2019 EKA. 15 JOPUNTUA Hiri eta herriak, biharko Euskal Herriaren indarguneak Floren Aoiz @elomendia Zailtasunei aurre egitea izaten da edozein egitasmo eraldatzaileren funtsa, botere harremanen gailurrean daudenak egiten ahal duten guzia gauzatzeko prest baitaude, askapenaren bideak ixteko. Zailtasunek nekea eta zapuzketa ekartzen dituzte sarritan, eta eliteek eragile eraldatzaileen desmoralizazioa bultzatzen dute. Ederki dakite autoestimua ezinbestekoa dela erronka gogorrenei aurre egiteko, indarren arteko desorekatik abiatzen delako beti mundua aldatu nahi duena. Historiak argi erakusten digu egoera zailak, atzerapenak, ziurgabetasuna eta, finean, bidearen gogortasuna ongi kudeatzen dituzten mugimenduek soilik lortzen dituztela beren helburuak. Duela lau urte aldaketaren gehiengoek Nafarroako udal kartografia astindu zuten. Bestelakoa da egoera asteburu honetan, emaitzek PSNren esku utzi baitute giltza, eskuinari atea irekitzeko baliatu duena. Salbuespen guti batzuetatik harago, EH Bilduk izugarrizko babes maila lortu du herriz herri, gobernugintza ereduaren atxikimenduak lortzeko gaitasuna agerian jarriz, baina aldaketaren beste oinak erori dira. Babes gehiago erdiestea aurrerapen galanta da, batez ere hamarkadak estigmatizaturik daramatzan mugimendu batendako, baina oraingo honetan aliaturik gabe gelditu gara, eta horrek aukerak murriztu ditu. Bistan denez, kolpe gisa hartuko du jende askok (ni barne) atzerapen hau. Ongi irakurri behar da, alta, egitasmo subiranistaren indartzearen aurreko erreakzioa baita, batez ere. Ezkerreko subiranismoak zerumuga estrategiko ausarta dauka, eta babesak zabaltzen dituen kudeaketa garatzen du udaletan. Honek alarma guziak piztu ditu, eta hemen dugu gaurko erasoaren arrazoi sakona. Asteburu honetako tristura eta amorruaren gainetik, badago zer ondorioztatu eta ez da etsipenerako, itxaropenerako oinarri sendoa baizik: udaletan eta, finean, hiri-herri mailan, izugarrizko indarra dago biharko Euskal Herria behetik gora eraikitzeko. Asteburu honetako tristura eta amorruaren gainetik, badago zer ondorioztatu, eta ez da etsipenerako, itxaropenerako oinarri sendoa baizik