GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Teknoferentzia


Maiz ikusten ditut nerabe taldeak eskuetan mugikor bana dutela. Taldean, baina bananduta. Bikoteak ere ikusi izan ditut herriko malekoiaren ertzean eserita. Ahaztu dute antza, itsasoari begira mugagabe egon ahalko liratekeela. Horregatik eseri baitira hor: itsasoak olatuak apurtu eta begiradak lapurtu ohi dituen lekuan. Sekulako indarra du itsasoak. Itsasoan ez daude bi une berdin. Beti dator zerbait berria. Ezberdina. Mugikorrean ere berdin. Jakinarazpenak, bata bestearen atzetik. Ez dakit aplikazio horien softwarearen diseinatzaileak zein neurritan jabetzen diren euren lanak harremanetan duen eraginaz. Jakin nahi nuke zenbat handitu den etxeko sofan esertzen diren bikoteen distantzia fisikoa. Eta konexio emozionala. Eta jakin nahi nuke zein mailatan den mugikorra distantzia horien guztien jatorria.

Asko aldatu dira tren bidaiak. Nekez sortzen dira elkarrizketak ezezagunen artean. Begirada batean dozena bat mugikor ikus daitezke. Ez gaude bakarrik. Baina ez gaude ondoan daudenekin. Trenak gero eta leku isilagoak bilakatzen ari dira. Lasai irakurtzea errazten du. Baina egoera izatez bortitzagoa da.

Asko aldatu dira guraso edo zaintzaileen paseoak ere. Askotan ikusten ditut umea karroan daramaten helduak, oinez, mugikorrarekin. Edota parkeko eserlekuan. Ume izan nahi nuke berriz, baina orain, etxeko helduek, gurasoek, mugikorrari zenbat begiratuko ote lioketen jakiteko. Egungo umeek zer sentitzen duten ulertzeko. Etxean jolasten ari garenean, mugikorraren interferentzia bakoitzak zer sortzen dien ikusteko. Enpatizatzeko. Presente gaudela sentitzen ote duten jakiteko. Edo joan-etorrian ikusten ote gaituzten. Mugikorrean eta beraiekin. Presente egotea denean harreman osasuntsuak eta estuak eraikitzeko modu bakarra. Baina presente dagoena mugikorra da. Bistan dagoen mugikorra presente baitago gugan.

Mugikorrek eta, oro har, teknologiek gure aurrez aurreko komunikazioan interferentziak etengabe sortzen dituztenean egoerak «teknoferentzia» izena hartzen du. Egia da: mugikorrik gabe bizitzea oso zaila litzateke egun. Baina aitor dezagun behingoz: mugikorrekin bizitzen jakitea ere oso konplikatua da.