2019 OTS. 27 JO PUNTUA Edukia argazkiaren truke Mikel Aramendi Kazetaria Kim Jong-Unen tren berdea Piongiangetik Hanoira, Txina osoa zeharkatuta, abiatzen zen unean, Etxe Zuriko Bulego Obalean zeuden bilduta Trump presidentea eta Liu He lehen ministroorde txinatarra, azken hilabete hauetako merkataritza-gatazkari akabera emateko azken txanpan (eta Lighthizer negoziatzaile estatubatuarrak nekez ahaztuko duen destaina jasotzen zuen nagusiarengandik, aurkarien eta telebista-kameren aurrean). Ziklo baten amaiera islatzen zuten bi argazki zirela esan genezake. Agintaldiaren erdia beteta, biziraupen politikoa eta berrautaketa beste ideia sendorik buruan ez duela, ematen du Trumpek ikasi duela bere bizitzako lezio mingotsenetako bat: Asia ez da jolaserako lekua. Etxerako itxuroso geratzea, hori da orain lor dezakeen gauza bakarra. Lehenik Hanoin Kimekin, eta gero Mar-a-Lagon Xirekin. Edukia argazkiaren truke. Obamaren garaitik doktrina estrategiko bihurtua zena, Txinaren «espantsionismoari» aurre egin beharra, Ipar Korearen aitzakia azkenetaraino luzatuz Japonia eta abarren aldekotasuna behartzeko, berak di-da batean lortu eta ondu zezakeela sinetsita iritsi zen Trump Etxe Zurira duela bi urte. Ez da horren erraza... egingarria bada. Kim ez da eskola ume bat; eta Txina belaunikaraztea, seguruenera, ezinezkoa da gaur egun edonorentzat. Hanoitik Trumpek ekar dezake paper zehatz samarren bat Ipar Korearen programa nuklearrari buruz; baina ordainetan utz dezake AEBek 66 urtez eman nahi izan ez dutena. Eta Koreako Gerraren amaierarekin batera, Xirekin sina dezake bere burutazio hutsez hasitako gerra komertziala. Eta litekeena da Trumpen bezeriak argazkiak erostea, edukiei kasu handirik egin gabe... Baina Asia handi eta zabalean ere begi asko daude adi-adi horri begira. Kontuak ateratzen. Pentagonoaren eta establishment estatubatuarraren beligerantzia eta Trumpen moldakortasunaren arteko kontraesanari neurria hartzen. Japonia, India, Indonesia, Vietnam bera... Mantso-mantso hasten dira aliantza-aldaketak Asian. Ematen du Trumpek ikasi duela bere bizitzako lezio mingotsenetako bat: Asia ez da jolaserako lekua