GARA Euskal Herriko egunkaria
PATAGONIA

Cerro Torreko hego-ekialdeko ertz enblematikoa berriro protagonista

«Compresor» izenez ezaguna izan den bide horrek beste bi igoera izan ditu. Pierre Labbre, Max Bonniot eta Leo Billon frantziarrek, oso eguraldi makurrarekin, marraren zazpigarren igoera sinatu dute. Ondoren, Ondrej Huserka eta Jozef Kristoffy eslovakiarrena iritsi da.


Patagoniako ohiko denboraldiko jarduera azpimarragarrienetara itzuliko gara Cerro Torreko “Compresor” zenarekin edo hego-ekialdeko ertzarekin (“filo sureste” deitzen diote). Izan ere, marra enblematiko hori, momentuz, bitan igo da. Aurreratu behar dugu hiru urte zeramatzala errepikapenik gabe. Baina joan den urtarrilaren erdialdean Pierre Labbre, Max Bonniot eta Leo Billon frantziarrek “lehorte” horri amaiera eman zioten. Duela pare bat aste, berriz, Ondrej Huserka eta Jozef Kristoffy eslovakiarrek beste igoera bat sinatu zuten.

Esan dugu “Compresor” bideak izen hori edukitzeari utzi diola. Eta horretarako azalpen batzuk emango ditugu. Irakurleak gogoan izango du 1970. urtean Cesari Maestrik marra hori sortu zuela. Egundoko polemika izan zuen, hego-ekialdeko ertz hori igo ahal izateko pareta zulatu eta 400 buril jarri zituelako. Alabaina, gailurra ez zuen erdietsi; 60 metrora geratu zen.

Laguntza artifizial horri esker, “Compresor”-ek makina bat igoera jaso zituen; tartean, maila handia ez zuten eskalatzaileenak. Baina 2012. urtean, Maestriren buril horiek ukitu gabe, Hayden Kennedy eta Jason Kruk estatubatuarrek ertz hori lehen aldiz eskalatzea lortu zuten. Gainera, aipaturiko buril ia gehienak kendu zituzten. Hori gertatu eta astebetera, Davi Lama austriarrak, aldaera bat baliatuz, bide horri puntu gorria jarri zion; hots, era askean eskalatu zuen. Ondoren, esan dugun bezala, “Compresor” bidea “desagertu” egin zen, eta Chaltenen beste izen bat jarri zioten: “Filo Sureste”. Beste era batera esanda, hego-ekialdeko ertza.

Jakina, Maestriren buril horiek guztiak kendu ondoren, bide “berriak”, teknikoki esanda, askoz ere zailtasun handiagoa hartu zuen. Eta aldez aurretik izan zituen igoera ugariak asko murriztu ziren. Esan dugun bezala, azken hiru urteotan marra hori ez du inork igo. Billon, Bonniot eta Labbrek, berriz, “madarikazio” hori apurtzeko aukera izan dute.

Gainera, hirukote frantziar horren jarduerak badu nolabaiteko plus bat. Batetik, Chaltenera iritsi eta astebetera lortu zuelako helburu hori. Eta hori Patagonian ez da batere ohikoa izaten. Eta bestetik, eguraldi oso-oso makurrarekin eskalatu zutelako.

Chaltenera heldu bezain laster, hiru eguneko leiho on bat ikusi eta aipaturiko bidea probatzera abiatu ziren. Lehen egunean, Paciencia izeneko lepora iritsi ziren. Han bertan zegoen artesi batean lo egin zuten. Biharamunean, nahiz eta haizete gogorrak egon, aukera izan zuten headwall-aren oinarrira iristeko. Izotzezko Dorreak izeneko eremuan plataforma bat antolatu eta gaua igaro zuten. Gau horretan haizeteak ez ziren baretu, eta, egoera ikusita, jaisteko aukera buruan zuten. Baina eguna haizerik gabe esnatu zen eta aurrera jarraitu zuten.

Protagonistek esan dutenez, “Lama-Ortner” izeneko aldaeran sartu ziren. Ez zen eskalada erraza izan; izan ere, luze asko eta asko teknikoki oso zailak ziren eta artesiek izotza zein elurra zituzten. Goizeko 10.30ean zapaldu zuten gailurra. Ordurako haizeteak indartu ziren: tontorrean 80 kilometro ordukoak.

Denborarik galdu gabe, rappelatzen hasi eta egun berean Chaltenera heldu ziren. Era horretara, Cerro Torreko “Filo Sureste” izeneko bidearen zazpigarren igoera sinatu zuten. Gainera, soilik hiru eguneko joan-etorrian. Frantziarren eskalada hori Cerro Torreren lehen igoera izan zen; jakina, aurtengo denboraldikoa.

Eslovakiarrak

Horiek guztiak dira aipatu dugun jarduera horren lerroburu nagusiak. Protagonistetako batek, Labbrek, azpimarratu nahi izan du bidearen zazpigarren igoera horretan haizete bortitzek eskalada osoa markatu zutela: «Adibidez, Paciencia izeneko lepora heldu ginenean, bazirudien txintxirrin baten barruan sartuta geundela. Oxigenoko partikula azkarrek arnasa hartzeko arazoak sortzen zituzten. Berriro ere, Patagoniak bere aurpegi mingotsena erakutsi zigun. Zorionez, artesi bat aurkitu eta ezusteko leku baketsua bihurtu zen».

Chaltenera iritsi zirenean ia bi egun pasa ziren, eta Labbrek dioen modura, egoera kaotiko baten barruan ziren. Artesi-kobazulo horretan zirela, frantziarren pentsamendua ez zegoen batere lasai; izan ere, biharamunerako 80 kilometro orduko haizeteak iragarri baitzizkieten: «Haizete bortitzek den-dena dantzan jarri zuten: elurra, izotza, granitoa, arnesetan generaman tresneria... Jarraitzeko itxaropena gero eta txikiagoa zen. Alabaina, sekzioak kateatzen jarraitzeko aukera izan genuen: “Banana”, Haston izeneko artesia, plakak... Era eraginkorrean bai, baina inolako dotoreziarik gabe. Une jakin batean, lainotik irten eta izotzezko dorreei zein elur perretxikoei ateak zabaldu genizkien».

Sekzio horiek gainditu ostean, oraindik zailtasun handiko beste murru bat aurrez aurre zuten: headwall-a: «Ezin genuen ihes egin; nolabait esateko, ateak itxi ziren. Buruhausteek indarra hartu zuten. Biharamunean, sekzio hori eskalatu behar genuen, baina gaua igarotzeko leku aproposa bilatzeko komeriak izan genituen. Perretxiko izoztu batean hainbat orduz plataforma bat atondu ondoren, pixka bat lasaitu ginen. Babesleku honi esker, haizeteen kontrako borroka baretu zen. Gailur eguna falta zitzaigun. Geure egoak indartu eta amaiera intentso bati ekin genion. Gailurrak haizete bortitzarekin agurtu gintuen. Muturreko jaitsiera bati ekiteko prest ginen. Gainera, lainoak agertu eta euriak bisita egin zigun».

Era horretara amaitu zen hiruko frantziarraren jarduna. Bidearen zazpigarren igoera zen, baina hilabetera zortzigarrena iritsi zen. Protagonistak Juserka eta Kristoffy eslovakiarrak izan ziren.

Frantziarrek bezala, Chaltenen urtarrilaren erdialdean ziren. Poincenoten saiatu ziren, baina atzera egin behar izan zuten. Ondoren, eguraldia okertu eta hamar egunez geldirik egon ziren. Leiho on bat iragarri zutenean, Cerro Torrera abiatu ziren. Eta aurreratu dugun bezala, Lamaren bidearen zortzigarrena sinatu zuten: «Egia bihurtu den ametsa izan da. Geure uste apalean egungo alpinismoaren munduan dagoen bide erakargarrienetako bat da. Paciencia izeneko lepotik irten ginen, eta luze gogorrenari (7c) eguerdian ekin genion. Era askean igotzen ari ginela, helduleku bat puskatu eta bi iltze atera genituen. Egoera ikusita, Haston izeneko artesia eskalatzea erabaki eta bibaka izotzezko dorreen oinarrian antolatu genuen. Biharamunean bero handia egin zigun. Goitik izotz puska handiak erortzen ziren, eta headwallaren zati asko bustita zeuden. Alabaina, Lamaren aldaera gainditu eta arratsaldeko lauretan tontorra jo genuen».

Eskalada horren ostean, eslovakiarrek beste eskalada bat egiteko aukera izan zuten. Iragarritako leiho on bat aprobetxatu eta El Mochon dagoen “Bizcochuelo” bidea (6b, A1, 400 m) eskalatu zuten. Hori bai, aldaera guztiak baztertuz (jatorrizko marra eskatu zuten) eta era askean: 7a+.