2019 URT. 16 IKUSMIRA Norbere ametsei segika joateko eskubidea Xole Aramendi Kazetaria Emakume bat negarrez ari da. Saria du eskuan eta ama gogoan. Hark, 80 urte beteak zituela, damu bat aitortu zion: «Ez dut ezer lortu bizitza honetan». Alabak, amak ez bezala, bere ametsa bete du eta, gainera, bere lana aitortua sentitzen du. Emakumea Glenn Close da eta irudia joan den astekoa da, Los Angelesen Urrezko Globoa jaso zuenekoa. Bizitzaren paradoxak. “The Wife” (Björn Runge) filmean egindako interpretazioa saritu diote. Gazteleraz “La buena esposa” itzuli dutena. Izan ere, hain “ona” da emazte protagonista (Joan Castleman), berak idatzitako lanengatik jasoko baitu Nobel saria senarrak, Joe Castlemanek. Egoera ez da berria, errealitatea fikzioaren aurretik doa beste behin, makina bat sortzaileri gertatu baitzaio horixe, tamalez... Margaret Keane artista kasu, eta abar eta abar. Zinemak ez du ezer asmatu. Closek ez du aukera galdu. «Nire amari gertatutakoa hain egon zen gaizki... Emakumeongandik espero da besteak sostengatzea, seme-alabak, senarra edo bikotea izatea. Baina gure ametsen alde ere borrokatu behar dugu. ‘Ni hori egiteko gai naiz eta, gainera, aukera eman behar didate’ esan behar dugu». Txalo zaparrada entzun da areto betean. Aktoreak berak badaki ametsei segika joatea zer den. Haurra zela, gurasoak Moral Re-Armament izeneko sektan sartu ziren eta ospa egin zuen. «Aktore izateko grinak lagundu zidan beste ezeren gainetik», esan izan du. Nire aurrekoez gogoratu naiz. Bi amonez, amaz, izebez... Haiek zerekin amestu zuten? Izan al zuten sikiera amesteko eskubiderik?