2019 MAR. 11 TRAIL Euskal korrikalariek hiru podium lortu dituzteEspainiako Kopan Otsailaren 10ean, Fedme-k antolatutako zirkuituaren lehen hitzorduan Maite Etxezarretak, seniorretan,hirugarrena egin zuen. Juniorretan, berriz, Ane Iturriak irabazi zuen, eta Anartz Artola bigarrena izan zen. Andoni ARABAOLAZA Euskal Mendizale Federazioaren mendi lasterketen taldeak hasiera eman dio denboraldiari. Eta hasi hirugarren postu batekin hasi du; seniorretan Maite Etxezarretak lortu zuena. Eta brontze hori Fedme-k antolatutako Espainiako Koparen lehen lehian (lineakoan) sinatu zuen. Alabaina, ez zen euskal ordezkarien artean podium bat erdietsi zuen bakarra izan. Are gehiago esango genuke, beste bi euskal korrikalarik Etxezarretaren emaitza hobetu zuten. Biak ala biak junior mailan lehiatu ziren. Nesketan, Alpino Uzturreko Ane Iturriak garaipen handia erdietsi zuen. Eta mutiletan, CD Hernaniko Anartz Artola bigarrena izan zen. Ohi den bezala, arreta handiena erakartzen duen kategoria nagusiena edo seniorrena da. Espainiako Koparen lehen hitzorduak MABO lasterketa izan zuen “egoitza”. Euskal korrikalarientzat ezaguna da lasterketa hori; iaz, adibidez, Aritz Egeak eta Sandra Sevillanok irabazi zuten. Castelloko probaren ibilbidea gogorra izan zen oso. Korrikalariek 28 kilometro eta 1.820 metroko goranzko desnibela zuen proposamenean jardun zuten. Igoera eta jaitsiera asko zituen, eta lurzorua nahiko puskatua zen. Harri solte asko zuenez, parte-hartzaileentzat oso deserosoa izan zen. Hiru podium Ibilbidearen ezaugarri horiek, gainera, ezustekoa eman zioten Etxezarretari; izan ere, eroriko baten ondorioz, masailezurrean min hartu zuen. Azpeitiarra helmugara heldu eta geratu gabe zauriak artatzera joan zen. Aurreratu dugun bezala, hirugarrena izan zen 3:09 denborarekin; irabazlearengandik bost minutura iritsi zen. Nahiz eta podiumarekin ez zuen disfrutatu, Etxezarretak adierazi du gustura korrika egin zuela: «Iazko arantza kentzeko aukeratu izan dut, eta lasterketan zehar oso sentsazio onak izan ditut. Eroriko bat izan dut, baina, zortez, ez da ezer larria izan». Mutiletan, berriz, euskal korrikalariak lehen postuetatik urrun ibili ziren. EMFren taldean bost korrikalarik hartu zuten parte, eta postu onena Beñat Katarainek lortu zuen. Hamaseigarren postuan sailkatu zen 2:39 denborarekin. Zorionez, nahiz eta talde horretako ordezkariak ez izan, juniorretan goi mailako emaitzak izan ziren. Nesketan, adibidez, Iturriak irabazi zuen. Eta Artola irabazlearengandik bi minutura geratu zen. Denbora horri esker, bigarren postuan sailkatu zen. HIRU PODIUM Mendi lasterketen Espainiako Koparen lehen proban, seniorretan, Maite Etxezarreta hirugarrena izan zen. Juniorretan, berriz, Ane Iturriak irabazi zuen, eta Anartz Artola bigarrena izan zen.