GARA Euskal Herriko egunkaria
poesía

Beroki bustien itsaskortasuna


Jose Luis Otamendi (Azpeitia, 1959) ez da aldatu: betiko poeta sentikorra eta samurra da, munduarekiko orotariko nozio zein ikusmoldeak biltzea xede duena, hitzak samurtasunez darabiltzana, bere buruarekiko zintzoa izaten jarraitzen duena, hauskorra. Jose Luis Otamendi aldatu egin da: bere aurretikoek utzitakoa aztertzen du, bere ondorengoei lagako diena ardura zaio, kontzientzia soziala erakusteko bide berriak ditu, zahartzen dabilen gorputzaren enbatak aintzat ditu.

“Disoluzio agiriak” (Susa, 2019) izeneko azken olerki-liburu honek, hain zuzen ere, egileak Otamendi izaten segitzen duela argitara emateko beste zantzu utzi dit, baina, era berean, baita autorearen baitan nolabaiteko bilakabide bat jazo dela aditzera emateko lain ere. Arnasa luzeko lana da, itsasontziaren brankara itsatsia dagoen itsas landarea bailitzan, gure gogamenera tinko lotzen zaizkigun poema mardulez osatua.

Otamendiren zelanbaiteko bat-bateko su hori, beharbada, ez da hain erraz nozitzen; honezkero, ez da “Kapital publikoa”-z inongo tapaki barik mintzo zitzaigun egile hura; ez bere osotasunean, sikiera. Orain, ordea, hizkuntza honen, gizarte honen eta, batez ere, herri honen bidezidorra lehen pertsonan ikusi duen gizasemea dugu aurrez aurre. Bilakabide hori guztia errepresentatze aldera, berriz, jokoak, erritmo- nahiz kadentzia-aldaketak eta ironiarako joera nabarmena sumatzen zaizkio. Ironia da, izan ere, hondamenditik salbatzen duen soka, balizko azken geltokia, amaiera-aldeko “Pesimismoa” atalean barrundatzen den modura.

Apika, humanismoak beregain dakarren gozotasunari, eztitasunari edo samurtasunari gehixeago erreparatu diola baieztatuko nuke. Jakina, egile honen moldeak ez du galdu gai sozialetarako duen zorroztasun bikaina, baina beste formatu batean agertzen zaigu. Dagoeneko, ez dira hain modu zuzenean agertzen norbanakoak bere inguruko sareekin dituen harreman-geruzak zein hautu soziopolitikoak, “Erlojuen mekanika” obran legez.

Otamendiren elaborazio poetikoaren baitan, bestalde, aldatzen doazen garaiekiko atxikidurarik eza ere igar daiteke; zelan edo halan, aroak aldatzen doazela ikusten da, baina egileak ez dituela beharrezko osagaiak kausitzen aldaketa-prozesu horrekin batera aurrera egiteko; hots, gaitza suertatzen zaio erritmo berberean aitzinera egitea. Hortxe daude, kasurako, bere aurreko belaunaldiez (hala nola, bere gurasoen ereduez) esaten dituenak edo umezaroko ibilaldiez, bere amaren heriotzaz, Galizia inguruko txoko ezkutuez…

Sektarismo merkean nahiz interpretazio antzuetan erori barik, Otamendiren olerkietako frankori narratibotasunerako joera bereizten zaie: xehetasunak eta kontaketa-ildoa bide harturik, irakurlearengan iradokitzailea zein intentsoa den testuaren atzetik dabilela dirudi, hartzailearengan zelanbaiteko arrastoa edo orbaina uzteko xedez.

Betiko joandako garai zaharren eta oraino etorrera betean dauden garai berrien arteko aldi-txakurren gudan, egileari ez zaio erraza egiten bere lekua ganoraz topatzea eta berea ez dirudien aro bateko etengabeko disoluzio-prozesu batean barneratua dagoela ematen du, belaunaldien artean gotorturiko ni poetikoa bailitzan, beroki busti bat nola azalari itsaskor(regi) zaion : «ezin naiz hemendik apartatu/ ezin dut beste inora:/ behaketarako/ zalantzarako/ (…)/ eta hori hemen/ beste inon ezin dut // gorputz hau daukat/ besterik ez/ lurralde urtetsu hau/ ez beste ezer».