GARA Euskal Herriko egunkaria

Zientzia bada nesken kontua

Emakume eta Neska Zientzialariaren Eguna izan zen atzokoa, arlo honetan ere berdintasuna lortzeko xedearekin. Aurreiritziek zientziatik aldentzen dituzte emakumeak oraindik, baina zientzia badela euren kontua argi gelditu zen hamaika ekintzarekin.


Lau ikerketa zentrok elkar hartu dute Donostian Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Donostia International Physics Center-ek (DIPC), Materialen Fisika Zentroak (CFM), CIC Nanogunek eta CIC Biomagunek programazio bateratua antolatu dute, 50 boluntario baino gehiagoren laguntzarekin. Honako mezua zabaldu nahi dute: «Zientzia bada nesken kontua».

Jarduerak atzo hasi ziren. Adibidez, “Eskuz esku” hitzaldi laburren bidez, emakume eta gizon zientzialarien arteko elkarlanari esker egiten den ikerketa plazaratu zuten. Ostiralera arte izanen dira ekintzak, tartean “Amona’s Power” jarduera, emakume helduaren figura kultura zientifikoaren zabaltzaile bezala nabarmentzera bideratua (ostegunean, CFMn) eta neska nerabeentzat berariaz prestatutako “Zientzia bada nesken kontua” tailerra. Egun batez zientzialari izan eta askotariko esperimentu nanozientifikoak egiteko aukera emanen die honek (CIC Nanogunen da hitzordua, ostiralean).

“Zientzia irekia” hitzaldia ere izanen da, zientzia komunitateari zuzendua. 2020an Europar Batasunak argitalpen zientifikoak denen eskura jarri nahi ditu, ordainpeko aldizkarien eta argitaletxe zientifiko handien dinamika aldatzeko. Araudi horrek zalantzak sortu ditu komunitatean eta horren inguruan mintzatuko da Eva Mendez EBko Politika Zientifiko Irekiaren Europako Plataformako presidentea (asteazkenean, 12.00etan, Carlos Santamaria zentroan).

Gaur egun, mundu osoko ikertzaileen %30 baino gutxiago dira emakumezkoak, Unescoren azken datuen arabera. Eta ikasle neska guztien herenak soilik aukeratzen ditu teknologia, ingeniaritza eta matematika ikasketak. Bereziki txikia da informazio eta komunikazio teknologietan matrikulatzen den neska kopurua (%3). Natur zientzia, matematika eta estatistiketan %5 dira eta ingeniaritza, manufaktura eta eraikuntzan, %8.

Zientzien arloan lan egiten duten emakumeak %12 soilik dira, Geena Davis institutuak 2015ean egindako “Mugarik gabeko genero aurreiritziak” izeneko azterketak azaltzen duenaren arabera.

Hau guztia ez da estatistika soila, baizik eta denbora luzean arrastaka daramatzagun genero-aurreiritzi eta estereotipoen ondorioa. Estereotipo horiek neska eta emakumeak zientziatik urruntzen dituztela nabarmendu zuen Unicefek atzo, Neska eta Emakume Zientzialariaren Nazioarteko Egunean. Alor honetan emakume gehiagok parte har dezaten inbertitzeko eskatu zuen, era horretan berdintasunera (garapen jasangarriaren helburuetako batera, alegia) iritsi ahal izateko.

Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak ohartarazi zuen mundu osoan daudela emakume gutxi teknologia, ingeniaritza eta matematikan. Desoreka urteetan luzatzen ari da, gainera, nahiz eta goi mailako ikasketetan izugarri handitu emakume kopurua.

Unicefek agertu zuenez, azken hamabost urteetan nazioarteko komunitateak ahalegin handia egin badu ere emakume eta neskek zientzian parte har dezaten, diziplina honetan buru-belarri sartzeko «harresiak» topatzen dituzte oraindik.

Erreferente falta izan daiteke traba horietako bat eta horri buelta emateko ahalegina egin zuen, hain zuzen, Elhuyarrek atzoko egunaren harira prestatutako ekintzetan. “Teknopolis” telebista saioan Itziar Aretxaga astrofisikaria eta Lorea Argarate telekomunikazio ingeniaria ezagutarazi zituzten; “Norteko Ferrokarrilla” irratsaioan, aldiz, Maia Garcia fisikaria izan zen protagonista. Bilboko Bizilabe guneko gaztetxoek ekintza berezi bat egin zuten atzo, bost emakume zientzialari historiko oinarri hartuz, haien lanarekin lotutako esperimentuak eginez.