GARA Euskal Herriko egunkaria
Bodyboard

2019 Mike Stewart Pipeline Invitational: Pierre-Louis Costes garaile

Aurtengo APB zirkuituko lehen proba Pierre-Louis Costes frantsesak irabazi zuen. Lehen aldiz lau neska mutilen aurka lehiatu ahal izan ziren Pipelinen eta Ayaka Suzukik bigarren txandara pasatzea lortu zuen.


Itsasoko baldintzak gogorrak izan arren, arrakastaz burutu zen Mike Stewart Pipeline Invitational txapelketa. Munduko APB zirkuituko lehen lehiaketa 3 izarrekoa zen, eta soilik mutilen kategorian izan behar zen lehia, baina lehen aldiz lau neskak parte hartu ahal izan zuten mutilen aurka eta sekulako ikusmina sortu zen. Eredu mistoa indarrean jartzeko lehen urratsa izan zen eta agerian geratu zen martxan jartzea posible dela.

Pierre-Louis Costes

Haize ufada indartsuak eta itsaski mugitua zegoen Pipelinen joan den astean; beraz, baldintza zailetan egin zuten lau kidez osatutako finala. Hiru metroko olatuek ez zuten ihesbide askorik eskaintzen eta urautsia etengabe mugitzen zen lekuz; ondorioz, lehiakideek zailtasun handiak izan zituzten olatu onak aukeratzeko.

Finalera iritsi ziren lehiakideek bost txanda pasatu behar izan zituzten eta oso nekatuta iritsi ziren azken txandara. Hala ere, nekatuta egon arren, ikuskizun ederra eman zuten Sammy Morretino, Jeff Hubbard, Nakana Rivera eta Pierre-Louis Costes bodyboarderrek.

Ordu erdi iraun zuen finalean, Costes nabarmendu zen eta berak eraman zuen aurtengo APB zirkuituko lehen lehiaketako txapela. «Niretzat Pipelinekoa beti izango da munduko txapelketa prestigiotsuena, eta bertan lehiatzeko aukera dagoen bakoitzean ezin diot gogoari eutsi, zeren hemen atmosfera bat sortzen da, beste inon ez dagoena», nabarmendu zuen garaile frantsesak.

Costesek 15 urte daramatza Hawaiira joaten, baina haur bat izan zuenetik Pipelinen lehiatu den lehen aldia izan zen joan den astekoa; hortaz, lehiaketa berezia izan zen bodyboarder frantsesarentzat. Honela mintzatu zen Pipelineko txapelduna komunikabideen aurrean: «Mundu mailako lehiaketetan parte hartzen duen lehiakide batentzat Pipelinen irabaztea sekulako garaipena da, baina hau gehiago izan da, bigarren aldiz irabazi dut Pipelinen eta nire familiaren aurrean gainera, hori gaindiezina da».

Baldintza gogorrak izan zirela ere onartu zuen Costesek: «Ezin dugu kontrolatu ama natura, eskaintzen diguna hartu behar dugu, eta gaur niretzako baldintza egokiak ziren, zeren lehiakide gehienentzat olatu gogorrak ziren, baina ni ongi moldatzen naiz halako egoeretan, nahiz eta onartu behar dudan, momentu onak izan arren, agian gaurkoa inoiz izan dudan egunik gogorrenetako bat izan dela».

Ayaka Suzuki historia egiten

Lehen aldiz, iazko nesken rankingeko lehen lau postuetan zeuden lehiakideek mutilen kategorian lehiatzeko aukera izan zuten. Horrela, Traci Effinger, Karla Costa, Sari Ohara eta Ayaka Suzuki mutilen kontra aritu ziren Pipelinen.

Kontuan hartu behar da Pipelineko urautsia munduko arriskutsuenetako bat dela. Jada, berrikuntza esanguratsua zen mutilak eta neskak elkarrekin itsasoratzea, baina Suzuki harago joan zen; izan ere, bere hiru lehiakideak gainditu eta bigarren txandara pasatzea lortu zuen. McCaulley, Patric Orr eta Diego Cabrera bodyboarderrak kaleratu zituen neskato japoniarrak, eta bigarren txanda pasatzeko zorian ere egon zen, gainera, Suzuki.

Hirugarren txandara igarotzea lortu ez bazuen ere, pozarren hitz egin zuen Suzukik: «Emakumeak ordezkatuz lehiatzea ohore handia da eta esperientzia ederra izan da gizonen aurka aritzea. Hirugarren arrezifean ari nintzen eta ongi pasa nuen. Beldurra izan dezakezu, noski, baina konfiantza izan behar duzu zuregan, eta indartsua zarela erakutsi».

Drop-knee (belauniko) modalitatean, ostera, Ayaka Suzukiren mutil lagun Mack Crilley hawaiiarra izan zen txapelduna. Biak bikain aritu ziren 2019 Mike Stewart Pipeline Invitational txapelketan eta elkarrekin ospatu zituzten lortutako emaitza ederrak.