2019 MAI. 22 GUTUNAK Daniel Vidart, agur eta ohore JOSU JIMENEZ MAIA Idazlea Daniel Vidart, Uruguaiko antropologo ezaguna, hil berri dela-eta, ozeanoaren alde honetatik azken agurra eman nahian, idazki xume hau. Izan ere, nik duela hamar urte ezagutzeko ohorea izan nuen, Montevideoko Fellini jatetxean egin zuen liburu-aurkezpen batean. Ordurako urteetan sartuta egonik ere, gizon jantzia eta jakintza handikoa zela erakutsi zuen. Entzuleen artean, besteak beste, garai hartako Uruguaiko Hezkuntza ministro Simon andrea, maisu zaharraren hitzei adi, gu bezalaxe. Gizon handiek –eta ez handinahiek– duten xalotasun eta apaltasunaz agurtu gintuen euskaldunak ginela adierazi ziotelarik. Euskal arbasoak izateaz harro baina harrokeriarik gabe, Vidart abizenaren etimologiaz aritu zen, Lapurdiko Bidart herriaz, eta gizon apal bezain jakintsu batekin solasean ari ginela ikusi nuen. Nire xumean, euskarazko nire liburutto bat eman nion opari, eta apalategian harrotasunez gordeko zuela erran zidan. Uruguaiko antropologo, ikerlari, poeta eta intelektualik handienetako bat izanik, panegirikoen beharrik ez du Daniel Vidart maisuak, hor baitaude bere liburu eta idazkiak. Jakintsu xalo eta amultsu honi egin dakiokeen omenaldirik handiena, agian, bere idazkiak eta obrak ezagutzea eta ezagutaraztea da. “Los fugitivos de la Historia” liburuaren aipurik artikulu batean baino gehiagotan baliatu dut, baina azpimarratu eta aholkatu nahi dut Vidartek berriki idatzitako artikulu mamitsu bat, “Sobre la falta de pensamiento que hoy nos acoquina e identifica” –Pentsamendu faltaz, gaur egun kikiltzen eta ezaugarritzen gaituenaz–, bizi garen garaiaz zer pentsaturik ematen duen artikulu mamitsua. Daniel Vidart maisuak hizkuntza klasikoak maite zituenez gero, zilegi bekit, amaitzeko, aipu klasiko bat baliatzea haren omenez: sit tibi terra levis, edo hainbeste miresten zuen euskaraz esanda, Lurrak goxo har beza bere baitan... eta bego geure gogoan.