2019 URT. 21 Eskalada «Chulilla experience», bestelako abentura magikoa Iragan abenduan, Valentziako Chulillan, Alex Pator eta David Palmada katalanek 18 luze dituen 570 metroko eta A3+/V+ zailtasuneko erabateko marra horizontala sortu zuten. Denera, astebeteko lana izan zuten, eta jardun osoan ez ziren paretatik jaitsi. Andoni ARABAOLAZA David Palmada “Pelut” orrialdeotako laguna dugu; izan ere, eskalatzaile katalanaren jardunak askotan jorratu ditugu. Eta beste behin, azkenaldion zabaldu duen bide berezi baten berri eman nahi izan dio GARAri. Irakurle askok dakitenez, muturreko eskalada artifizialean espezialista handia da Pelut. Baina aurreratu dugu jardun berezi bat egin duela; eta, bai, hala izan da. Joan den abenduan, Alex Pastor “el Negre” sokakide katalanarekin, “Chulilla experience” bidea sortu zuen. Hain zuzen ere, Valentziako Chulillan ireki dute. Denera, 18 luze, 570 metro eta A3+/V+ zailtasunak ditu. Baina, jakina, metro eta luze horiek guztiak erabateko eskalada horizontalean zabaldu dituzte. Ez al da, beraz, bitxia? Big-wall hori biribiltzeko zazpi eguneko lan eskerga zein berezia egin behar izan zuten. Pelutek berak honela laburbildu digu: «Behin bidean sartuta, ez ginen lurrera jaitsi. Den-dena horizontala denez, zeharkako edo transbertsalak izan diren egun magikoak bizi izan ditugu. Jakina, apustu hori ez da berria; soilik, 1980ko hamarraldian, Chulillan bertan baina ‘la pared de enfrente’ izeneko sektorean, Vicente Cerverak eta Jesus Garciak zabaldutako ‘Las reglas del juego’-ren esentziari jarraitu nahi izan diogu. Beraz, esan dizudan bezala, eskalada oso berezia da. 5 petate garraiatu behar izan ditugu, eta, jakin badakizunez, horiek guztiak era horretara mugitzea zaila eta nahasia da. Gainera, bigarren eskalatzaileak ezin ditu jumareatu. Eite horiek guztiek gure jarduna bestelako abentura bihurtu dute». Oro har, Chulillak kirol eskaladan sona handia badu ere, eskalatzaile katalanak ohartarazi nahi izan digu bestelako abenturak egiteko inguru paregabea dela: «Makina bat kilometro pareta daude eta eguraldi bikaina egiten du; soilik, zure abentura aurkitu behar duzu. Hormak ez dira oso garaiak, baina bai, ordea, oso zabalak. Nik argi neukan: errealitatetik at mundu txiki batean eta nire jolas arau propioekin jolas horizontal bat egin nahi nuen». Arestian aipatu dugunez, “jolas” berri hori ez da berria, 80ko urteetan aipaturiko eskalatzaileek martxan jarri zuten eta: «Cerverak eta Garciak hango garaietan aurreratu hutsak ziren. Lurretik 50 metrora, zeharkaldi izugarri bat sortu zuten. Arau horiei jarraituz, lau eguneko eskaladan, Javier Balagarekin ‘Las reglas del juego’ errepikatu nuen». Horrela bada, “Chulilla experience” ireki baino lehen, Pelutek ondo baino hobeto ezagutzen zituen arau berezi horiek. Kasu honetan, “la pared del refu” sektorean jardun dute: «Alexek eta biok 70 metroko garaiera baino gutxiagora jardun dugu. Aipatu dudan beste bidearekin alderatuta, gurea ezkerretik eskuinera doa. Horrek esan nahi du sokaburuarentzat errazagoa dela; ez, ordea, bigarrenarentzat. Zazpi egun horiek lurrera jaitsi gabe egin genituen, eta petateek eskatzen duten lana oso gogorra eta nahasia izan zen. Bost eraman genituen, eta bilgune bakoitzean bi ordu galtzea eskatzen zigun. Petatea askoz ere erosoagoa da bertikalean igotzea!». Eskalada horizontal horrek buruhauste ugari ekarri zizkien. Baina, Pelutek berak onartu digunez, aldeko faktore bat izan zuten: «Hurbilketa bidea minutu batekoa da. Eta itzulera ere beste minutu batekoa. Horrek, jakina, bost petate horiek garraiatzeko lanak erabat erraztu zituen. Dakizunez, big-walletan tresneria hori garraiatzea oso nekeza da. Gainera, zabaldu berri dugun bidera rappelatzen heltzen zara. Zer gehiago eska daiteke? 35 metroko rappel bat egin eta gero, lehen bilgunera heldu ginen. Eramandako 200 kiloak han bertan atondu behar izan genituen. Pronto ginen kalitatezko marra bati ekiteko». Une magikoak Eskalatzaile katalanak aurreratu digunez, lehen metroetan erabat gozatu zuten; tira, zehaztu digu eskalada guztian izugarri gozatu zutela: «Lehen metroak oso estetikoak eta ez oso zailak izan ziren. Iltzeak primeran sartzen ziren. Eite horrek bi alde ditu. Sokaburuarentzat oso egoera egokia da, baina bigarrenarentzat oso lan nekeza da; izan ere, oso ondo sartutako iltze horiek kentzeak energia ugari eskatzen dizu». Egunek aurrera egin ahala, eskalada horizontal horrek emaniko sentsazioak eta konfiantza orekatzen hasi ziren: «Iltzeak ez genituen hainbeste sartzen, eta hori bigarrenarentzat ia perfektua zen. Erorikoren bat edo beste izan zen, baina aparteko larrialdirik ez. Bestalde, onartu behar dizut lurretik gertu eskalatu bagenuen ere, inongo momentuan ez genuela sentsazio hori izan. Egundoko sakontasunean murgilduta zaudenez eta horma oso zabala denez, zeure begiak urruntasunera zuzenduta daude. Eskalada bertikal batean dituzun antzeko sentsazioak dira, baina azken horretan beti gora begira zaude». Bidaia berezi hori hasi aurretik, bi eskalatzaileok argi zuten arau bat bete behar zutela; hots, paraboltak ez jartzea. Agian, bizpahiru, baina soilik bilgune arriskutsu batzuetan jartzeko: «Era horretara jolasa askoz ere interesgarriagoa da. Zabaldu dugun ‘Chulilla Experience’-ren luzeek ezusteko ederrak eman zizkiguten. Arriskua edo konpromisoa zuen sekzio kritikoren batean bizitza salbatzen dizun artesi txiki eta fin hori azaltzen zen. Zaila egiten zait marra hori zabaldu genuen egun horietan bizitako esperientziak adieraztea, besteak beste, erosoagoa gertatzen zaidalako luze erraz bati buruz baino gogor bati buruz idaztea». Paretaren ezaugarriei dagokienez, Pelutek adierazi digu sekzio batzuk oso erakargarriak zirela: «Adibidez, sabai handia. Han bertan paraboltik gabeko bilgune bat antolatu genuen. Zalantzarik gabe, bibak paregabea izan zen: ozar-izarrez gozatu genuen. Eguraldia ere bikaina izan zen, udaberriko baldintzak izan ziren. Zabaltzen ari ginen artesia amaigabea zen. Une oro urrunera begiratzen ari ginen. Bazirudien ez zela inoiz amaitzen. Eta horrek, uneren batean edo bestean, arduratu gintuen: geure helburua bukatzeko gai izango ote ginen? Hormaren ezaugarriak direla eta, ezin genuen ‘haratago’ begiratu. Eta horrek ukitu mistikoa ematen dio. Hitz gutxitan esanda, paretak bi zati ezberdin ditu: sekzio iluna eta argia. Eguerditik aurrera eguzkiaren bista izaten genuen». Nomadak bezala sentitzen ziren; hots, bilgune batean soilik gau bat egiten zuten. Nekatuta zeuden, baina, protagonistak azpimarratu digunez, motibazio handiarekin jarraitu zuten: «Zalantzarik gabe, izaera horretako jarduera bat egiteko oso motibatua egon behar duzu. Oro har, egunero batez beste 30 iltze jartzen genituen. Zazpi egun horietan 540 aldiz egin behar izan genuen lan hori. Jakina, sartu eta kendu. Eta petateekin eginiko lanari dagokionez, 18 luze horietan bost petate garraiatu behar izan genituen. Bada, 90 garraio izan ziren. Nahiz eta bide ‘friki’ bat dirudien, lasai asko baieztatu nahiko nuke ez diola goi mailako big-wall bati zertan inbidiarik izan: eskalada horizontal honek buruari eta sasoiari asko eskatzen die». «BIG-WALL» Nahiz eta ez den eskalada bertikala izan, Palmadak dio «big-wall» baten izaera duela. Denera, 570 metro luze da, eta 18 luze eta A3+/V+ zailtasunak ditu. ASTEBETE «Chulilla experience»- marrak zazpi eguneko lana eskatu zien. Bost petate eraman zituzten, baina ezin izan zituzten jumareatu. OSO BEREZIA Alex Pastor eta David Palmada eskalatzaile katalanek «Chulilla experience» bidea zabaldu dute. Marra osoa zeharkaldi horizontal bat da.