2019 MAR. 18 HIMALAIA Everesten iparra etaJannuren ekialdea denboraldi berrikoxede erakargarriak Cory Richards eta Esteban Menak Everesten jardungo dute, eta Marcin Tomaszewski, Sergey Nilov eta Dmitry Golevchenko Jannun saiatuko dira. Andoni ARABAOLAZA Montzoi aurreko Himalaiako denboraldia hasi berri da. Eta pixkaka-pixkaka bada ere, garaiera handia duten mendietan egingo diren saioen berri jasotzen ari gara. Oraingoz, azpimarratzeko bi xede ditugu. Bat, Everesten (8.848 m); bestea, berriz, Jannun edo Kumbhakarnan (7.710 m). Munduko mendi altuenean jardungo dutenak Cory Richards estatubatuarra eta Esteban Mena ekuadortarra ditugu. Esku artean helburu oso erakargarria dute: ipar horman igo gabe dagoen couloir edo korridore bat oxigeno artifiziala erabili gabe estilo alpinoan igotzea. Biek ere Everesteko gailurra behin baino gehiagotan zapaldu dute: Richardsek bitan eta Menak hirutan. Baina, esan bezala, plus bat eskaini nahi diote jardun berriari. Hitz gutxitan esanda, korridore hori ipar hormaren ezkerraldean dago; ipar-ekialdeko orientazioa duena. Oso agerikoa izateaz gain, kanpaleku nagusi aurreratutik zuzen-zuzen igotzen da. Berez, duela lau urte hiru alpinista saiatzeko prest zeuden, baina lurrikara batek asmo hori bertan behera utzi zuen. Estatubatuarrak iragarri duenez, helburu nagusia korridore hori da, baina B plan bat ez dute baztertzen: «Everest ezagutzen dugu, eta badakigu mendi horrek aurpegi ezberdinak eskain ditzakeela. Horregatik, korridorea ez badugu oso argi ikusten, agian, haren ondoan dagoen espoloian jardun dezakegu». Bi alpinistok, bederen, eskarmentu handia dute. Richardsek, adibidez, Simone Moro eta Denis Urubkorekin Gasherbrum I mendiaren neguko lehen igoera sinatu zuen 2011. urtean. Mena, berriz, zortzimilakoetan ondo moldatzen da. «Itzalen pareta» Bien bitartean, Marcin Tomaszewski poloniarrak eta Sergey Nilov eta Dmitry Golovchenko errusiarrek oraindik igo gabe dagoen Jannuren ekialdeko aurpegian jardungo dute. Oinarrizko kanpalekua antolatu dute jada. Aipatu behar dugu pareta horrek “Itzalen horma” izena hartu duela, eta, besteak beste, 90ko hamarralditik bederatzi saio jaso dituela. Guztiak ala guztiak, beraz, ezerezean geratu ziren. Lehen ekinaldian Bojan Pockar eta Vanja Furlan esloveniarrak aritu ziren. 1991. urtea zen eta 7.050 metroko mailara heldu ziren. Garai haiek kontuan hartuta saio hori azpimarratzeko modukoa da. Hormatzar horrek jaso duen azken ekinaldia duela zortzi urtekoa da, Hego Koreako espedizio batek egindakoa. Teknikoki zailtasun handia izateaz gain, kontuan hartu behar da Jannuren ekialdeko aurpegia arriskutsua dela oso. Aipatu dugu bederatzi saio izan dituela, eta horietatik lauk ez zuten aukerarik izan paretan sartzeko. Zergatik hori? Bada, arrisku objektibo handiak dituelako. Hirukote honek aitortu duenez, “Itzalen pareta”-ren lehen igoera sinatzeko aukerak ez dira handiak izango: «Jakin badakigu helburu oso zaila dela. Horma hori igotzen saiatu direnen artean puntako alpinistak izan dira. Eta guztiek onartu digute hormaren baldintzak ez direla oro har batere samurrak. Arrisku handia dago, bai, baina horiek guztiak kudeatzen jardungo dugu. Momentuz, esan dezakeguna da kanpaleku nagusira heltzeko elur-oldeekin buruhausteak izan ditugula. Berez, kanpaleku hori 4.900 metrora antolatu nahi genuen, baina, azkenean, ehun metro beherago jarri dugu». Argi dagoena da talde oso indartsua osatzen dutela. Errusiarrek, adibidez, Urrezko Pioleta irabazi dute. Poloniarra, berriz, hormatzarretan maisua dugu. BI HELBURU Cory Richardsek eta Esteban Menak Everesten ipar horman jardungo dute eta Marcin Tomaszewski, Sergey Nilov eta Dmitry Golovchenkok Jannuren ekialdeko aurpegia aukeratu dute.