GARA Euskal Herriko egunkaria
TRAIL

Madeirako Ultratrailean Maite Maiora laugarrena izan da

Portugaleko uhartean antolatzen den 115 kilometroko lasterketan gipuzkoarrak 16 ordu eta 40 minutuko denbora egin zuen.Nafarroa Xtrem hitzorduan, berriz, Alvaro Ramos-Sergio Tejero eta Silvia Trigueros nagusitu ziren.


Apirileko azken asteburuak ultratraileko bi lasterketa garrantzitsu eskaini zizkigun. Lehena, atzerrian: Portugalen. Bigarrena, etxean: Nafarroan. Portugalekoari dagokionez, aipatu behar da eliteko lasterkari asko biltzen dituen hitzordua dela Madeirako Ultratraila. Sona handiko lasterketa honen ibilbidea, ederra baino ederragoa izateaz gain, gogorra da oso. Ibilbideak honako ezaugarriak ditu: 115 kilometro eta 7.500 metroko goranzko desnibel metatua.

Emakumezkoen lehian lehen lerroko korrikalariak zeuden, eta guzti-guztiek argi erakutsi zuten oso sasoiko iritsi zirela hitzordura. Adibidez, Courtney Dauwalter-en kasua aipatu behar da. Trail munduko distantzia horretan espezialista nagusia da bera; lasterketa batzuetan goi mailako gizonezko korrikalarien pare ibiltzen da. Eta Madeiran, beste behin ere, garaipen handi bat eskuratu zuen. Irteera puntuan lasterketaren buruan jarri zen, eta hala iritsi zen helmugara. Estatubatuarrak eginiko denbora 15 ordu eta 17 minutukoa izan zen. Sailkapen nagusian (gizonezkoak tartean) hamargarren postuan helmugaratu zen.

Katie Schide izan zen bigarrena, 15 ordu eta 42 minutuko denborarekin. Eta podiumeko hirugarren postua Audrey Tanguyrentzat izan zen; irabazlearengandik ia ordubetera ailegatu zen. Emakumezko euskal ordezkari bakarrak, Maite Maiorak, laugarren postua sinatu zuen: 16 ordu eta 40 minutuko denborarekin. Gipuzkoarrak onartu du 61. kilometrorako igarri zuela erritmo falta baina, izaera horretako distantzietan eskarmentua hartzea helburu zuenez, aurrera egin zuela.

Mutiletan, bestalde, beste korrikalari handi batek irabazi zuen lehia: François D´Haene frantziarrak (13 ordu eta 49 minutu). Madeirakoan bigarren garaipena du; lehena, 2017an erdietsi zuen. Bigarrena Diego Pazos suitzarra izan zen (14 ordu eta 13 minutu) eta hirugarrena, Tim Tollefson estatubatuarra (14 ordu eta 36 minutu). Azpimarratzeko modukoa da Gailurrerantz taldeko Adur Mendizabalek lortutako hamaseigarren postua; irabazlearengandik ia bi ordura iritsi zen.

Nafarroan

Madeiratik etxera egingo dugu salto, Nafarroa Xtrem lasterketari tartea egiteko. Antolatzaileek hiru ibilbide antolatu zituzten, eta horietako batek ultra distantzia zuen: 68 kilometro eta 4.000 metroko goranzko desnibela. Ultra distantziako Nafarroako Txapelketarako baliagarria izan zen.

Korrikalariek Nafarroako Pirinioetako hainbat alderditan jardun zuten. Zubiri zen irteera zein helmuga puntua, eta oso ezagunak diren hainbat gailurretatik igaro behar izan zuten: Adi, Saioa, Zuriain...

Nahiz eta aurreko egunetan euria egin zuen, lasterketa egunean ez zuen ezer bota. Giro hezea zegoen, eta ibilbidea nahiko pisutsu. Alabaina, ikuskizunak ez zuen hutsik egin.

Gizonezkoen kategoriari dagokionez, laugarren ekitaldi honetan faboritoek ez zioten tarterik utzi ezustekoari. Lasterketa hasi bezain laster, hiru korrikalari jarri ziren aurrean: Alvaro Ramos, Xabi Zarranz eta Sergio Tejero. 47. kilometroan, berriz, Zarranz atzean geratu zen, eta, oso erritmo biziarekin, Ramos eta Tejero elkarrekin iritsi ziren helmugara. Biek ala biek denbora berdina egin zuten: 7 ordu eta 4 minutu. Era horretan, Raul Perezek zuen errekorra hobetu egin zuten. Garaipen horrekin Ramosek Nafarroako Txapelketa irabazi zuen. Zarranz hirugarren postuan helmugaratu zen 7 ordu eta 17 minutuko denborarekin. Bigarren nafar azkarrena izan zen.

Nesketan, Silvia Triguerosek erakutsi zuen eskarmentu handia duela. 8 ordu eta 48 minutuko denborarekin Maria Irigoyeni (nafar txapelduna) eta Irene Guemberi (bigarren nafarra) irabazi zien.

Honi buruzko guztia: TRAIL