2019 API. 08 JO PUNTUA Pertzepzioa Arantxa Manterola Kazetaria Txaleko horiak” ataka oso deserosoan jartzen ari dira Macron azken urte erdi honetan. Oldarraldi biziek ondorio larriak ekarri dituzte, zauritu andana, batzuek begiak edota eskumuturrak galtzeraino eta, agintariek aitortu nahi ez badute ere, askok Geneviève Legay 72 urteko militante altermundialista beteranoa ere zaurituen zerrenda beltz horretan kokatu dute. Irudi gogorrak ikusi ditugu manifestarien aldetik. Poliziak ez dira atzera geratu beren erasoan. Beren agintariek batzuetan legez kanpo jardutera behartzen dituztela ere salatu dute zenbait poliziak. Hain zuzen, txikizioei aurre egiteko argudioarekin, legeria gogortu du gobernuak. Beste estutu bat askatasunei. Halere, ezin izan ditu den-denak indarrean jarri. Manifestatzeko eskubidea debekatzearena atzera bota du Kontseilu Konstituzionalak. Ez da aski bermerik arbitrarioki erabiliko ez ote den eta, hortaz, adierazpen eta manifestazio eskubidearen murriztailetzat jota, «txikitzaileen kontrako» legearen neurri nagusia bertan behera geratu da. Polizien jokamoldeez ikuspegi desberdinak izan ohi dira. Pertzepzioak desberdinak dira. Batzuen ustez, tinko jardun behar dute apurtzaileen kontra; besteen iritziz, neurriz kanpoko indarra erabiltzen dute. Unean uneko gorabeheren eta ekiteko moldeen arabera, pertzepzio orokorra eraikitzen da imajinario kolektiboan. Adibidez, berriki genero indarkeriaz “Berria”-n egindako elkarrizketan, Samuel Vuelta Baionako fiskalak bere pertzepzioa islatu du. Sortzez galiziarra den fiskalaren esanetan, Baionan ez bezala, Iruñean beste errespetu bat omen diote Poliziari. To! Hala bada, zergatik ote? Akaso urteetan CRSak baino inpunitate handiagoz aritu direlako? Estatuko egituren aldetik, gehiegikeriak bistakoak izan arren, sekulako babesa izan dutelako eta ukiezin sentitzen direlako? Batek daki Polizia frantsesa edota espainola, zein ote den «errespetatuago», baina ostegunean Gasteizko legebiltzarrean polizien sindikatuetako ordezkariek erakutsitako jarrera harroputza, Frantziako hemiziklo batean nekez ikusiko genukeelakoan nago. Baionako fiskalaren esanetan, Iruñean beste errespetu bat omen diote Poliziari. To! Hala bada, zergatik ote? Akaso, CRSak baino inpunitate handiagoz aritu direlako?