GARA Euskal Herriko egunkaria
PATAGONIA

Martin Zabaletak Fitz Royko «kaliforniarren bidea» igo du

Jack Torness eskalatzaile estatubatuar gaztearekin batera, 69 urteko alpinista hernaniarrak Patagoniako erpin enblematikoaren bide klasiko horren 1.200 metroak igotzeko bi egun behar izan zituen. Cerro Torreren hego-ekialdeko ertza eskalatzen ere saiatu zen.


«Martinek Patagonian egin duenaren berri ba al duzue? Kabroi horrek Fitz Roy ‘kaliforniarren bidetik’ igo du. Jakin badakigu zer-nolako sasoia duen, baina 69 urterekin eskalatu du. Makina puska da».

Adierazpen hauek eta beste hausnarketa batzuk Santa Barbarako eskalada eskolan entzun ditugu. Hots, Martin Zabaletaren jaioterriko eskalada hormetan; hain kuttunak dituen horietan. Inolako zalantzarik gabe, eskalada lagun horiek esandako guztiarekin bat etor gaitezke. Are gehiago, eskaladan zein alpinismoan dabilen edonork baieztapen horiek ontzat hartuko lituzke.

Patagoniako erpin enblematikoenetarikoa da Fitz Roy. Mendi handi, zabal zein gogorra. Irakurleak ondo baino hobeto dakien bezala ez da erraza han lasaitasunez mugitzea. Besteak beste, eskaladaz gain, eguraldi makurrak agintzen duelako. “Kaliforniarren bidea”, berriz, “Supercanaleta” edo “Franko-argentinar” bideekin batera, klasiko bat da. 1.200 metro luze da: VI, M5 eta 6a+. Fitz Royko errazenetarikoa da, baina pareta haietan ibili direnek behin baino gehiagotan aitortu digutenez arreta handiz ibili behar da. Zailtasun gogorrenak 700 metroan pilatzen dira; batez ere, goialdean dagoen murruaren 400 metroetan. Eta hain zuzen ere, alpinista hernaniarrak bide klasiko hori aukeratu zuen Fitz Roy igotzeko.

Baten batek esango du 1968. urtean zabaldutako marra hori gaur egun igotzea ez dela azpimarratzekoa. Baina Santa Barbarako eskalada guneko eskalatzaileek ondo baino hobeto azaldu zutenez, adin horrekin izaera horretako jarduera bat egitea oso azpimarragarria da.

Joan den otsailaren 4an, Zabaletak bere helburua lortu zuen. Eta hura lortzeko Jack Torness estatubatuarra izan zuen sokakide. Patagoniako egonaldiaren ostean, hernaniarra han eta hemen ibili da. Ameriketako Estatu Batuetako bere etxera itzultzekotan da, eta bitxia bada ere, GARAk Peruko Arequipa herrian harrapatu du.

Beste batzuetan ez bezala, Zabaleta ez zaigu “ihesean” ibili. Horrekin esan nahi dugu protagonismoa ez zaiola gustatzen, baina kasu honetan, Fitz Royren aktibitate honetan, begietan distira berezia ikusi diogu.

Hirugarren aldia zuen Zabaletak Patagonian: «Kristoren gogoa nuen erpin horietara itzultzeko. Lehen bidaia Xabier Erro zenarekin egin nuen. Ametsa zen. Baina tresneria egokirik zein aukera errealik ez genuen izan. Bigarrenean, berriz, Poincenot orratzaren ‘Whilliams’ bidea eskalatu nuen. Bukatu berri den denboraldirako, berriz, esku artean hainbat asmo nituen. Eta bat, bederen, lortu dut».

Bai, hernaniarrak ez zuen xede bakarra; hots, Fitz Roy. Modu batera edo bestera, “dobletea” sinatu nahi zuen: Cerro Torre eta Fitz Roy. Lehenari dagokionez, Juan Mari Iraola eta Juan Vallejorekin hego-ekialdeko ertzean ekinaldia egin zuen. Headwalletik lau luzera zirela, eguraldia aldatu eta jaitsi egin ziren: «Zorte txarra izan genuen; izan ere, biharamunean eguraldi bikaina atera zen».

Urtarrilaren 10erako, Zabaleta Patagonian zen. Aurretik denbora zuen, baina eguraldi makurrarengatik, egunek oso azkar ihes egiten dute. Urtarrilaren amaieran, lauzpabost eguneko leiho on bat iragarri zioten. Eta 23 urteko Torness eta beste kide batekin Fitz Royra abiatu zen: «Hiru lagun abiatu ginen. Niponinon ginela, beste kideak istripua izan zuen; sorbalda atera zitzaion. Eta ezbehar horren ondorioz, Jack eta biok geratu ginen. Erpin hori igotzeko klasikoren bat hautatu behar genuen. ‘Affanasief’ ere aztertu genuen, baina konplikatuagoa iruditu zitzaigun. Azkenean, besteen baldintzak ikusita, ‘kaliforniarren bidea’ aukeratu genuen».

«Bide dotorea»

Aukeratutako eta eskalatutako marrari dagokionez, aurreratu dugu 1986. urtean zabaldu zela. Hain zuzen ere, jardun horren protagonistak garai haietan Yosemiteko hormatzarretan jo eta ke ibiltzen ziren; “Funghogs”izeneko taldekideak: Yvon Chouinard, Richard Dorwoth, Lito Tejada eta Doug Tompkins. Atzerritar bat ere batu zitzaien: Chris Jones britainiarra.

Fitz Royren gailurra erdiesteko Torness eta Zabaletak bi bibak behar izan zituzten egin: «Poincenot eta Fitz Royren artean dagoen aldatsetatik hasi ginen. Tarte horretan mistoa eta izotza eskalatu genuen. ‘Italiarren lepora’ heldu, eta handik ‘amerikarren aulkia’ izena hartu duen bibakera heldu ginen. Biharamunean tontor eguna zen, baina Fitz Royren gailurraren azpian bibakak harrapatu gintuen. Tontorra lortu ondoren, ‘Franko-argentinar marratik’ jaitsi ginen».

Eskaladari ekin aurretik, Zabaletak aurreratu digu jardun osoaren une deserosoena gainditu behar izan zutela: «Nire bi kideek hala erabakita, tresneria guztia Guillaumet lepora eraman genuen. Glaziarra zeharkatu behar izan genuen, eta onartu behar dut oso une desatseginak bizi izan genituela; izan ere, glaziarra oso egoera txarrean dago. Hori gutxi ez, eta ‘italiarren lepora’ igotzen ari ginela brasildar baten gorpua aurkitu genuen. Egun batzuk lehenago istripua izan zuen».

Bederen, protagonistok eguraldiarekin zorte handia izan zuten. Eguraldi ona iragarri zieten, eta bete egin zen: «Oso ona izan zen. Ez genuen lo-zaku onik eraman, baina, nik, bederen, bibaketan ez nuen hotzik pasa. Bai, ordea, nire kideak. Esan zidan zurrunga egin nuela (kar, kar)».

Eskalatutako bideari dagokionez, Zabaletak esan digu asko gustatzeaz gain, baduela berezitasunik: «Behealdean mistoa eta izotza eskalatzen dituzu, eta arrokan hamaika luze egingo genituen. 400 metro izango dira. Bizkar-zakua kargatuta generamanez, ez genuen den-dena era askean eskalatu. Kontuan hartu behar da ere, ekipatu gabe dagoela. Iltzeren bat edo beste ikusi genuen, soka zahar batzuk ere bai... Beraz, garrantzitsuena bidea ondo irakurtzea izan zen; nahasteko aukera piloa zegoen. Horretaz guztiaz gain, tontorrak eskaintzen dituen ikuspegiak ederrak baino ederragoak dira. Cerro Torre pare-parean duzu! Mendi hauek konplikatuak dira, eta han eskalatzeko bista handia behar duzu izan. Bidea zabaldu zutenen aurrean txapela kentzen dut. 1968. urtean bide hori irekitzeko egin zuten hautua oso ausarta da. Poincenoten egin nuenarekin ez du konparaziorik. Fitz Roy oso urrun dago, atzera egiteko aukerak zailak dira... Aspaldian ez nuen hartu hain astindu handia!».

Hernaniarrak azken hausnarketa hau ere egin digu: «Sentsazioa dut Fitz Roy Cerro Torre baino gogorragoa dela. Glaziarra zeharkatzen miseriak pasa genituen; benetan, oso gaizki dago. Bestalde, Jackekin ondo konpondu naiz. Nik misto zein izotzezko tarteak lideratu nituen, eta hark arrokazkoak. Tipo jatorra da. Bestalde, Fitz Royk zortzimilako bat igotzea baino gehiago bete nau. Alpinismoa, zailtasuna, bidea bilatzea... Bi lagun eta mendia; benetako alpinismoa. Pozarren nago».