino lehen, gai horri guk ere heldu beharko diogu», aitortu zuen Etxebarriak. Asistentzia profesionala Ordea, guztia ez dira traba eta zailtasunak, arlo desberdinetan lan egiten duten kideekin sare bat ehuntzen ari dira eta profesional horiek ematen duten borondatezko laguntza eskertu nahi dute: «Orain arte kasu zailenak eri diren presoekin izan dira, baina laguntza handia izan dugu, medikuntzan, administrazioan edo zuzenbide arloan lan egiten duten profesionalek lan handia egin dute eta laguntza handia jaso dugu, baita abertzale ez direnengandik ere». Ipar Euskal Herrian, bi profil nagusik osatzen dute Harreraren lan eremua. Batetik, urte asko espetxean egin ostean jada adinean aurrera eginda gizarteratu behar dutenek, eta bestetik, Iparraldean geratzea erabaki duten iheslari ohiek. Etxebarriak jakinarazi zuenez, «garai batean laguntza senide eta lagunek bideratzen zuten, eta orain ideia da laguntza hori modu antolatuan ematea, zeren asistentzia asko luzera begira eta iraunkorki eman beharko dira eta laguntza horiek bermatzeko lan instituzionala ezinbestekoa da». Iaz abiatu zuten kanpaina datorren martxoan amaitu eta beste fase bati ekiteko gogoz dira Harrerako kideak. «Bitartekoak eskuratuta eta oinarriak finkatuta, kasu zehatzei aurre egiten hasteko moduan» izango direla iragarri zuen Etxebarriak. «Hau da Ene ondasun guzia»: errealitate ezezagun bat azaltzen duen dokumentala Aratz Gomez, David Gramont, Lorentxa Guimon, Oier Gomez eta Mikel Irastorza preso ohien esperientziak adibide hartuta Ipar Euskal Herriko Harrera elkarteak egiten duen lanaren berri eman eta askatasuna berreskuratzen duten pertsonek izaten dituzten zailtasunak azaleratzen ditu 25 minutuko dokumentalak. Orain artean hitzaldiekin lagunduta areto txikietan aurkeztu izan dute, baina aurrerantzean zinemetan aurkezteko asmoa dute. Horrela, datorren urtarrilaren 18an Urruñako Itsasmendi aretoan eta urtarrilaren 20an, Donibane Garaziko Le Vauban zineman ikusi ahal izango da dokumentala, eta zenbait emanaldiren ostean dokumentala sarean zintzilikatuko dute denen eskuragarri. Iazko abenduan Maule, Senpere, Hiriburu, Uztaritze, Biarritz eta Angelun aurkeztu zuten dokumentala eta egileen esanetan ikusleak «hunkituak ateratzen ziren aretotik». Jokin Etxebarriak ere baikorki baloratu zuen ikus-entzunezkoak izan duen eragina, zeren «presoen egoera aski ezaguna da, baina preso eta iheslari ohi askok dituzten arazoak gaiarekin sentsibilizatuta dagoen gertuko jende askok ere ez zituen ezagutzen».H.L