GARA Euskal Herriko egunkaria

Aniztasunaz aberasten diren esperientzia eredugarriak

Gaurko sareen logikaz gaindi, ikastetxe ugaritan ikusten ditu Nora Salbotxek erantzun eredugarriak segregazioen aitzinean. Koldo Tellituk udalen paperaren garrantzia azpimarratu du, eta Gonzalo Larruzeak, sistemaren dualtasuna gainditzen joateko premia.


Eskola txikiek ADNan daramate aniztasuna eta horrek egoera hobean kokatu ditu honi erantzuteko. Familia eredu ezberdinak direla, kanpotik etorriak, edo gaitasun ezberdinak dituztenak. Gaurko sareen logikaz gaindi egiten ditu Nora Salbotxek bere analisiak eta, dioenez, bada zer ikasi bera maistra den Amaiurko eskolatik, herria kohesionatu eta batzen baitu, Abaltzisketakoak eta Zizurkilgoak bezala. Eredugarri da berarentzat Iruñeko Txantreako Garcia Galdeano eskola ere, non etorkinen seme-alaben matrikula portzentajea handia den, eta Lodosako ikastola, murgiltze eredua martxan duena testuinguru erdaldun batean, eta, gainera, euskara legeak diskriminatzen duen zona batean. Arberoa ikastolatik ere ikas daiteke, Komunikazio Ez Bortitza ardatzean jarrita komunitatea inplikatzea lortu duelako. Eta Caparroson eta Sesman D eredu abiatu berrietan egiten ari diren esperientzietatik. Eta eskola libre alternatibo edo aktibo horietatik.

Salbotxek aldarrikatu duenez, komunitate bezala ahaldundu behar da, eta ulertu parekoa ez dela konpetentzia edo etsaia, baizik eta herri gisa beste parametro batzuetan erantzuteko ezinbesteko eragile bat. Plaza Hutsaren ariketa, “Hik Hasi”-ren hezkuntza proposamena eta Herri Hezitzaileak aipatu ditu lan eredugarri gisa. Badira esperientziak Diman, Oñatin, Azpeitian, Arrasaten, Baigorrin, Baztanen, Oiartzunen, Pasaian… Hor gainditzen ari dira sarri publiko-pribatu sareen logikaren arabera izaten ari diren banaketa edo lubakiak. Bestalde, datorkigun inboluzio demokratikoa jopuntuan jotzen ari dela ohartarazi du: hezkuntzan, «badakitelako zein potentzial duen herria aldatzeko». Mokoka ibili ordez herri erantzun bat eman behar zaiola uste du sindikalistak eta hortik dator LABen Iruten egitasmoa.

Udalen plan integralak

Segregazioak ekidin eta aniztasunez aberasteko, udalen paperean jarri du fokua Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Bereziki udal txiki eta ertainetan lan izugarria egiten ahal da, adibidez, etortzen diren atzerritar jatorriko ikasleek, ikastetxe batean edo bestean egon, espazio komunak edukitzeko, eskolaz kanpokoak. «Horretarako garrantzitsua da udalek harrera plan integralak izatea. Bermeon, adibidez, oso planteamendu interesgarria dute. Euskarazko errefortzuak ematen dituzte, batzen dira, familiekin egoten dira herria nolakoa den azaltzeko, zein ikastetxe dauden… Ikasleak era orekatuan banatzea garrantzitsua da hezkuntza prozesuarentzat, eta herriarentzat ere bai».

Gonzalo Larruzea Bizkaiko hezkuntza ikuskariak erantsi duenez, Kataluniako hainbat udaletan matrikulazio mahaiak sortu dituzte eta horietan esertzen dira administrazioko ordezkariak, ikuskariak, ikastetxe publikoen ordezkariak, itunpekoenak, eta denen artean egiten dute lan. «Bulego horietara ailegatzen dira etorkinak zein bertakoak eta han bilatzen dituzte, elkarrizketan, errespetu osoz, ikastetxe guztietan heterogeneotasuna lantzeko moduak».

Euskal Herrian ere ikastetxeak anitzak izateko moduak bilatu behar ditugu Larruzearen iritziz. Eta, zailtasunez jakitun baina itxaropentsu, bide hori sisteman dugun publiko-itunpeko dualtasuna pixkanaka-pixkanaka gaindituz egitea defendatu du. «Unea ailegatu da: ea gai garen eragileon artean pauso batzuk emateko. Aukera guztiak errespetatuz, sistema bat lortu behar dugu non publikotasuna den benetako ardatza», aldarrikatu du ikuskariak.