GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Zaintza kaleetara!


Aurreko zutabea “Bizitzak erdigunera!” izendatu genuen. Izan ere, greba feministaren lelo horrek bizitzaren sostengurako ezinbestekoak diren lanen aitortza egin zuen. Gaurkoak zaintza duinen aldeko borroka jarri nahi du mahai gainean. Aitortu beharra baitago Euskal Herrian azken urteetan egin diren lan aldarrikapen eta greba esanguratsuenak zaintza sektoreetan izan direla: Bizkaiko egoitzetako langileak, etxez etxeko beharginena, eta egun bizi-bizi dagoen Gipuzkoako nagusien egoitzetako zein eguneko zentroetako langileen mobilizazioak.

Zaintzaren sektorean emakumeak eta prekaritatea dira nagusi. Horregatik, lan horien duintasuna aldarrikatzen da. Soldata hobeak eskatu egiten dira, baina baita zaintzeko beste eredu bat ere; behar handiak eta konplexuak dituzten egoiliarrei gutxieneko dedikazioa bermatu behar zaielako. Jakina da sortutako egoeraren arrazoiak estrukturalak direla, baina administrazioek ezarritako kudeaketa ereduek ere eragin handia dute. Esaterako, gertatzen ari dena pribatizazioaren alde egindako apustuaren adierazlea ere bada; lan gatazka hauetan, beraz, patronalaz gain, administrazioek ere zeresan handia dute.

Zaintzarena merezitako balio eta aitortza jasotzen ez duen lana da. Hori dela eta, eskertzekoa da zenbait sektorek mobilizazioei eskainitako babesa, bereziki zaindutakoen senideena, Babestu elkartearena kasu. Ulertu egin dute arreta egoki baterako ezinbestekoa dela lan baldintza duinak ziurtatzea. Hau da, langileen borroka euren borroka ere badela jabetu dira.

Lortu diren hobekuntzak eta lortzeko bidean daudenak ospatzekoak dira; are gehiago, eginiko bideari berari aitortza egin behar zaiolakoan nago. Ez bakarrik arazoa gizarteratu dutelako, langileen kontzientziazio feminista indartzeko erabakigarriak izan direlako, eta izaten ari direlako. Une onak, baina baita txarrak ere bizitzen egon arren, mobilizazioetan erraza da antzematea sortutako talde babesa eta indarra. Ahalduntze ariketa da, eskakizun zehatzetatik harago egoeraren kontzientziazioa eta hori aldatzeko gaitasunaz jabetzeko prozesua. Finean, zaintza lanak «benetako» eta ezinbesteko lanak direla ozenki aldarrikatzea.