2019 URT. 28 ZIRIKAZAN Ipuinen indarra Josebe EGIA Pila bat gustatzen zaizkit ipuinak, literatur genero ezin hobea iruditzen zait gauez ohean irakurtzeko: istoriotxo bat irakurri, eta eragindako ideietan edo sentipenetan bilduta lo hartzea gozamena iruditzen zait. Liluratzen nau zer gaitasun duten idazle batzuek orrialde pare batean istorio oso bat kontatzeko, hasi eta bukatu zirrara edo tristura edo adorea edo amorrua edo itxaropena edo denak nahasita eragiteko, bi orrialde xumetan. Azkena “Mecanografiak” izan da, Harkaitz Canorena, bere ibilbidean idatzitako ipuinen arteko hautaketa ederra; horietako bakoitzak loaldi batera edo bestera eraman nau azken asteotan, azkenean edozein istoriotan beti topatzen baituzu zer edo zer zeurea: hiri bat, abesti bat, sentipen bat, pertsona bat... Bada, nire ipuinzaletasun hau dela eta, eta nire feminista-ospeagatik edo, duela zenbait urtetatik ipuin-lehiaketa bateko epaimahaian parte hartzen dut. Hemengo enpresa handi batek antolatzen du, bertako langile eta horien seme-alabentzat, eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna du ardatz. Alegia, urtero, horrekin loturiko lelo bat-edo izaten dute hizpide, eta horren bueltako ipuinak idazten dituzte. Aurten, Emakunderen “Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna” izan dute abiapuntu, eta gehiago edo gutxiago lotu zaizkie idazkiak –finean, irudimena oso gutxitan mugatzen da norberak nahi duenera, bejondeiola!–, baina niri neuri, une interesgarriak eskaintzeaz gain, ederki berotu didate barrua, jabetu ahal izan naiz-eta berdintasunari dagokionez jendartean egiten ari den guztiak, egiten ari garenak, baduela eraginik jendearen pentsamoldean, barruko norabide-hautaketan. Hala, hasiak gara argi izaten ez ezik, transmititzen eta gazteagoengan finkatzen ere maitasunak ez digula minik egin behar; lan bera eginda soldata bera jaso behar dugula; lanbideek, kirolek edota zaletasunek ez dutela generorik; sortzetiko sexuak ez gaituela zertan besteek ezarritakora mugatu; zapalduek beren eskubideak egikaritu ahal izateko pribilegiatuek beren pribilegioei uko egiten hasi beharra dutela; kale-borroka ez dela delitua, herritarron armarik legitimoena baizik; kontakizunek ez dutela mundua aldaraziko, akaso, baina gure artean ezinbestekoak direla bizitzaz bizitza, belaunaldiz belaunaldi, gauza inportante asko eraldatzeko; eta, batik bat, aldarrikapenok ez direla fantasiazko edo gezurrezko ipuinak, irakurri eta ahazteko, gehienon xede irmoak baizik. Datorrena datorrela.