2019 URT. 10 NBA Minnesota Timberwolvesen «trantsizioa» garaipen gorabeheratsu batekin hasi da A. G. Egonkortasuna zer den ez dakien talde asko dago NBAn. Horietako bat Minnesota Timberwolves da, zalantzarik gabe. Denboraldia hasi ostean Jimmy Butlerri joaten utzi behar izan zioten taldea barrutik leherrarazi aurretik. Asteon, Tom Thibodeau entrenatzaile eta manager nagusia kargutik bota dute, eta trantsizio garaia Oklahoman 117-119 irabazita hasi du. Denetik gertatu zen partida honetan. Hasteko, Andrew Wigginsek 40 puntu sartu izana eta Karl-Anthony Townsek beste 20, Ryan Anderson behin-behineko entrenatzailearen estreinako partida irabazteko. Timberwolvsek Jeff Teague antolatzailea ere galdu zuen epaileek kanporatuta, Dennis Schröder alemanarekin mutur joka hasteko gutxi falta izan zuelako. Hala ere, partidako unerik larriena Oklahomako Nerlens Noel pibotak bizi izan zuen. Karl-Anthony Towns gainera erori zitzaion eta lurraren kontra buruan hartu zuen kolpeak konorterik gabe laga zuen. Zorionez, aurreneko mediku azterketen arabera, Noelek ez du buruko kommozioaz gain beste lesio larriagorik. Minnesota Mendebaldeko bederatzigarren postuan doa, 20-21 balantzeaz. Egonkortasun apur bat lortuz gero, agian play- offei begira has liteke.