2019 MAR. 16 HAUR LITERATURA Besteekin ikasitakoari esker Xabier ETXANIZ ERLE Aurreko urte amaieran Ibaizabal etxeak “Zuhaitz-etxeko istorioak” bilduma plazaratu zuen. Argitaratutako lau lanetatik hauxe duzue bat: A. Lacroixen eta R. Badelen artean eginiko Dragoi aita-semeak. Azaleko iruditik bertatik nabaritu daiteke dragoi aita-semeek izaera desberdina dutela. Aita serioa dugu, erdi haserre bizi den mota horretakoa; semea, aldiz, jolastia, umoretsua. Ideia hau, bien arteko ezberdintasuna, are nabarmenagoa egiten zaigu ipuin hasieran. «Bazen behin Strokkur izeneko dragoi txiki bat. Aitarekin bizi zen, haran malkartsu bateko zulo batean», diosku liburu hasieran idazleak. Irudiak, aldiz, aita haserrea eta kumea hegazti baten atzetik jolasean erakutsiko dizkigu. Haurraren zoriontasuna, baina, bat-batean eteten da aitak esatean benetako dragoi gisa portatu eta etxe bat erre beharko duela. «Tradizioak hala agintzen duelako!». Dragoi aitak lasai lo egiten duen bitartean, irakurleak, ikusleak, ikus dezake Strokkur txikia begiak itxi ezinik gauean… berak nekez botatzen du sua, barraskiloren bat erretzeko adina, baina etxeak… eta irakurlea haur txikiarekin, barka, dragoi txikiarekin identifikatuko da. Txikiei jarritako proba zailen aurrean bezala sentitzen da, ahulak indartsuen aurrean bere indarra erakutsi behar duenean bezala. Une horretatik aurrera Strokkur behin eta berriro saiatuko da gizakien etxeak erretzen. Lehenengo, zurezko hormak zituen etxe bakartu samar bat («Itzel, oso ona erretzeko!»), baina arnasa hartzen ari dela, hara non etxeko mutikoak eskutik hartu eta beste etxe bat erretzea proposatzen dion, “Eskola” izena duen etxe bat. Hango irakasleak, baina, haurrak dragoiaren miresle amorratuak direla eta marrazki batzuk erakutsi nahi dizkiotela esango dio. Hurrengoan erreka bazterreko txabolatxo bat erre nahi izango du Strokkur txikiak, baina hango arrantzaleak dragoiaren sua etxea baino amuarrainak erretzeko proposatzen du, eta horrela dragoi txikia etxera bueltatzen da jarritako proba bete gabe baina haurrek eginiko ilustrazioarekin eta sabela amuarrainez beteta. Baina hori baino gauza inportanteagoa lortu du txikiak eguneroko esperientziarekin; zuhurra izaten! Eta, horrela, aitaren haserrea baretzen du gezurtxo baten bidez («Eta bat-batean, aitaren aurpegia harrotasun-irribarre eder batek argitu zuen»). Umorea da album honetako elementurik inportanteena; istorioan zehar mantentzen den tonuan, ekintzetan, irudietan… nabarmentzekoa da; baina horrez gain, badira errespetua, elkarbizitza, jakituriaren indarra eta beste hainbat kontu istorioan zehar ageri direnak istorio goxo, entretenigarri eta dibertigarri honetan. Aitak Strokkurri agintzen dionean etxe bat erretzeko «tradizioak hala agintzen duelako», konpromiso eta zailtasun handi batean jartzen du txikia. Eta egia bada ere dragoi txikia saiatzen dela bere betebeharra egiten, egia da ere ez dakigula Strokkur zenbaterainoko sua egiteko gai den; izan ere, istorio osoan zehar amuarrainak erretzeko bakarrik egiten duelako. Baina horretan ez omen duena, buruan du, aitaren haserrea irribarre bilakatzeko kapaza baita. Dragoi aita-semeen kontu hau oso aproposa da irakurtzen hasten direnentzat testu gutxi eta nahiko sinplea duelako, baina are aproposagoa iruditzen zaigu haur txikiei informazio ugari eta jolaserako hainbat elementu erakusten dituzten ilustrazioen bidez kontatzeko. Eta horrela, ikusiko dugu bizitzak aurrera jarraitzen badu ere, haurra (dragoi txikia, kasu honetan) beti haur izango dela, eta hegaztien atzetik korrika amaituko duela… albumaren hasieran ageri den bezala. Hori bai, hasieran aita dragoi haserre eta beldurgarria genuen bitartean, amaieran lasai eta patxadatsua da. Eta hori dena, Strokkurrek ikasitakoari esker!