2019 EKA. 22 HELDUEN LITERATURA Garai desordenatua Iratxe ESPARZA Laburtu beharko banu zertan datzan Angel Errok argitaratutako azken liburua denboraren hauskortasuna aipatuko nuke. Mendeetan zehar, urteen igarotze zorabiagarriaz kezkatuta, idazle askoren eta, oro har, artean dihardutenen nahia izan da beraien sorkuntza lanak betikotzea; denboraren bizkortasuna eta gozotasuna islatzea eta, aldi berean, zorrotz jokatzen duen denbora menderatzea. Zeregin horretan, Angel Errok denboraren joan-etorria irabazteko modua topatzen du, bere bizitzako egunak nahierara egokituz eta sailkatuz; hau da, liburuan 2004tik 2018ra bitartean (2012a kenduta) idatzitako oharrak kontuan hartzen dira eta egileak datak nahi duen bezala maneiatzen ditu. Orduan, denboraren linealtasuna apurtzen da, hots, bidaia honetan denboraren arrakalek elikatzen dute Angel Erro. Lehenengo pertsonan, dietarioa kanpora begira idatzita omen dago. Nitasunetik sortutako testigantzak, ordea, sarritan alegiazko harresi batekin topo egiten duela iruditu zait. Izan ere, nahiz eta gai oso intimoak erabili, hala nola, idazlearen gaixotasuna bera, izandako zenbait harreman sexual edota familiaren unerik mingarrienetako bat, nago autozentsurak ere pisu handia izan duela. Horregatik, ezabatze maila noraino heldu den neurtzeko, interesgarria izango litzateke testuaren baldintza genetikoak ikertzea. Azalduko dut: liburua urteetan zehar bildutako gogoetek eta ekintzek osatzen dute, baina Errok testuak argitaratzen dituenean iraganean eta momentu ezberdinetan jasotako ohar guzti horiek berregiteko eta manipulatzeko aukera dauka. Funtsean, ez dakigu zenbaterainokoa izan den idazlearen esku-hartzea liburua plazaratzeko prozesuan, oharrak idazten dituen egunean denbora errealean egiten baitu; aldiz, liburuan sartzeko pasarte guztiak aurrean dituenean aukeratu eta orraztu behar direnez, orduan denbora artifizialean mugitzen dela baiezta liteke. Espontaneotasunaren murrizketa dakar horrek, datetan arreta jarri ezean, eguneroko bat irakurtzen ari garela dirudien arren. Benetan, oso erakargarria da jolasa. Nabarmena denez, denboraren antolakuntzak uste dugun baino garrantzi handiagoa dauka; agian, urte tarte horretan idazleak berak jasaten duen aldaketa eta garapena askoz difuminatuago geratzen da pasarteen egitura desantolatuan. Angel Errok harreman berezi bat ezartzen du inguratzen duen munduarekin eta, gainera, publiko egiten du sortutako errealitate paraleloa. Musika, literatura, zinea (artea, oro har) eta (euskal) kultura hizpide dauzka, batzuetan nartzisismotik –batez ere, partaide den ekitaldi literarioak deskribatzen dituenean– eta, besteetan, ordea, gaixotasunaz edo familiaz idazten duenean, hunkitzeraino egiten du, filtrorik gabe eta subjektibotasunaren maila areagotuz. Horregatik, barruko eta kanpoko kontakizunak daudela esango nuke; bietan idazlearen ahots anitzak bakarrean entzuten ditugu, nahiz eta barnekotasunak neurri ezberdina erakutsi; edozelan ere, batean eta bestean prosa poetikoa eta ironiaren dosi neurtua gustura irakurtzen eta gozatzen dira. Hola, testuak oreka mantentzen du: eskertzen diren aipamen intelektualetan tonu aseptikoagoa nagusitzen da eta, aldiz, pertsonalagoak direnetan askotan bihozminduta eta babesik gabe topatzen dugu idazlea. Errok historian zeharreko zenbait arte-sorkuntzatan jartzen du begirada eta, iraungitze-datarik izaten ez duten klasikoetan gertatu ohi den bezala, Heriotza ere protagonista dugu: liburua ireki eta ixteaz arduratzen da eta testuak bilatzen duen linealtasunarekiko haustura borobiltzen du, hasiera-hasieratik denboraren iheskortasuna azpimarratuz. Zalantzarik gabe, Errok sortutako errealitate estetikoak merezi du.