GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Grandes Jorassesetako hego hormak badu beste bide bat

Duela bost urteko saioaren ondoren, Enrico Bonino italiarrak ohikoa ez den aurpegian xedea biribiltzea erdietsi du. Jon Bracey britainiarra sokakide izan du. Marra berria lepoan amaitzen da, eta honako zailtasunak ditu: V, WI5+, M6+ eta 5b.


Nahiz eta sona handiena ipar isuriak duen, Grandes Jorassesetako hego hormak sorkuntzarako aukera ematen du. Ipar isuria, objektiboki, oso erakargarria da, eta agian horregatik izan dira mendiaren beste isuriak itzalean. Eta batzuetan hori ez da konprenitzen.

Hurrengo lerrootan jorratuko dugu jarduerak, hein batean bederen, ikuspegi hori apurtu nahi du. Zaila izango da, baina batzuk saiatzen dira. Jon Bracey eta Enrico Bonino dira protagonistak. Biak ala biak mendi gidariak. Eta biak ala biak alpinista zailduak. Lanarengatik, oso ondo ezagutzen dute elkar. Eta joan den maiatzean, bezeroen deiak alde batera utzi, eta britainiarrak eta italiarrak soka gerrira lotu zuten.

Grandes Jorassesetako hego horman zabaldu duten bide berria, berez, Boninoren buruan egon da. Duela bost urte, lehen ekinaldia egin zuen; hain zuzen ere, italiarrak dioen modura, «bezero historiko eta kide handi batekin: Olivier Colayerekin». Baina saio hori bertan behera utzi behar izan zuen.

Udaberri honetan, berriz, hego isuriaren baldintzak ondo baino hobeto aztertu ondoren, Bracey eta Bonino bat etorri ziren: «Une egokia da». Eta Mont Blanceko mendilerroan dagoen mendi horretan “Bonino-Bracey” bidea sortu dute. Proposamen berria ez da tontorrean amaitzen, lepoan baizik; gutxi gorabehera, 3.800 metrora. Gainditu dituzten zailtasun teknikoei begiratzen badiegu (WI5+, M6+, 5b), lasai asko esan dezakegu eskarmentu handiko bi alpinistok ondo estutu dutela. Konpromisoan V gradua jarri diote.

Oro har, sokada horrek Grandes Jorassesetako hego horman ireki duen marraren inguruko lerroburuak dira. Hurrengo lerrootan, berriz, Bonino berak jardun horretan bizi izan duen eskarmentuari buruz esandakoak jaso ditugu.

Bonino-Bracey

«Zaila egiten zait ordenagailuaren aurrean eseri eta orain dela aste batzuk mendietan bizi izan dudanaren inguruan idaztea. Eskarmentu berezia izan zen oso; izan ere, nire bizitzan zein nire mendizale ibilbidean ukitu nau. Baina goazen hasierara.

»Iniziatiba handia duen pertsona horietako bat naiz. Xede berri baten aurrean beti gogotsu egoten den horietakoa. Ametsak, helburuak... beti buruan bueltaka ibiltzen dira. Eta aurrera eramaten ditudanean, askotan helmugara iristen naiz. Hori bai –onartu behar dut–, oso burugogorra naizelako. Horregatik guztiagatik, ziur asko mendi gidaria izateko urratsa egin nuen. Lanbide hartu nuen. Urte asko daramat mendian, maila handia duten alpinistekin soka gerrira lotu dut, baina horietako oso gutxirekin izan dut kimika. Gero eta helburu handiagoak eta pasioa partekatzeko benetako lagunak behar ditut. Baina horiek guztiek zintzoak behar dute izan.

»Bai, hala da. 22 urte daramat mendian, eta orain arte egin ditudan bide eder zein zailenak bezeroekin egin ditut; gutxi gorabehera, %80. Haiekin espedizioak, hormatzarrak, amets txiki zein handiak... partekatu ditut. Baina maila handiko jarduera alpinistiko bat egin nahi badut, jakin badakit beste ate batzuk jo behar ditudala. Baina alpinista horiek nik dudan pasioarekin bat egin behar dute. Eta maiz gai horrek huts egiten du.

»Zalantzarik ez dut patuaren ironiak bide berri hau zabaltzera eraman nauela. Hasieran, bezero batekin saio bat egin nuen. Orain, berriz, alpinismoan inolako aurkezpenik behar ez duen Jon Braceyrekin. Geure lana dela eta, Jonek eta biok mendian topo egiten dugu. Txisteren bat, iritziak, egunaren amaieran garagardoren bat... partekatu dugu. Baina inoiz ez genuen elkarrekin eskalatu. Egin dituen jarduerengatik eta duen talentuarengatik miresten dut. Bestalde, soila izateaz gain, aldarte onean oso atsegina da.

»Astebetez erabat lanpeturik egon nintzen. Ilaria horretaz jabetu zen, eta, patuaren keinu bat izango balitz, esan zidan bi eguneko atsedena hartu behar nuela. Joni deitzeko ere esan zidan, bion artean jarduera eder bat adosteko aukerarik ba ote zegoen jakiteko. Deitu nion, baina Jonek aipatu zidan oso lanpetuta zegoela. Baina ordu batzuk beranduago, deia itzuli eta baieztatu zidan libre egongo zela. Eta era horretan, Grandes Jorassesetako helburua zehaztu genuen.

»Bi bizkar-zakuak gainezka zeuden. Jorassesetako ohiko bidean dagoen Boccalatte aterpera abiatu ginen, baina gure helburutik urrun dago. Berez, aterpean gaua igaro ordez, geure kanpalekua 2.700 metrora antolatu genuen; glaziarraren eskuinera dagoen adar batean. Oraindik elur asko zegoen, eta haranetik hona egin genuen ibilbidea luzea bezain nekagarria izan zen. Bizkar-zakuak arrisku objektiboetatik babestu eta biharamuneko lana aztertzera joan ginen.

»Denda altxatu, eguzkiaren epeltasunaz gozatu eta iratzargailua goizeko ordu baterako jarri genuen. Lehen luzeak, beraz, gauez egin genituen. Baina horren aurretik, glaziarra igotzea kalbario bihurtu zen. Gaueko hotzak elurra gogortuko zuela espero genuen, baina ez zen hala gertatu. Hotz handia egin zuen, eta elurra transformatu gabe zegoen. Urrats bakoitzean elur geruza puskatu eta gure aldakek ez zuten une samurrik igaro. Bai, igoera jasangaitza izan zen!

»Onartu behar dut: Jonen motibazioari esker aurrera egin nuen. Atzera egitea behin baino gehiagotan pentsatu nuen. Asko ahalegindu ginen, eta nire kasuan galtzontzilloak blai nituen. Gure iragarpenen arabera, aurretik beste lau ordu genituen, eta tenperatura –15°-koa zen. Baina ez ote ginen hego isurian?

»Egoera hau gainditu ondoren, “dantzatzeko” ordua egokitu zitzaigun. Arroken babesaz lagunduta, agerikoa ez den marra bati jarraitu genion. Helburua argia zen: goiko seracetik erortzen ziren izotz pusketatik ihes egin. Eskalada erritmoa azkarra zen. 200 metro atzean utzi eta aldats pikoa korridore nagusitik urruntzen hasi zen. Britainiarrek dioten modura, “astiro baino seguru” gindoazen. Grandes Jorassesetako kontra-hormatik (3.800 m) jaisten den horma tentetik gertu ginen. Hots, gure helburutik. Blokeka eskalatzen hasi ginen.

»Bidearen lehen zatia amaitu ondoren, Jonek ardura hartu zuen. Lehen zati horretan tximinia estu batzuetan izotz sekzio tenteak eskalatu genituen. Hori amaituta, arroka aurretik genuen. 2014. urtean ez bezala, tontorra egiteko denbora genuen. Haranetik ateratako argazkietan ikusi nuen bastioia inguratzeko ezkerraldean aukera bat bagenuela. Sokaburu jarri nintzen. Sekzio berria zen, eta pareta piko batean hiru luze egin nituen. Izotzarekin estalita zeuden diedroak gainditu eta horma trinkora abiatu nintzen. Zirraragarria eta zailtasunean zaila zen eskalada. Lepora heldu aurretik, azken luzean, Jonek malabarismoa egin zuen. Argi dago zer maila duen. Amets bat egia bihurtu zen: nire mendi gogokoenean bide berria zabaldu dut. Gainera, nire idolo batekin. Izotza eta mistoa hego isuri batean. Ederra izan zen!».