2019 MAR. 11 NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA JOANES ETA XABAT ILLARREGI, ANAITASUNAN ARITUKO DIREN BI ANAIA NAFARROAKO FINALAK BADU ZORTZIKOTEA: ENEKO LAZKOZ, XABIER TERREROS, JOANES ILLARREGI, ENEKO FERNANDEZ, JULIO SOTO, XABAT ILLARREGI, JULEN ZELAIETA ETA XABIER MAIA. LEITZAKO JOANES ETA XABAT ILLARREGI ANAIAK ELKARREKIN ESTREINATUKO DIRA FINALEAN, 19 ETA 17 URTEREKIN. Amagoia MUJIKA Giro ederrean jokatu zen Lesakako Harriondoa kultur etxean Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa. 270 lagun inguru bildu ziren eta sarrerak agortu. Saioa berotik joan zen, bertsolari denek goratu zituzten ertzak, batzuek besteek baino gehiago asmatuz. Joanes Illarregik hasieratik erakutsi zuen lanerako joana zela Lesakara. Ofizio guztietan utzi zituen apartatzeko moduko aleak. Arratsaldeko lehendabiziko ariketan, zortziko nagusian, Eneko Fernandezekin aritu zen. Bikotea eta lankideak ziren biak. Eta enpresako nagusiak ez zien uzten oporrak elkarrekin hartzen. Joanes Illarregiren hirugarrena hemen: «Ni gabe bizi zaitezke eta arren egon zaitez lasai/ ez urduritu bien oporrak elkartu nahi horien zain/ hau ongi dago biek aparte hartu behar baitugu jai/ hola lanetik deskantsatzen dut eta zugandik ere bai». Zortziko txikian eta hamarreko txikian ere dotore aritu zen eta kartzelako lanean errematatu zuen lana. Puntuak erantzuten fin-fin –bi anaiek ederki osatu zuten puntu-erantzuna– eta gaia emanda, dotore. Hauxe izan zuten bertsolariek kartzelan bi bertso josteko gaia: Egutegiari begira zaude. Luze doa denbora. Horra, Joanes Illaregiren bigarrena: «Mesanotxean daukat saskia/ irakurtzeko badut astia/ kartzela hontako nere pasada ez da izandu eztia/ begia malkoz bustia/ barruan malaostia/ nahastuta tripa azpia/ egunen baten aterako naiz ta ikusi eguzkia/ eta orduan bizituko dut bizi ez dudan guztia». Bi anaiak, finalera Puntutan bigarrena Eneko Fernandez izan zen. Saioko beteranoa zen eta eskarmentua duela erakutsi zuen. Hamarreko txikian marraztu zuen bere ertzetako bat, Saioa Alkaizarekin batera. Greban egon arren, Enekok gosea zuen eta irekita zegoen taberna batean pintxoa jateko proposatu zion lagunari. «... gosea izatea ez baita hain grabe/ baina paradisua bihurtu zait urkabe/ ni re Saioa nago gaur grebaren alde/ zerbitzu minimoak zertarako daude», bere aleetako bat. Hirugarrena, Xabat Illarregi. 17 urteko leitzarrak argi erakutsi zuen barruan bertsolari bat duela, aske samar aritzeko gaitasuna daukala. Bitxia da, kartzelakoan aita izango den 30 urteko pertsona baten ahotik aritu baitzen, eta berak 17 dauzka. Finalerako pasea lortu du eta ondo pozik ospatu zuen. Kontuz galtzeko ezer eta irabazteko dena duten finalistekin, Illarregi anaiak kasu. Laugarrena Saioa Alkaiza izan zen, 344,5 punturekin. Tamalez, ez zuen lortu finalerako txartela eta horixe galduko dugu, gaiei hain punta zorrotzak eta propioak ateratzeko duen gustua. Apartatzeko moduko arrazoiak utzi zituen ariketa guztietan. Kartzelakoan, abortatzera medikura doan emakumearen azaletik, «...begiak dira epaimahaitxo bat ta hitzak berriz latigo/ nik abortatu nahi nuke baina medikuak ze bertigo...» moduko joskerak osatu zituen. Bosgarrena, Josu Sanjurjo, kantaera seguruaz. Kartzelakoan hogei urte preso daramanaren ahotik, «...beti ixa bat markatu ohi dut argia itzali eta gero/ eta negarra ateratzen zait ia gauero-gauero». Eta seigarrena, Alazne Untxalo. Arrazoiak josten ondo aritu zen, mundu ikuskera propioa agertzen asmatu zuen. Esandakoa, hurrengo hitzordua, geltokietan azkena eta jendetsuena, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian martxoaren 23an.