2019 UZT. 04 JOPUNTUA «Deepfake» Iratxe Esnaola Hezkuntzan doktorea Fakenews eta deepfake. Desinformazioaren aroan bizi gara. Manipulazio sozial masiboaren garaian. EITBko azken kanpainan ikusi ahal izan dugu deepfake bat: Donald Trump eta Kim Jong-Un batzen dituen pertsona baten bideoarekin. Egia manipulatzea zein erraza den erakutsi nahi izan dute, euren deepfake propioa sortuz (beste bat ere badago, Angela Merkel eta Theresa May-rekin). Helburua: kazetaritza inoiz baino garrantzitsuagoa dela aldarrikatzea. Deepfake deritzana fake (faltsifikazioa) eta deep learning (ikaskuntza sakona) kontzeptuen loturatik dator. Funtsean, adimen artifizialaren baitako teknika bat da, machine learning edo ikaskuntza automatikoaren adarrean kokatua. Labur esanda, ordenagailuz sortutako irudiak bata bestearen gainean jartzean datza, esaterako, jada existitzen diren bideoetan aurpegia trukatuz. Emaitza sofistikatua da, begietara oso erreala, manipulatua izanagatik. Zineman ere erabiltzen da. Famatu egin izan dira zenbait pertsona ospetsu (aktoreak eta) sareko bideo pornografikoen protagonista bilakatu dituzten bideoak (haiek kaltetze aldera, noski). Gaur-gaurkoz, deepfake oso erreal bat egiteko txertatuko den aurpegiaren irudi asko behar dira (horregatik egin izan da ospetsuekin). Deepfakeak adimen artifizialaren tekniken sofistikazioaren eta hedapenaren emaitza dira, hein batean. Eta teknologia pertsonen eta jendarteen kaltetan erabiltzeko nahiaren beste adibide bat ere bai. Jendartea oro har ere, erabat zaurgarria baita teknika hauen aurrean. Deepfake hauek jendartean mesfidantza edo konfiantzarik eza sortzen dute. Ziurgabetasun sentsazioa areagotzen dute. Eta sentsazio puntual bat baino, ziurgabetasuna bizitzeko modu bilaka dezakete. Horrek pertsonen jarreretan duen eraginarekin. Zeresanik ez maila kolektiboan. Egia da faltsifikazio teknikak hobetzen diren heinean, hauek detektatzeko teknikak ere hobetzen direla. Baina, logikoa denez, deepfaking fenomenoak desinformazioaren ikuspuntutik sortzen duen kezka hazten doa. Kazetaritza eta pentsamendu kritikoa, ezin kritikoagoak bilakatzen ari dira. «Deepfake» hauek jendartean mesfidantza sortzen dute. Ziurgabetasun sentsazioa areagotzen dute. Eta sentsazio puntual batez harago, ziurgabetasuna bizitzeko modu bilaka dezakete