2019 OTS. 08 JO PUNTUA Itzalpeko errealitatea Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Urtero bezala, etxeko langileen elkarteak (ATH-ELE) sektoreko lan baldintzei buruzko inkesten datuak ezagutarazi ditu. 2018an elkartearen aholkularitza zerbitzua erabili zuten etxeko langileei esker lortu dituzte datuak. Ondorioak aintzat hartzekoak dira, ez soilik 500 langilek baino gehiagok emandakoak direlako, baita eguneratuak eta fidagarriak diren bakarrak direlako ere. Izan ere, hein handi batean itzalpeko errealitatea da hau. Egia da etxeko langileen kontratazioa gure artean nahiko zabalduta dagoela, ez da inondik inora klase aberatsenek soilik erabilitako zerbitzua. Hala ere, ekonomia sektore honen egoeraren inguruan dagoen informazioa oso urria da. Eusko Legebiltzarrak eskaria egin arren, aurten ere Eusko Jaurlaritzaren ikerketaren zain gaude. Ez gara harrituko ia etxeko langile denak emakumeak direla jakiterakoan, edo jatorri atzerritarra dutenek pisu handiagoa dutela ezagutzean, bereziki barne-lanean dihardutenen artean. Baina, agian, ez dugu hausnartu egun batetik bestera lanik gabe geratzea oso ohikoa dela sektore honetan, eta egoera horretan langabezia prestazioa izateko eskubiderik ez dutela, bakarrik hilabete bateko kalte-ordaina lan egin duten denbora tartea kontuan hartu gabe. Gainera, legeak ezartzen dituen betekizunak, esaterako, gehienezko ordu kopuruak eta atsedenaldiak ez errespetatzea ohikoena da. Etxeko langileen egitekoa, etxeko zereginaz gain, zaintza lanak izaten dira, haurrena eta bereziki menpekotasuna duten adinekoena. Baina, zer gertatuko litzateke etxeko langile denek lan baldintza duinak izango balituzte eta beharrezko kontrolak ezarriko balira? Dudarik gabe, are ageriagoa izango litzatekeela gure gizartean zaintza beharrak konpondu gabeko arazoa direla. Gizarte zerbitzuen funtzionamendu egokia ezartzea ezinbesteko neurria da, baina ezin da bakarra izan. Sistema osoa berraztertu eta berrantolatzeko beharra dago, adibidez, lana eta zaintzak uztartzeko aukerak ezarriz. Bien bitartean, etxeko langileen egoera kaxkarrak baimenduz gabeziak ezkutatzen goaz. Gizarte zerbitzuen funtzionamendu egokia ezartzea ezinbesteko neurria da, baina ezin da bakarra izan. Sistema osoa berraztertu eta berrantolatzeko beharra dago