2019 EKA. 03 JOPUNTUA Valls, gorrotatuena Arantxa MANTEROLA Kazetaria Dagoeneko herritar gehienak kokoteraino izango dira hauteskunde kontuez. Horien arrastoa, ordea, ez da oraindik amaitu eta hor gabiltza denok, gobernu egituretan, izan herri, herrialde, erkidego edota estatu mailan, aginte makilak nortzuek eskuratuko dituzten behatzen. Atrebentzia hartuta, ni ere ohartxo bat egitera ausartuko naiz. Irailean, lerrootan, Manuel Valls-ek Bartzelonako Udalerako hautagai izango zela iragarri zuenean, bartzelonarrei halako zorigaitzik ez egokitzea opa nien. Argi da ez duela behintzat berak lortu nahi zuen alkatetza eskuratu. Hala ere, bere abileziarekin, orain ere eszenatoki politikoan nabarmentzen ari da proposamen bitxi bezain kontraesankorrak eginez. Ciudadanosek Voxekin akordioak egiten baditu, alderdiarekin (‘mi partido’ esan du!!??) apurtuko duela mehatxu egin du, batetik. Bestetik, kosta ahala kosta independentistei alkatetzara iristea eragozteko, Colau bera babestera dei egin du. Ciudadanosek susmoa hartu dio bere alderdi propioa sortu nahi duela. Ez ninduke batere harrituko; alderdi laranjak izan duen porrota kontuan hartuta –non eta sortu zen herrialdean bertan–, jada ez da egitura gustagarria Vallsentzat. Gainera, ez dut uste zinegotzi postuarekin konformatuko denik. Hori baino pisuzkoago postua behar du bere handinahia asetzeko. Hauteskundeak baino pare bat aste lehenago irmo esaten zuen Espainian finkatuko dela eta berriki ingurumari politiko zehatzean sartu duen Susana Gallardorekin ezkonduko dela iragarri du. Horrekin guztiarekin, pentsatzekoa da herritar frantsesek aspaldi ahaztua dutela duela gutxira arte beren lehen ministro izandakoa eta oraindik hango diputatu dena –hori bai, kolpe zorririk jo gabe eginkizun horretan–. Bada, ez. Atorrante politiko hori oraindik gogoan dute… eta ez onerako preseski. “La Depeche” egunkariak Odoxa inkesta etxearekin egin ohi duen barometro politikoak agertu duenaren arabera, Manuel Valls da frantsesek gehien gorrotatzen duten politikaria. %54k, hain zuzen; Marine Le Pen eskuin muturrekoa baino gehiago! To, zergatik ote? Valls ez da zinegotzi postuarekin konformatuko. Hori baino pisuzkoago