GARA Euskal Herriko egunkaria

Sindikatuek, Kristau Eskolak eta Lakuak familien kezkarekin bat egiten dute


Gizarte ekimeneko ikastetxeetan hamahirugarren greba eguna bete zuten atzo; sindikatu deitzaileen arabera, babes zabalez («aurrekoen antzekoa, %60-65 artean»). Sektore honetan 9.000 langile inguru daude; Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itundutako ikastetxeen %70 dira eta 120.000 ikasleri ematen diote zerbitzua.

Azken horien guraso eta familiak manifestazioa egin zuten joan den igandean, Bilbon. 3.500 bat lagunek eskatu zuten gatazka konpon dadila. Bi aldeei, sindikatuei eta patronalei, negoziatzeko eskatu zieten eta Lakuako Gobernuari, inplikazio handiagoa.

Hirurek erantzun zuten familien kezka ulertzen dutela. Ohar batean, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGTk «arduragabekeria larria» egotzi zieten patronalei hamahirugarren greba egunean «inolako proposamen berririk» ez egiteagatik. Lakuari, aldiz, erantzukizun oro bere gainetik kendu nahi izatea leporatu zioten. Gainera, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuaren adierazpenak kritikatu zituzten. «Inolako oinarririk gabe, bere gain edozein ardura hartzea ekiditeko eta sindikatuok salatzen ari garen egoeran duen erantzukizuna desbideratzeko saiakeran, grebaren atzean ezkutuko beste helbururen bat egon daitekeela bota du Uriartek».

Argitu dutenez, ostera, «sailburuak ulertarazi nahi izan duenaren aurka, hamar urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan baldintzak berreskuratzea eta hobetzea da greben helburu bakarra», konbentzituta baitaude hobekuntza horiek ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela eta beharrezkoak direla. «Beraz, grebaren helburuak argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira», berretsi zuten deitzaileek.

Gaur goizean, Gasteizen

Negoziatzeko borondatea baieztatu zuten sindikatuek. Eta bai patronalei bai Gobernuari dagokien ardura beren gain hartu eta gatazkari irtenbidea emateko neurriak har ditzatela exijitu zieten, langileen eskakizunei «taxuzko proposamenekin erantzunez». Bestalde, langile guztiak animatu zituzten gaur, 11.00etan, Gasteizen, Bilbo plazatik aterako den manifestazioan parte hartzera.

Gizarte ekimeneko ikastetxeen gehiengoa barne hartzen duen Kristau Eskolak lan-mahai bat eratzeko eskatu zion Lakuari, Administrazioa bera, patronalak eta sindikatuak eser daitezen, lanaren eta itunen finantziazioaren baldintzak hobetzeko asmoz. «Itunpeko hezkuntzak aintzatespen publikoa» behar duela errepikatu zuen eta ardura eskatu zien berak ere gatazkan inplikatutakoei.