GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Emakumezkoen graduen arloa gero eta sendoago dago

Mishka Ishi japoniarrak «Byadu-dou» blokea (8c) igo du. 13 urte ditu eta gradu hori egiten eskalatzaile gazteena da. Bitartean, AlexPuccio eta Isabelle Faus estatubatuarrek 8b+ bana egin dute. Margo Hayesek, berriz, «Papichulo» bidea (9a+) sinatu du.


Lerroburu nagusian aipatzen dugun bezala, kirol eskaladan zein blokean muturreko zailtasunean jarduten duten emakumezkoen maila gero eta sendoagoa da. Bederen, horren isla dira azken bolada honetan hainbat espezialistek egin dituzten eskalada saioak.

Blokean, adibidez, 8c zailtasunera iritsi dira. Orain gutxira arte bi eskalatzaile zeuden eta talde txiki horri beste bat gehitu berri zaio. Haren izena Mishka Ishi da. Ingurumari honetan erabat ezezaguna da, baina gradu horretan sartu da. Japoniarra da, eta 13 urte besterik ez ditu. Batzuentzat hori da datu adierazgarriena. Beste batzuek, aldiz, ez dela horrela erantzungo dute. Eta horretarako garai batean modan jarri zen termino bat gogoraraziko digute: “mutante”. Gertatzen dena da nerabezaroan sartzen ari diren mutante horien jardunekin ohitu garela; hots, berri horiek normaldu dira. Baina, bai, oraindik izaera horretako berriak entzuteak “ezustean” harrapatzen gaitu.

13 urteko eskalatzaileak Hourai mendian (Japonia) dagoen “Byaku-dou” blokea sinatu du. Dai Koyamadak 2003. urtean zabaldu eta puntu gorria jarri zion; hots, korapiloaren mugimendu guztiak askatu eta lotu zituen: lehen igoera izan zen. Garai hartako munduko bloke gogorrenetarikoa bihurtu zen. Eta horrela onartu zuen Fred Rouhlingek ere. Espezialista historiko honek Koyamadaren lehen igoera hori ikusi zuen, eta baieztatu ere 8c zela.

“Byaku-dou”-ri dagokionez, esan behar dugu 22 mugimendu dituela; den-denak sabai batean edo erori handia duen sekzio batean eskalatu behar dira. Koyamadak berak honako hau gehitu zuen: «Bi zati ezberdin ditu. Lehenean, finak diren eta trukoa duten mugimendu batzuk gainditu behar dira. Sekzio horrek 8b gradua du. Eta bigarrenak beste estilo bat du; izan ere, dyno gogor bat egin behar da. Zati hori 8a+ da».

Japonian zein mundu zabalean Koyamadak izen handia du; ezbairik gabe, egungo espezialista sasoikoenetarikoa da. Bada, Ishi gaztea gai izan da aura berezia izan duen bloke hori egiteko. Lehen errepikapena izateaz gain, neska batek egin duen lehen igoera izan da.

Arestian aipatu dugu orain dela gutxira arte soilik bi emakumezkok zutela gradu hori. Eta horiek Ashima Shiraishi eta Kaddi Lehman dira. Shiraishi izan zen “ate” hori zabaldu zuen lehena, Japonian bertan (Hiei mendian) Koyamadaren “Horizon” patrikara sartu eta gero.

Azpimarratzeko beste datu bat eman behar dugu. Shiraishik 14 urterekin egin zuen “Horizon”; Ishik, berriz, “Byaku-dou” hamahirurekin. Horrek esan nahi du 8c egiten eskalatzaile gazteena dela.

Esan dugu, halaber, protagonista honi buruz ezer gutxi dakigula. Bere ibilbideari dagokionez, esan behar dugu 6 urterekin hasi zela eskalatzen. “Byaku-dou” egin aurretik, 8b+ bat eta lau 8b zituen. Ez omen da entrenatzen, eta sare sozialetan gehitu duen bakarra da ingelesa ikasten ari dela.

13 urterekin, 8c eta 8b+ bana eta lau 8b izanda, argi dugu aurrerantzean japoniar nerabe honen izena maiz entzungo dugula. Bederen, oso urte gutxian beste espezialista batzuen gainetik pasa da. Besteak beste, Alex Puccioren gaindi. Alabaina, 30 urteko estatubatuarra oso sendo dago 8b+ graduan. Eta hori diogu bere bosgarrena egin berri duelako. Val Bavonan (Suitza) dagoen “Heritage” igo du.

Urte hasieran Pucciok adierazi zuen datorren urtean Tokioko (Japonia) Olinpiar Jokoetan ez dela izango; hots, plaza bat izateko borrokatzeko aukera baztertu egingo zuela. Erabaki horren ondoren, gehitu zuen arrokan jo eta ke jardungo zuela, eta bere lehenbiziko emaitza azpimarragarria “Heritage” izan da.

Bloke hori lortu ondoren, honako hau esan zuen: «Suitzara bidaiatu nuen, baina ‘Heritage’ probatu baino lehen sasoiko jarri beharra nuen. Lehen asteetan bloke asko egin nituen, eta neure burua prest ikusi nuenean bloke horrekin buru-belarri hasi nintzen. Saioen hirugarren egunean, azken mugimendu gogorrean erori egin nintzen; ezustekoa izan zen niretzat. Ez da oso-oso zaila baina, nire garaiera kontuan hartuta, oinekin beste mugimendu ezberdin batzuk egin behar izan nituen. “Heritage” gainditu nuen eguna berezia izan zen oso; horrela sentitu nuen. Baldintzak ez ziren aproposenak, baina jakin banekien egun horretan egingo nuela».

Argi dagoena da estatubatuarra espezialista handia dela, eta 8b+ graduko bost bloke horiek egin eta gero 8c zailtasuna askoz ere gertuago duela.

Hori bera pentsatuko du Isabelle Fausek. Estatubatuarra da hau ere, 25 urte ditu eta bere hirugarren 8b+ sinatu du. Rocky Mountain National Parken (AEB) izan zen, eta eskalatutako blokeak “Memory is Parallax” du izena: «Oso harro sentitzen naiz; egin ditudan bloke gogor guztien artean gehien bete nauena da. Bloke eder bat da, eta mugimendu bikainak ditu. Zalantza handiak nituen, eta neure buruari esaten nion ea gai izango ote nintzen ‘Heritage’ egiteko. Behin betiko saioaren bezperan ez nengoen batere ondo. Baina blokearekin erabat konektatuta nengoen, eta, azkenean, helburua lortu nuen».

Kirol eskaladan ere

Blokean bezala, kirol eskaladan ere berri bikainak iritsi dira. Margo Hayesek horietako bat eskaini digu behintzat. 21 urteko estatubatuarrak Olianako (Lleida) “Papichulo” bidea (9a+) lortu du.

Gogora dezagun emakumezkoen artean dagoen gradu gorena 9b dela. Zailtasun hori lortu duen bakarra Angela Eiter dugu. Eta horretarako Villanueva del Rosarion (Malaga) dagoen “La planta de Shiva” kateatu behar izan zuen.

Hayesek oraindik ez du gradu hori erdietsi, baina “Papichulo” marrarekin azpimarratzekoa den urratsa egin du; bide hori egiten lehen neska izan da. Hain zuzen ere, sona handi duen “9a+ graduaren trilogia” amaitu du. “Papichulo”-z gain, honako beste bi bide kateatu ditu: “La Rambla” (Siurana, Tarragona) eta “Biographie” (Ceuse, Frantzia). Bi marra horiek duela pare bat urte sinatu zituen.

Trilogia hori egiten lehen emakumezkoa izan da Hayes. Estatubatuarraren aurretik izen handiko zortzi gizonezkok egin zuten: Chris Sharma, Ramon Julian, Adam Ondra, Sachi Amma, Jonathan Siegrist, Patxi Usobiaga, Jon Cardwell eta Piotr Schabek.

Estatubatuarrak berri horrekin ezustekoa eman badu ere, ezagutzen dutenek baieztatu dute Hayesentzat “Papichulo” kateatzea eta “9a+ graduaren trilogia” egitea ez dela gertaera ezohikoa izan: «Ezagutzen dugunok jakin badakigu Margok zeintzuk gaitasun berezi dituen. Oso sasoiko egoteaz gain, burua bere lekuan du. Emakumezkoen artean erreferentzia da, eta uste dugu beste urrats garrantzitsu batzuk ere egingo dituela; horrekin ez dugu batere zalantzarik. Olianako bide esanguratsuenetariko bat eskalatu du, eta alboan, “laguntzen” Alex Megos lehen lerroko eskalatzailea izan du».