GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Elefantea gelan dago


Azken aldian, zerbait sakonagoaren sintoma den garaiko giro bat bizitzen ari gara, hala sumatzen da. Klase, genero eta nazio auziaren eta horien arteko erlazioaren eztabaidak bizi-bizirik daude gure mundu txikian, batik bat, belaunaldi gazteenetan. Horrekin batera, ugaritu egin dira diskurtso politiko berriak (eta ez hain berriak) oinarri dituzten talde politiko zein mugimendu sozialak. Fenomeno zahar-berri hori zerbait sakonagoaren sintoma da, ezbairik gabe.

2007tik aurrera hainbat gertaera kontraesankor gurutzatu zitzaizkigun. 2007ko krisi estrukturalarekin testuinguru berri batean sartu ginen: krisi ekonomiko larria, prekarizazio bortitza, instituzioen eta politikagintzaren desprestigio nabarmena, demokraziaren kontrako eraso bortitza, eta abar. Testuinguru horretan, belaunaldi gazteenak prekarizazio mugagabean bizitzera kondenatuta daude. Testuinguru horrek kontrako noranzkoan harrapatu zuen mugimendu independentista: hain zuzen, ilegalizazio krisitik ateratzen, inoizko botere instituzional handiena lortzearekin bat. Gizarteak noranzko bat hartu zuenean, gu kontrako bidea egitera behartuta izan ginen.

Hori gutxi ez, eta ziklo batek hurrengoari galga jarri ez eta bidea irekitzeko, gatazkaren ondorioak kudeatzeko, nolabait, berregokitzapen beharra zegoen. Ez bedi gaizki ulertu: Argalak esaten zuen bezala, «retroceder no significa siempre dar marcha atrás. Si retroceder supone corregir, eso es avanzar». Ez bedi bi aldiz gaizki ulertu: azken urte hauetan guztietan herri eraikuntza lan izugarria egin da, instituzio zein herri mugimenduetatik. 2011tik honakoa ez da erraza izan, baina egin, eta aurreratu, dezente aurreratu da; memoria batzuetan laburra dugu eta oroitzea komeni da. Baina nahitaezko berregokitzapen horrek bi hutsune utzi ditu: bat, Mario Zubiagak inoiz aipaturiko erradikaltasunaren espazioa (zentzu sinbolikoan ulertu bedi!); eta bi, gaurko baldintzetara ekarri gaituen utopia partekatua.

Testuinguru horretan ugaldu dira, esaterako, klase diskurtsoa oinarrian duten eta auzi nazionalari zein generozkoari zentraltasuna ematen ez dioten mugimendu berriak. Marxek zioen historia bitan errepikatzen dela, lehenik tragedia bezala, bigarrenik fartsa gisa; hamarkaden osteko gizartearen aldaketak onartze ezak, diskurtsoen herdoiltzea dakar. Aurretik bizitasunez betetako praktikak direnak, hildako hizkuntza huts bilakatzen dira beste garai batean. Harrigarria da, nazio eta klase auziaren debate “berriek” (oraingoan genero auzia txertatuz, edo alboratuz), zeinen antz harrigarria duten 60ko hamarkadako eztabaidekin, onerako zein txarrerako. ETAren IV. eta V. asanbladetan, zein garaiko “Zutik” eta “Branka” aldizkarietan ematen ziren eztabaidei begiratzea baino ez dago (Lenin autoritate gisa erabiltzeko lehia berberak orain ere!). Auzi nazionala, soziala eta generozkoa separatu nahi diren arren, klaseari lehentasuna emanez, estatua, soberania, lurraldea, bizitzak eta demokrazia banatu ezin diren elementuak direla gogorarazi digu duela gutxi Jule Goikoetxeak. Pasata behar lukeen eztabaida horrek, gure borroka ideologikoa langa bat atzera bidaltzen du.

Gazte belaunaldietako diskurtso berri horiek testuinguruan jartzeko kanpo eta barne faktoreak aipatu ditudan bezala, badira azpimarratu beharreko beste elementu batzuk ere. Badirudi egungo belaunaldiek aurrekoek baino barneratuago dutela euskal esparru territoriala: euskal nazionalismo banalak bere bidea egin du. Garaipen txiki bat, derrota txiki batekin batera: zapalkuntza nazionalaren transmisioak huts egin du bidean, eta pultsu nazional eta kulturalak indarra galdu. Kontraesankorra dirudien arren, aurreko bi fenomenoak batera ematen dira.

Aurreko elementu guztiak kontuan hartuta, konstatazio bat egin daiteke: ziklo historikoaren aldaketarekin, 50eko eta 60ko hamarkadetako belaunaldiak sortutako Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren sintesi nagusia, independentzia eta sozialismoa txanpon beraren bi aldeak direnekoa, eztabaida publikora atera da. Heideggerrek zioenez, fundamentu bat azaleratu egiten denean –alegia, eztabaidagai bilakatzen denean–, bere fundamentu izaera galtzen du. Elefantea gelan dago, eta beste alde batera begiratzearekin ez du haizeak eramango. Ziklikoa da, eta belaunaldi kontua, halakorik gertatzea. Negatibotzat jo baino, hipotesia gaurkotu eta indartsuago berreraikitzeko aukera bezala ikusi behar da.

Etxebarrieta anaien zein Argalaren belaunaldien bertute nagusietako bat sortzaile izaera zen. Garaiko testuinguru soziopolitikoaren kako nagusiak irakurtzen jakin izan zuten, mundu mailako tenperatura hartzen, eta, horren arabera, epemuga luze batera Euskal Herrirako estrategia bat ehuntzen.

Egun, garai hartan ondu zuten hipotesi estrategikoak, inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka, Kataluniako prozesuak erakutsi digun bezala. Oligarkia finantzarioaren klase interesak defendatzeko ezinbesteko zutabea da Espainiaren zein Frantziaren batasuna, eta gure borroken potentzialtasuna askatzeko apurtu beharreko orubea, ezinbestean. Hori argi izanik, beldurrik gabe esan daiteke burujabetza prozesuan aurrera egiteko gazte belaunaldiek zerumuga eta metafora berriak berreraikitzeko beharra dutela, beren ebento propioei lotuta: aurrekoa ezin da emantzat jo, galdera berrien bueltan eztabaidatu behar da, eztabaidok barneratu behar dira. Txanpon beraren bi aldeen metaforak feminismoa utzi du bazterrean, eta ezinbestekoa da ardatz hori kontuan hartuz independentismoa birformulatzea, kontraesan nazionala borroka desberdinen aingura dela jakinda.

Bide horretan, ezker independentistak egin dezakeen ekarpen onena bere buruarengan sinestea da: eztabaida hau berrartu eta berritzea, ez atzera begiratzeko asmoz, baizik eta aurrera begirako zerumuga konpartituan bere alea jartzeko. Hor dugu irabazteko erronka nagusietako bat.