2019 UZT. 04 Elkarrizketa UXUE EZKURDIA ALVAREZ SUPER AMARA BERA BERAKO JOKALARI OHIA «Garrantzitsuagoa da etxekoak goi-mailan jokatzen ikustea» Zazpi urte eman ditu Bera Berako elastikoa defendatzen. Bost Liga, lau Kopa eta sei Superkopa irabazi ditu. Lehenengo liga garaikurra eta 2018an Lasesarren irabazitakoa sentitzen ditu berezienak. Beti egon da itzalean, izen handiko jokalariak izan ditu aurretik ezker hegalean, baina bereziki gogorra egin zaio azken sasoia eta, momentuz, eskubaloia utzi du: «Hasten banaiz, beste maila batean izango da, lasaiago». Ane URKIRI ANSOLA DONOSTIA Orain pozik dago, behin denboraldia amaituta. Kopako garaikurra ederki ospatu zuen –«ospatzeko arazorik ez dago»– baina oso luzea egin zaio aurtengo sasoia. Ez du uste liga ez irabaztea dezepzioa izan zenik, Granollersen eta Valladoliden huts egin ostean asko zaildu baitzen. Ibilbideaz, eginiko lanaz eta baldintzez sakon mintzatzeko gogotsu sentitzen da Ezkurdia. «Atzera begiratuta ibilbidea positiboa izan da, sari gisa ikusi nuen Bera Berara iristea, baina urte hauetan, taldean jarraitzeko, lan pila bat egin dudalakoan nago. Kirolari eta pertsona gisa hezi naute», dio. Klubak jarraitzeko proposamena egin zion, pentsatzeko ere esan zion, baina argi zuen erabakia. Urtero zure postu berean izen handiko jokalariak izan dituzunean, nola baloratzen duzu klubaren proposamena? Uste dut beraiek nirekin kontatzen dutela etxekoa naizelako, eta etxeko jokalari bat galtzea ez da batere ona. Sentsazioa daukat ez dutela ikusten nik nire ikuspuntutik ikusten dudana. Azkenean, nire posturako ekartzen dituzten kirolariak ligako onenak edo izen handikoak dira, lehiakorrak. Urte guztietan gertatu da hori eta urtero egon naiz eskubaloia ikasketak edo lanarekin uztartzen, bizitzeko adina ez baitit ematen. Beraientzat ere lastima dela uste dut, baina bazekiten une hau iritsiko zela. Ez duzu zeure burua inoiz ikusi taldeko balio gisa, lan eta konpromiso aldetik? Beti saiatu izan naiz, baita egunerokotasunetik kanpoko ekintzetan ere, parte hartzen, baina klubak ere igarri du azkeneko urteetan nahiko nekatuta nengoela. Aurtengo denboraldian ere hegaleko bat fitxatu zuten [Fernanda Da Silva], eta Gabonetan taldea utzi zuen; hor nengoen ni eta beste jokalari bat ekarri zuten [Sara Gil]. Berriro azpitik hasten zara. Azken fitxaketa hori zure aurretik dago, nahiz eta zu lehenagotik egon... Eta hurrengo urtera begira ere, guk jarraitu nahi izanez gero, hiru ezker hegaleko jokalarirekin jarraitzeko asmoa zuten. Eta nola daramazu zuk? Uste dut ez dela beharrezkoa horrelako postuan hiru jokalari edukitzea. Leire [Aramendia] beharrezkoa zen oraindik gaizki zegoenean, baina honek guztiak gehiago zailtzen dizu eta ez duzu inoiz ikusten postu horretan noizbait garrantzitsu izango zarenik. Sakrifikatzen duzu pila bat eta konturatzen zara ez duzula hainbesteko ordainsaria jasotzen. Zure ustez ez duzu ezker hegalean garrantzitsu izateko aukerarik izan? Egia da iazko denboraldia oso ondo bukatu nuela, justu Leire Aramendia lesionatu zenean. Gustura bukatu nuen. Hurrengo denboraldiari begira zalantzak zituzten beste norbait ekarri edo ez, eta konfiantza helarazi zidaten agian nire urtea izango zelakoan. Eta nola hartu zenuen Da Silvaren fitxaketa? Munduko jokalari onenetariko bat fitxatzen dutenean... Baina tira, beti ulertu izan dut egoera. Azkenean, kirol munduan eta are gehiago maila honetan, hau da errealitatea. Baina bai uste dut ohartu beharko liratekeela etxeko batzuk ezin garela lehiatu horrelako jokalariekin. Zergatik hartu duzu erabakia aurten eta ez iaz? Iazko denboraldia gustura bukatu nuen. Jokatzen bukatu nuen, hasieran baino gehiago, eta azkeneko sentsazioarekin geratzen zara erabakia hartzeko orduan. Leire Aramendiarekin ere oso gustura nengoen. Orain, kasualitatez, biok aldi berean utzi duzue. Hitz eginda zenuten? Ez, ez (barre). Eta Sara [Gil] gaixoa utzi dugu hemen; badirudi bera etorri eta guztiok alde egin dugula. Baina arrazoia izan daiteke Europan neurketa asko jokatu ditugula eta denboraldia oso luzea egin zaidala. Maila batean zaude, eta ligako talde profesionalenean zaude, baina ez da zure ofizioa. Ez da erraza. Ez zara guztiz profesionala, zure lana uzteko bezainbat, baina lan-saioak goizetan dira. Hor badago koska bat. Bai, ni goizetan ezin naiz entrenatu. Ez dut denboraldi bakar bat osatu eskubaloira zuzenduta: ikasten, praktiketan eta azken hiru urtean, lanean. Taldea ez da modu berean ikusten. Taldea entrena daiteke goizean eta ondoren, bidaiatu; nik arratsaldez bakarrik bidaiatu izan dut, lana ez uzteko. Aurten gehiago bidaiatu dut bakarrik iaz baino. Granollersera joan nintzen larunbatean goizeko seietan, larunbat arratsaldean jokatzeko. Eta Valladolidera joan nintzen bigarren entrenatzailearekin, Madrilera ere kotxez ostiralean jokatzen genuelako... Ikusten duzu ez zaudela taldeko guztiekin batera, eta ez nengoen erritmo berean. Zuk esan bezala, ligako talde profesionalenean aritu zara. Bai. Etxeko batek dituen baldintzak, baina, ez dira kanpoko batek dituen berberak. Eta zer aldatu behar da? Berdintasun handiagoa lortu behar da profesionalizatzeko eta mundu guztiak soldata duina izateko. Gutxieneko soldata bat finkatzea, denbora baterako bada ere eskubaloian zentratzeko. Argi dago ez zarela eskubaloitik biziko, baina behintzat une batez kirola zure ofizio izan daiteke. Bestalde, niretzat garrantzitsua da horrelako talde batean etxeko jendea mantentzen saiatzea, eta iruditzen zait hori galdu duela azken urteetan. Zortzi gipuzkoar egotetik bat-batean hiru geldituko dira. Ohartarazi egingo dietela uste dut, edo hala behar luke; edo beraiek konturatu beharko dira. Arrakastaren zurrunbiloan sartzen zarenean talde txapelduna izan nahi duzu. Bai, ulertzen dut. Baina zer nahiago duzu, talde txapeldun bat hamabi atzerritarrekin? Izen aldetik, nik uste dut garrantzitsuagoa dela Donostia batean jendeak ikustea euskaldun batzuk goi-mailan jokatzen. Posible ikusten duzu Itxakori gertaturikoa errepikatzea? Bai. Dena irabazten ari zara, Europan jokatu nahi da maila altu batean, eta horretarako fitxaketak behar dituzu. Argi dago hemen inguruan gaudenok ez daukagula maila hori, baina galduko dituzu talde batean garrantzitsuak diren beste balioak. Gazteak klubera erakarri behar dituzu, etxeko jendea dagoela ikus dezatela, eta agian ez duzu guztia irabazi behar urte batzuetan; ondoren, batek daki. Hasieran aipatu duzu euskararen afera; gutxiago entzungo da eta igarriko dute. Bai, gu gure artean euskaraz aritzen gara. Nabarituko dute, zeren eta euskaraz jakingo dutenak hiru bakarrik izango dira: Esther [Arrojeria], Alba [Menendez] eta Maitane [Etxeberria]. Kasualitatea izan da aurten hainbeste jokalarik goi-mailako eskubaloia uztea edo denboraldi gogor baten eragina? Denboraldia guztioi egin zaigu luzea, gainera Kopa aurretik jada jakinarazi genuen, eta oso luzea egiten zaizu. Batzuekin harreman handiagoa duzu taldetik kanpo eta hitz egiten zoaz. Judithen kasua agian salbuespena da, baina besteok ez dugu aukera asko eduki; beraz, ez dizu konpentsatzen... Asko jokatzen ez duzunean birpentsatzen hasten zara. Eskubaloitik kanpo ere ikusi beharko da ze bizitza dagoen (barre). Nola ikusten duzu zeure burua etorkizun hurbilean? Lasaiago ibiliko naiz. Lanetik atera eta niretzako denbora izango dut. Aspaldi ez nuen horretarako astirik eta eskertuko dut. Gauzak egiteko lasaiago egongo naiz, orain arte egin ezin nituen beste mila plan egin ahalko ditut, kuadrillarekin eta bikotekidearekin gehiago egon... Urte hauetan gauza asko utzi ditut albo batera. Denbora berreskuratzeko aprobetxatuko dut. Goiz utzi duzu, denbora asko berreskura dezakezu. Bai, oraindik gauza pila bat ditut egiteke eta pozik nago. Uste nuen buelta gehiago emango nizkiola erabakiari, baina oraingoz oso pozik nago. Aipatu duzu denboraldi honetan ez duzula jokatzeko aukera handirik izan. Entrenatzailearen kontua izan da edo taldeak beste egitura bat zuelako? Nik uste dut bi gauzek izan dutela eragina. Entrenatzaileak hartzen dituen erabakiak, nahiz eta batzuetan guztiz ados egon ez, onartu behar dituzun erabakiak dira. Nik uste nuen etxekooi aukera gehiago emango zizkigula. Estitxuk [Berasategi] edo Norak [Azurmendi], esaterako, ondo bukatu zuten iazko denboraldia eta aukera gehiago izango zituztela uste nuen. Oso zaila da entrenamenduetan ez sentitzea talde baten barnean. Zein da zure oroitzapenik onena edo momenturik onena? Kirolari bezala, agian, aurreko denboraldiaren bukaeran sentitu nintzen ondoen. Oroitzapen onena, hain gazte izanda, Kanarietan liga irabazi genuenekoa. Guretzat hori aurreneko liga izan zen eta oroitzapen moduan oso berezia izan zen. Eta iaz irabazitako liga garaikurrarekin ere geratzen naiz. Talde bezala ere denboraldia oso zaila egin zitzaigun orokorrean. Oroitzapen edo sasoi txarrena? Aurtengoa. Jada erabakia hartu duzunean ikusten duzu bukaera ez dela iristen eta niri, egia esan, denboraldi bukaera luzeena aurtengoa egin zait. Sentsazio eskasekin utzita ez duzu oroitzapen txar handiagoarekin bukatuko? Ez zarenean berdin disfrutatzen ari, ez dut uste luzatu behar duzunik egoerari buelta ematen diozun ala ez ikusteko. Jarrai nezakeen beste denboraldi batez ea buelta ematen diodan egiaztatzeko, baina agian hurrengo denboraldia okerragoa izango litzateke. Ez nengoen gustura, ez ninduen betetzen eta nahiago dut utzi. Faltan botaz gero, beste modu batera jokatuko dut. Erabakia hartzeko buruan buelta asko eman dizkiozu? Ez da erraza, baina urtarrilean jada oso argi nuen. Europako txapelketa iritsi zenean, Ligako neurketekin uztartu ahal izateko, oporrak hartu nituen. 23 egunetik 10 eskubaloiko bidaietan joan dira. Eta gainera batzuetan goizeko seietan iritsi eta zazpietan lanera joaten nintzen. Esaten zidaten atsedena behar nuela, bikotekideak ere ikusten zuen nola nenbilen. Etxean, adibidez, jada argi nuenean esan nuen, banekielako ondo pentsatzeko aholkatuko zidatela. SENTSAZIOAK«Iazko denboraldia gustura bukatu nuen, jokatzen bukatu nuen, hasieran baino gehiago, eta azken sentsazioarekin geratzen zara erabakia hartzerakoan» OPORRAK«Europako txapelketa iritsi zenean, Ligako neurketekin uztartzeko oporrak hartu nituen lanean» BALDINTZAK«Etxeko jokalari batek dituen baldintzak, ordea, ez dira kanpoko batek dituen berberak»