2019 MAI. 06 40 urtez birsortzen joan den mugimendu baten ispilu Mugimendu politiko guztien ardura euren memoria egitea dela uste du Xabier Iraolak. Irati Sienra eta Markel Ormazabalekin batera «...eta segi aurrera!» liburua koordinatu du, gazte antolakundeen historia jorratzen duena, Jarrairen sorreraren 40. urteurrenean. Azken eguneraketa: 2019 MAI. 06 - 06:08h Ibai AZPARREN Iruñea Jarrai 1979ko maiatzaren 6an sortu eta 10ean aurkeztu zen jendartean. Horren harira aurkeztuko dute gaur Añorgan liburua Iraolak, Sienrak eta Ormazabalek, Ernaik eta Aitzinak antolatu duten “Bulkada berrien garaia da!” dinamikaren testuinguruan. Dinamika horrek lan ildo ezberdinak izan dituela azaldu du Iraolak, eta afariak, bulkada egunak eta gazte topagunea aipatu ditu, besteak beste. Hala ere, ezker abertzaleko gazte antolakundearen 40 urteko historia jasotzeko beharra zegoela ohartuta, militanteek liburu moduan ase nahi izan dute behar hori. Historia edo, hobeto esanda, historia bat. «Lagin zabal bat hartu dugu, baina zaila da, baten bat ez da identifikatuko», esan du koordinatzaileak. Errepresioa liburuaren atal garrantzitsua izango da, batik bat 40 urte hauetan gazte antolakundearen ibilbidea baldintzatu duelako, «epe luzean eta epe motzean». Atxiloketak, espetxeratzeak, autoritarismoa, torturak eta gazte erakundeek bizi izan duten kamio krudela jasotzen da liburuan, baina baita elkarlana eta beste mundu bat eraikitzeko gogoa ere. Hortaz, Iraolaren iritziz, memoria «gaurko eta biharko lanabesa» da, atzoko irakaspenak atera eta etorkizunera begiratzeko ere balio duena, hain zuzen ere. Aurretik, ordea, gazte antolakundeek sufritutako hamar urteko ilegalizazioak «artxiboa lapurtu» diela nabarmendu du Iraolak, baita horrek belaunaldien arteko etena sortu duela ere. Horregatik, memoriaren bideak berriz josteko helburua du liburuak, transmisio ariketa moduan. Izan ere, Iraolaren hitzetan, gazte antolakundearen «lemak, datak, manifestazioak» transmititzea lortu da, baina ez, ordea, borroka horien atzean dauden irakaspenak, eztabaidak edo hausnarketak. «Idatziz transmititu dugu, baina baita kidetik kidera ere, komunitatea eraikiz eta elkar ezagutzen ez duen jendearen artean». Hain zuzen, Galeanoren ipuin bat aproposa iruditu zaie ezker abertzaleko antolakundeek 40 urteotan euren artean egin duten sekuentzia islatzeko. Ameriketako ipar-mendebaldeko jatorrizko herrietan, belaunaldi bakoitzeko egilerik onenak hurrengo belaunaldiari oparitzen zion bere eltzea, eta belaunaldi horrek hartu, hautsi eta pusketekin material eta gaitasun propioak erabilita berrosatu egiten zuen. Horrela, eltzearen piezak belaunaldiz belaunaldi eskutik eskura pasatzen doaz; baina aldi berean eraldatzen. Duela hogei urte Jarraik eta Gazteriak hurrengo antolakundeei pasa zieten eltzea, lehenik Haikak, Segik eta orain Ernaik eta Aitzinak moldatu dezaten. Badago oinarri bat komuna dena, baina eltzea bera desberdina da. «Belaunaldien arteko apurketa bat dago beti, berria jaiotzen da, baina esentzia eta balioak mantentzen dira», dio Iraolak. Balio horiek iraun izanaren arrazoia, Iraolaren esanetan, «duela 40 urte Jarraik asmatu» zuela da. «Gazte problematikak askapen prozesuarekin lotura zuela adierazi zuen Jarraik eta honek potentzial handia izan du», argitu du. Gainera, gazte erakundeak askapen prozesu honen harrobia direla dio Iraolak, bertan hasi eta eratu direnek egun esparru ezberdinetan militatzen dutelako. Birsortzera behartu dituzte, askapen prozesua biziberritzera: «Gazte problematikaren eta gatazka orokorraren arteko artikulazioa, drogen inguruko eztabaida edo feminismoa erdigunean jartzea lortu dugu». Bestalde, liburuaren eraketa prozesua zaila baina ederra izan dela diote. «Ofizialtasun puntu bat dauka, lan kolektiboa egin da», nabarmendu du Iraolak. Belaunaldi ezberdinetako 50 protagonista baino gehiago batu dituzte kontakizun orokorrerako. Horien artean, Floren Aoiz, Iker Casanova, Ana Lizarralde, Mikel Zubimendi eta Irati Tobarrek, besteak beste, parte hartu dute talde elkarrizketetan. Gainera, garai bakoitzean esperientzia eta lekukotasun konkretuak daude, eta horretarako pertsona zehatzekin harremanetan jarri ziren. Artxibo lana ere gehitu dute, 390 orrialde dituen liburu korala osatuz. «Gazteria da memoria, eta hau transmititu behar da denboran irauteko, askapen prozesua mantentzeko», dio Iraolak.