GARA Euskal Herriko egunkaria

Bi hitzordu Biarritzen, elkarbizitza eta presoen auzia jendarteratzeko

Bake eta normalizazioaren bidean, bi ekimen antolatu dira datorren asterako, Biarritzen, biak ere Bakegileen eta Bake Bidearen eskutik. Ekainaren 7an, bizikidetzari buruzko foroa; eta biharamunean, presoen egoerari aterabidea ematea aldarrikatzeko giza katea itsasertzean.


Urtarrileko mobilizazioaren ondotik eta, berriki, biziarteko zigorra duten Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Ion Kepa Paroten askatasuna aldarrikatzeko burutu direnen ostean, beste hitzordu bat finkatu dute presoen egoerari irtenbidea ematea exijitzeko. Izan ere, Bakegileek eta Bake Bideak argi dute ez dela «egiazko bake prozesurik izanen Madrilek eta Parisek salbuespenezko neurriak aplikatuz» segitzen duten bitartean.

Ekainaren 8ko giza kateak kilometro eta erdi hartuko du Biarritzeko itsasertzaren lerroari jarraituz. Sei gune finkatu dituzte, horietako bakoitzean zenbait herri eta herrialdetako parte-hartzaileak kokatu daitezen. [Ikus infografia]. 15.00etatik goiti, gune bakoitzean petoak banatuko dituzte, borondatearen truke, lerro urdina osatzeko. 16.00etan jendea kokatzen hasiko da eta 16.30erako kateak erabat osatua beharko luke. 15 minutu iraungo du ekimenak eta, 17.00etan ekitaldia egingo da Kasinoko plazan, mobilizazioari amaiera emateko.

Antolatzaileak jakitun dira parte-hartzaile guztiek ez dutela aski denbora izanen ekitaldira gerturatzeko, baina azpimarratu dute «lehentasuna giza katea» egitea dela. Halaber, petoak saltzeko, segurtasunerako eta katea antolatzeko 150 laguntzaile behar dituztela jakinarazi dute. Boluntario lanetan aritzeko prest direnei www.artisansdelapaix.eus webgunean izena emateko eskatzen diete.

Antolaketa lanak errazte aldera eskertuko lukete giza katean parte hartzeko asmoa dutenek ere web berean, dagokion laukian, apuntatzea.

Garraioari dagokionez, kontuan izanik Biarritzen aparkaleku askorik ez dagoela, ahal dela garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute. Dena dela, datozen egunetan zehaztasun gehiago emango dituzte horren inguruan.

 

Topaketa ostiralean

Larunbatekoa ez da, haatik, hitzordu bakarra izango. Bezperan, hain zuzen, bakerantz urratsak egiteko elkarbizitzaren gaia jorratuko dute Bellevue aretoan.

“Gure elkarbizitza eraikitzeko” izenburua duen topaketa 19.00etan hasiko da eta, besteak beste, mahai-inguru bat izango da Iñaki Garcia Arrizabalaga Komando Autonomoek hil zuten Juan Manuel Garcia Corderoren semearekin, Asun Lasa GALek torturatu eta eraildako Joxean Lasaren arrebarekin eta Brandon Hamber Nazioarteko Gatazken Ikerketa Institutuaren (Incore) zuzendariarekin.

Egitarauaren xehetasunak eta parte hartzeko izena emateko bidea arestian aipatutako webgune berean aurkitu daitezke.

 

La exministra de Justicia y el expresidente del FMI estarán en el Foro

Dos personalidades del mundo político y del económico participarán en el Foro sobre convivencia del próximo viernes en el palacio Bellevue. Una es la exministra de Justicia socialista Christiane Taubira, que intervendrá por video-conferencia para ahondar en la necesidad de la convivencia. En el mismo sentido, Michel Camdessus, que fue presidente del FMI de 1987 a 2000 y también uno de los firmantes de la Declaración de Arnaga, incidirá sobre el «reto común de la convivencia»

El alcalde de Biarritz, y Mixel Berhokoirigoin abrirán el encuentro que clausurará Anaiz Funosas. A.M.