2019 URT. 30 IKUSMIRA Agur... pribilegioa izan da Mikel Zubimendi Kazetaria Hau da azkena, "Ikusmira" formatu honetan gure egunkarian irakurriko duzun azken zutabea. Niri egokitu zait idaztea eta aprobetxatu nahi dut pieza hau idazteak erakutsi dizkidanak, irakurle estimatu, zurekin konpartitzeko. Pentsatzeko argitasuna, mezua argi eta sinple pasatzeko trebetasuna eta estiloaren erakargarritasuna eskatzen du eta ez da beti lortzen. Aurrena gaia aukeratu, komentarioari edo satirari ateak ireki diezaiokeen gaia. Politikari baten esanak, okurrentzia, absurdo edo kirol kalapita batek inspiratu dezakeen gaia. Erreakzioa bilatu behar du zutabeak, izan adostasuna, desadostasuna, ilustratzea edo denbora-pasa. Identitate argia izan behar du: irakurleak sentitu behar du idazten duena, bere aurreiritzi, gogo, obsesioak ezagutzen dituela. Eta gomendioa libre, pantailaren aurrean, nondik hasi ez dakizula, «gaur zutabea idatzi behar dut» pentsatzeak burua mailukatzean –pasa, sarritan pasatzen dena–, komeni da «zutabea idazteko gai naiz gaur» batera pasatzea. Kazetarion luxua, espazio segurua da zutabea, zu zara subiranoa, zuk gobernatzen duzu, edukien gaineko ia kontrol erabatekoa duzu. Sarritan min ematen duen pribilegioa da. Batzuetan idazten duenari, irakurtzen duenari besteetan. Beti-beti errespetatu behar da irakurlea, batzuetan erotzen bazaitu ere. Zutabearen existentziaren arrazoia da. Mina, eragin badut eta eragin dudanean, intentziorik gabe izan da. Desadostasuna, polemika, baina, prozesu honen ezinbesteko parte dira, eta ez da barkamenak eskatzeko motiborik. Hortaz, ondo esanak ondo gorde, ze gaizki esandakoek ez dute gordelekurik izango. Eskerrik asko.