GARA Euskal Herriko egunkaria

Hizkuntza aniztasuna ezagutu, migranteei harrera integrala egiteko

Gipuzkoan, jatorri atzerritarra duten 72.922 lagun bizi dira, nagusiki 20 estatutatik etorriak. 120 hizkuntza ingurutan mintzatzen dira, gaztelaniaren presentzia handia dute eta hamar hizkuntza dituzte kudeaketa berezia eskatzen dutenak. Aniztasun horren aitzinean, harrera protokolo bat prestatzen ari dira.


Gipuzkoako populazio migrantearen hizkuntza aniztasuna ezagutarazteko asmoz, udako ikastaro bat egiten ari da EHU. Atzo hasi eta gaur amaituko den kurtsoan, aberastasun hori mahai gainean jarriz, harrera protokolo integral bat definitzeko bidea ireki nahi dute.

Herri agintari ezagun baten esaldi batekin ekin zion Xabier Aierdi zuzendariak ikastaroari: «Migrazioa gertakari iragankorra da». Halako adierazpenekin urduri jartzen dela aitortu zuen, ez delako inondik inora horrela. Bi baieztapen egin zituen: «Migrazioa egonkortzen ari da» eta «norberak eskatzen duen migrazioa etortzen da; klase ertainek zoru ekonomiko sendo bat sentitzen badute, etorkinek iristen jarraituko dute».

Jatorri atzerritarreko Gipuzkoako biztanleria hiru taldetan banatu zuen Aierdik: bertan jaiotako gazteak, baina oraindik atzerritar nazionalitatea dutenak, normalean afrikarren seme-alabak, aunitz euskaraz dakitenak (5.000 lagun); atzerrian sortuak eta atzerritar nazionalitatea izaten jarraitzen dutenak (46.000 pertsona); eta kanpoan jaioak baina bertako nazionalitatea dutenak, bereziki Latinoamerikakoak (22.000 pertsona).

Emakumeen tasa handia

Azken urteetan etorri diren pertsonen artean emakume ugari dagoela nabarmendu zuen. Horiek bertakoen premia zuzenak betetzen dituzte: alde batetik, zaintzarekin eta etxeko lanekin lotutako guztia eta, bestetik, zerbitzuen arloko lanak.

«Duela zortzi bat urte nikaraguarrak iristen hasi ziren eta berriro agertu ziren kolonbiarrak etorkinen artean; harrobia agortua zegoela zirudien, baina berpizten ari da».

Aierdirekin batera ikastaroa zuzentzen duen Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko hizkuntza teknikariak prestatzen ari diren eta urte amaieran plazaratzea espero duten hizkuntzen atlasaren webgunea aurkeztu zuen. Erran zuenez, informazioa erabilera egokia egin dezaketenen esku jartzea da xedea: eragile sozialak, ikertzaileak eta udal teknikariak, besteren artean.

Hizkuntza atlasaren webgunea

Webgunean 2018ko erroldatik jasotako datuak ematen dira, adierazle batzuen arabera sailkatuak: euskara gaitasuna, sexua, adina, jatorria, hizkuntza komunitatea... Udalerrika, eskualdeka eta azpieskualdeka ematen dira datuak, koloredun mapetan. Adibidez, udalerrien artean jatorri atzerritarreko biztanle gehien duena Ordizia da (%18,8, eta iaztik hona handitu egin da kopurua).

Urangak agertu zuenez, 20 estatutatik ailegatzen da Gipuzkoara migrante gehien: buruan, Maroko, eta ondotik datoz Errumania, Nikaragua, Kolonbia, Honduras, Ekuador, Txina, Venezuela, Peru, Kuba, Bolivia, Senegal, Ukraina... Bakoitzetik mila lagun baino gehiago etorri dira. Marokon arabiera eta amazigera hitz egiten dute; Ukrainan ukrainera eta errusiera; Errumanian errumaniera... 20 estatuotatik erdietan gaztelania hizkuntza ofiziala da.

Adibidez, 5.600 errumaniar bizi dira Gipuzkoan, horietatik 2.329 Goierrin. Biztanle marokoarrak kasik 10.000ra iristen dira; Donostialdean egiten ari dira bizi proiektua gehienak. Nikaraguako migrazioa «oso berria» dela azaldu zuen Urangak. «Intentsitate handiz gertatzen ari da. 5.000tik gora dira eta Donostialdean daude horietatik 2.700».

Aipatu dugu gaztelania hizkuntza ofiziala dela jatorrizko estatu aunitzetan, baina horrek ez du ziurtatzen datozen guztiek gaztelaniaz jakitea.

«20 jatorrizko estatu horiek erakusten digute hamar hizkuntza daudela kudeaketa berezia eskatzen dutenak, gaztelaniaren presentzia handia dela eta 120tik gora hizkuntza hitz egiten dituztela. Hizkuntza aniztasun oso handia dugu», laburbildu zuen.

Harrera protokoloa

Aniztasun horren aurrean, harrera protokolo bat lantzen ari dira. Hedatzea nahi dute, ez udalerri bakar batzuetan isolatua gelditzea, eta ikastaroan bide bat irekitzea nahiko lukete. Protokoloak honako ezaugarri nagusiak izan beharko lituzkeela uste dute: udal teknikari guztien sentsibilizazioa; zeharkakotasuna, arlo guztien inplikazioa; diseinuan eragile sozialek, administrazioak eta jendarteak parte hartzea; eta arreta koordinatua ziurtatzea.

Aierdik defendatu zuenez, errealitate soziolinguistikoa ikusarazteak zer eta nola egin erabakitzen lagunduko du. Lehenik eta behin, inportantea deritzo egin diren ekimen ugariak biltzeari. Hemendik abendura bitartean eragileekin eta parte hartu nahi dutenekin biltzeko asmoa dute. «Zabalik gaude».

Tentuz mugituko dira, mugak daudela jakinik. «Adibidez, ezin gara hezkuntza sisteman sartu». Jendarte osora zabaltzea proposatu zuen Aierdik. «Immigrazioa kezka iturri izaten den moduan, lagungarria da halako datuen berri ematea. 120 hizkuntzatik gora ezagutzen dituztela jakitean, adibidez, bat baino gehiago harrituko da». Herri administrazioari zuzentzea ere garrantzitsua dela erran zuen.

«Zuk zure hizkuntzarekin arazoak izateak abegikorragoa izatea ekar dezake», adierazi zuen. Eta aitortu zuen beti amaitzen dugula euskararen arazoaz solasean. Hori gainditzeko, aitortza eta sustatze ekimenak dira berarentzat bidea.

ZENBAKITAN

%10

Gipuzkoan bizi diren atzerritar jatorriko pertsonen ehunekoa da. Bertako 650.000 herritar daude (espainiar nazionalitatearekin). Jatorri atzerritarrekoak 72.922 dira. Urtero 10.000-20.000 etorriko direla kalkulatzen dute.

5.000

gazte, 15 urtetik beherakoak, bertan jaio dira, baina oraindik ez dute nazionalitatea eskuratu. Beste 46.000 pertsona atzerrian sortuak dira eta atzerriko nazionalitatea dute, eta beste 23.000 kanpoan jaio ziren eta hemengo nazionalitatea dute.

20

estatutatik etorri dira migrante kopuru handienak. Denen buru, Maroko (ia 10.000 bizi dira Gipuzkoan). Ondotik datoz Errumania (5.600 pertsona), Nikaragua (migrazio berria, intentsitate handiz gertatzen ari dena) eta Kolonbia (agortua zirudiena eta berriro agertu dena).