GARA Euskal Herriko egunkaria
NBA

James Harden ez da ezer «gainerakorik» gabe


«Bakarrik ezin dut; lagunekin bai». Hona Lolo Rico zenak “La Bola de Cristal” programan laga zuen marmolezko esaldietako bat. Bada, berdin dio Houston Rocketseko liderra James Harden izatea, bera ez baita ezer «gainerako» taldekiderik gabe: 121-119 irabazi zieten Texaskoek Toronto Raptorsi.

Egia da 35 saskiratu zituela Hardenek eta egia da halaber Kahwi Leonard Torontokoen izarraren azken hirukoa oso ongi defenditu zuela «NBAko bizarrak». Alabaina, aurreneko laurdenean egin zuen ihes Houstonek, 33-20, eta orduko hartan Hardenen taldekideak izan ziren halako laurden bikainaren erantzuleak: 24 puntu Eric Gordonek, 18 PJ Tuckerrek, 21 Kenneth Fariedenek eta 13 –eta jokoaren erritmoa behar bezala eramanez– Austin Riversek. Hardenen jaurtiketak huts eginez, «gainerako» taldekideek ere badirela nor erakutsi zuten.

Kanadarrek erreakzionatu zuten, eta irabazteko hirukoa ere eskura izan, baina saskibaloia talde kirola dela erakusteko garaipen aproposa lotu zuen Houstonek.

Aldaketak Lakersen?

Bestalde, Los Angeles Lakersen baitan aldaketak espero dira. LeBron James lesionatu ostetik, gain behera doaz Kaliforniakoak. Hala, baliteke Kuzma, Lonzo Ball eta Ingramen artean norbaitek taldea uztea, eta haren lekuan beste norbait ekartzea. Mike Conley, Anthony Davies edo Marc Gasol ei dira hautagaietako zenbait.

Luke Walton entrenatzailea ere kinka larrian ei dago. Antza denez, LeBron Jamesek ez du gustukoegi.

Honi buruzko guztia: NBA