GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Bihar


Martxoan joan zinen, ondo baitzenekien zu eraman zintuen hilabetea izan arren ezingo nuela gorrotatu. Martxoan joan zinen, ondo zenekielako zure hutsunearen pisua arintzen lagunduko zidala agenda beteta izan ohi dudan hilabeteak. Urtaroak menderatzen zenituen, herri txiki bateko jakinduria soinean, eta amaren trebeziarik gabe gorbata ezin jantzi. Goizegi joan zinen, ordea, eta zu joateko hilabeterik onena asmatzeke dago. Baina amaren arrosa-landareak inausi gabe utzi behar ez zenituela bezala, bazenekien ez nituzkeela sekula ezabatuko martxoaren 3a eta 8a, zu eraman zintuen hilabete madarikatua bada ere martxoa egutegian geratzeko arrazoi nahikoa direlako bi egun horiek. Ez nuke ezer ezabatuko eta are gutxiago zurekin akordatzeko balio duten bi egun.

Zu eta biok leku berean elkartu ezin ziren bi izan ginen askotan, bi izateko bata bestearen beharra genuela jakinda ere. Ohartu ginenean bihurtu genituen oihuak hitz eta eztabaidak elkarrizketa. Zu gabe ez nintzateke naizena izango eta une batez naizena izateari utziko nioke martxoa madarikatu ahal izateko.

Baina 3a eta 8a behar dituen martxoak zeharkatuta nagoelako naiz naizena. Bihar da eguna; oihuetan denonak diren kaleak berreskuratzera irtendakoari lekua egiteko agian bazterrera jo beharko du besteak, leku berean topatuko diren bi izateko.