2019 OTS. 25 HEZKUNTZA EREDUEN EZTABAIDA ERAIKITZAILEA Banaketatik batasunera igaro nahian . Azken eguneraketa: 2019 OTS. 25 - 07:09h Maider IANTZI Nora SALBOTX Amaiurko eskolako irakaslea, LABeko langilea eta irakasleen formatzailea Nafarroako Unibertsitate Publikoan «Aukerak badira diagnostikoan puntu asko partekatzen ditugun heinean» A.- Badago nahi bat herri honetan eremu ezberdinetan kokatzen diren eragile edo pertsonen artean gero eta indar handiagoa hartzen ari dena: batasunarena, elkarrekin indarra egin beharrarena, azken urteetako egoera banaketarena izan delako, elkarri trasteak burura botatzearena. Posizio ezberdinetatik elkar ulertzeko nahi bat behintzat badago. Premia horren kontzientzia hasten ari da berriz. B.- Badira aukerak diagnostikoan puntu asko partekatzen ditugun heinean. Gaur egun dugun hezkuntza sistema honen agorpenarena da bat. Gure jendartearen erronka eta eskakizun berriei erantzuteko nahikoa ez den eredu bat daukagu, are gutxiago gure herriaren beharrei: hizkuntzarenak, segregazioenak, askatzearenak (plano indibidualean nahiz kolektiboan), ebaluazioarekin zerikusia dutenak. Termino merkantilista eta neoliberaletara eramandako hezkuntza legeen arabera ari gara lanean. Horren agorpenaren diagnostikoa egiten da. Hortik aurrera elkar ulertu eta elkarrekin erantzuten saiatu beharko dugu. C.- Badira ideia ezberdinak. Adibidez, LABek proposamen bat egin du batez ere Gasteizko egoerari aurre egin nahian. Honen arabera, neurtzeko tresna berriak adostu beharko dira. Egoeraren erradiografia zinezko eta zintzo bat dugunean, adierazle multzo berri bat planteatuko da: zenbat bekadun dauden, zenbat ikasle sartu diren berandu hezkuntza sisteman, zenbatek dituzten hezkuntza premia desberdinak, egoera soziolinguistikoa eta sozioekonomikoa zein den. Ratio progresiboak behar dira, adierazleek esaten digutenaren arabera. Ibilbideek askoz ere malguagoak behar dute izan, ikastetxearen egoera kontuan hartuta, gelarena, ikaslearen ama hizkuntza, egoera sozioekonomiko eta kulturala… Laguntzak ez dira egoki eman. Laguntza ratio progresiboak behar dira, egokituagoak. Koldo TELLITU Ikastolen Elkarteko lehendakaria «Bi gako daude: etorkinen harrera eta euskararen normalizazioa» A.- Badago adostasun bat: gaur dugun hezkuntza sistema agortua dago. Adibidez, beharrezkoa da murgiltze eredua indarrean ipintzea. Gure ikasleen euskalduntze prozesua atzera doa eta horri buelta emateko aldaketa sakon bat behar da. Bestalde, denok argi daukagula uste dut gure ikastetxeen autonomia handitu behar dela. Guk pentsatzen dugu ikastetxe bakoitzak hautatu behar dituela bere langileak. Eredu publikoan, eztabaidarako gune zabala dago: ikastetxeak publikoak izateko titulartasunak publikoa izan behar du? Nire ustez, halako eztabaidetan hurbilpen handiago bat lortzen da. Egiten diren adierazpenetan ematen du oso urrun gaudela, baina bidea hori izan daiteke: eztabaida publikoak eta ez-publikoak. Gaur egun daukagun hezkuntza sistema maldan behera doa eta beharrezkoa da akordio bat eta lege bat. B.- Momentuan konplikatua ikusten dut. Gu horretarako borondate izugarria adierazten ari gara. Elkarlana behar da, eztabaida, jakinda bakoitzak zein marra gorri dituen eta kontuan hartuta gauza guztiak ezin direla zuri edo beltz izan eta agian erdibideak topatu behar direla. Gaur egun daukagun jaiotza tasaren beherakadak ez du batere laguntzen. Zorionez ikastoletan ez, baina Kristau Eskoletan bizpahiru ikastetxe itxi dira. Jarrera itxiei buelta eman behar diegu, bestela daukagun arriskua da gaurko egitura juridikoarekin jarraitzekoa. C.- Eskolatze batzordearen irizpidea aldatzea lortu dugu. Geratzen zaigun erronka da batzordearen osaketa ere aldatzea eta hezkuntza eragile guztiok hor egotea. Gutxinaka-gutxinaka gure ikastoletara gero eta atzerritar jatorriko ikasle gehiago bideratzen ari dira. Hortaz, oso pozik gaude. Hori da bidea. Orain, gure erronka izango da ikasleria honi erantzun egokia ematea eta gure ikastoletan geratzea. Horretarako bi elementu gako ditugu: harrera eta hizkuntza planak eta beka sistema propio bat. Bi gako daude orain gure sisteman arrisku larrian: bata hau da eta bestea euskararen normalizazioa. Etorriko den atzerritar jatorriko ikasle kopurua oso handia izango da. Normalean ez dakite euskaraz. Beraz, erronka izugarria dugu. Huhezi-rekin lanean hasi gara proiektu berri batean. Gonzalo LARRUZEA Hezkuntza ikuskaria. Didaktika eta Eskola Antolakuntzan doktorea «Jaioterriarekin baino bizi maila baxuarekin du zerikusia segregazioak» A.- Posible da modu zibilizatu eta atseginean gure ideiak plazaratzea eta puntu komunak topatzea. Beharrezkoa da beste fase batera pasatzea. Horretarako, akordio bat beharko genuke, ez dakit lege bat. Egia da eragileen artean mesfidantza dagoela, baina konfiantza handiagoa daukat eurengan, alderdi politikoen adostasunean baino. B.- Bai, baina ez da baliabiderik jartzen. Elkarrizketaren lidergoa alderdi politikoek edo gobernuak hartu beharko lukete. Baina ez dut mugimendurik ikusten. Nork har dezake ardura hori mesfidantzak sortu barik? Konplikatua da. C.- Segregazioak jaioterriarekin baino maila sozioekonomiko baxuarekin du zerikusia. Kontuz ibili behar dugu horrekin, estigma jarri ahal dugulako etorkinen gainean eta jaioterria eta zailtasuna lotu. Honekin lotutako Herri Ekimen Legegile baten bultzatzaileetako bat izan naiz. Bertan planteatzen genuen adierazle sozioekonomikoa sortzea ikastetxeetan aniztasunari zein arreta ematen zaion ikusteko. A.- Urtarrilean, Ibilaldiko ekintzen barruan, Lekeition izan zen «Hezkuntza pauso bat harantzago» topaketan bildu zineten hainbat eragile. Zer ideia interesgarri atera zenituzten? B.- Aukerarik ikusten duzue elkarrekin lan egin eta ados jartzeko? C.- Nola egiten ahal zaie aurre segregazioei?