GARA Euskal Herriko egunkaria
Bodyboard

APB erakundeak munduko bodyboard zirkuituaren egutegi berria aurkeztu du

2019ko APB itzulia otsailean hasiko da Hawaiin eta Europan amaituko da urrian. Grand Slam Series txapelketa bat izango da abuztuan Australian.


Munduko bodyboard zirkuituak antolatzen dituen APB (Association of Profesional Boadyboarders) erakundeak 2019ko txapelketen egutegia argitaratu du. Iaz kategoria desberdinetako zirkuituak osorik egiteko izan zituzten zailtasunen ostean, aurtengo sasoian indarberrituta datozela dirudi.

Albiste onen artean, zirkuituko lehen txapelketa. Izan ere, Pipelineko txapelketa berriz atxiki dute APB itzulian eta lehia- kideak pozarren dira, zeren horrek galdutzat ematen zuten lehiaketa garrantzitsu bat berreskuratzea suposatzen baitu.

Teahupoo eta igerilekuak

Urtero pizten du jakin-mina egutegi berriak eta urtero izaten dira zurrumurruak. Esate baterako, aurtengoan Teahupoon geldialdi bat egiteko asmoa ote zuten zurrumurrua zabaldu bazen ere, oraingoz behintzat, ez da Tahitiko txapelketa ageri APB itzuliko zerrendan.

Esamesen artean indarra hartu zuen beste ustezko lehiaketa bat ere hitzetik hortzera ibili zen bodyboarder zaleen sare sozialetan, baina kasu honetan ere oraingoz ez dago ezer baiezta dezakeen albiste fidagarririk.

Olatuak sortzen dituen igerileku batean mundu mailako bodyboard txapelketa bat egiteko aukera aztertzen ari zirela zabaldu zen, eta eztabaida handia sortu zuen aferak bodyboard zaleen artean, baina oraingoz ez dirudi bodyboarderrek igerileku batean lehiatu behar izango dutenik.

Munduko APB zirkuitua

Pipelinekoa izango da aurtengo lehen txapelketa. Otsailaren 24an irekiko da itxaronaldi epea Oahuko kostaldean eta 13 egunez luzatuko da, martxoaren 8ra arte. Tarte horretan itsaski egoki bat sartzen bada, ordea, egun bakar bat izango dute antolatzaileek txapelketa egiteko, horixe baita bertakoek ezarri dieten baldintza.

Pipelinekoa 4 izarreko munduko txapelketa izango da, hau da, Qualifying Events Series Tour (QEST) edo bigarren mailakoa, baina mundu mailakoa. Ondorioz, Pipelinen guztira 48 lehiakideek har dezakete parte.

Ekainean, Hawaiitik Hego Amerikara pasako da APB Tourra. Aurten Brasilen txapelketa bakarra izango da, Itacoatiarako hondartzan egingo dutena, eta horrez ostean, mundu mailako lehiakideek Txile aldera joko dute. Lehen mailako (Grand Slam Series) bi lehiaketa izango dira Txilen uztailean, Antofagasta eta Arican. Horrez gain, QEST mailako txapelketa berri bat ere atxiki dute Txileko itzulian, Iquique Open lehiaketa.

Abuztuan ostera, Australian izango dira munduko bodyboarder onenak Kiamako txapelketan parte hartzeko. Lehen mailako Grand Slam Series lehiaketa honek ikusmin handia piztu du, baldintzak sortzen badira, lehiaketa Shark Island edo Mystics bezalako urautsi famatuetan egingo dutela iragarri baitute antolatzaileek.

Munduko bodyboard itzulia, urtero lez, Europan amaituko da, Portugalgo Sintra eta Viana txapelketekin. Nazareko lehiaketa eta Kanaria Handian egiten den Fronton King lehiaketa, ordea, oraindik ez dituzte baieztatu. Neskak berriz, lehen aldiz Marokon lehiatuko dira.