GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Irri ederrak Garesko Plazan; Korrikaren gauzak


Garesko Plaza, urduritasuna eta poza nagusi, laster hasiko baita Korrika. Alaitasuna nonahi, musika; erlojuaren kontrako lasterketak iragartzen du lasterketa erraldoiaren etorrera. Gurekin Saharako mutiko bat, bertan ikasten ari dena, nerabea. Hurbildu da neskatxa bat, kasualitatez edo, eta ondoan jarri da, Korrikako petoa jantzirik. Elkarri begira, irriz hasi dira biak, neskatxa batez ere. Ezin dio irriari utzi. Ez dugu zer gertatzen den ulertzen, baina beraien artean hasi dira hizketan. Elkar ezagutzen dute, biak sahararrak dira, biak Garesko Plazan, biak Korrikaren zain. Korrikaren gauzak.

Bitxiak dira euskarak eraikitzen omen dituen «harresiak». Izan ere, horma hauek herriak eta herritarrak elkartzen dituzte, konplizitate ederrak josiz. Batzuek harresi, langa eta zuloak egiten dituzte migrazioak galarazteko, edo Mediterraneo hilerri (hilitsaso?) bilakatzea ahalbidetzen dute, baina kosmopolita europeistak dira, «modernoak». Gu, berriz, «barbaro zaharrak», gure obsesio nazionalistetan murgilduta, ez gara munduaren aniztasuna ulertzeko gai. Herri ttikiak gure ttikitasunean gotortuta bizi omen gara; inperio eta post-inperioek, alta, mundua liluratzen segitzen dute, beren zabaltasunez. Hala idatzi da historia azken mendeetan; horregatik hizkuntza batzuk progresoaren eta zibilizazioaren ikurrak dira, eta beste batzuek, euskarak, esaterako, atzerapen eta itxikeriaren berri ematen digute.

Kolonitatea da gaitz horren izenetako bat, eta ez dago hilik, oso bizirik baizik. Mexikoko lehendakariak espainiar konkistari buruz egindako aldarrikapenak bazterrak astindu ditu, baita gure herrian ere, eta onuragarria delakoan nago. Korrikak beste mundu baten hazia gorpuzten du, maila horretan ere, herrien eta hizkuntzen arteko harreman injustuak behin betiko gainditzeko. Garesko Plazara Saharatik iritsitako irri horiek beste mundu berri baten ametsa iragartzen zuten. Korrikaren gauzak!