2019 UZT. 08 ZIRIKAZAN Sinestezina, baina egia Josebe EGIA Hala da, gaitza auzitegi goren espainolek poza eragitea. Manadaren kondena horretarako arrazoi bat izan da, eta honako hau beste bat da (lastima Altsasukoa aberrazio hutsa izatea). Izan ere, Auzitegi Konstituzionalak lanaldi partzialeko lanari dagokion pentsioaren kalkulua baliogabetu du, emakumeak diskriminatzen dituelako, eta urrunago joan da. Europar Batasuneko epaileek ohartarazia zuten Espainiako araua bidegabekoa izan zitekeela. Hara! Gobernuak, ordea, beste eragile batzuen konplizitatearekin, zertarako aldatuko ditu arau diskriminatzaileak, emakumeei bakarrik eragiten dieten horiek… lanaldi partzialean lan egin beste erremediorik ez duten emakumeei, dela familia zaindu behar dutelako, dela ez dutelako besterik aurkitzen. Bada, badirudi Auzitegi Konstituzionalak aintzat hartu duela EBkoak dioena: lanaldi partzialean jarduten duten langileei buruzko arau espainolak diskriminatzaileak dira generoa dela kausa, bai eta langileek pentsioak edota langabeziagatiko laguntzak zein modutan eskuratzen dituzten ere. Lehen aldiz 2013an ebatzi zuen hori EBko Justizia Auzitegiak, epai batean, andreak diskriminatuak izaten ari zirela ordaindutakoaren araberako prestaziorako eskubidea izateko kotizazio-epealdia kalkulatzean (15 urte behar dira). Epai haren ondorioz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak beste epai bat eman zuen zentzu berean, eta horrek erreforma txiki bat eragin zuen arauetan. Erreforma hark, gainera, adostasun zabala izan zuen jendartean, estatuko sindikatuen artean eta alderdi politikoen aldetik… baina motz geratu zen. Europakoak ebatzitakoari erreparatu zion; alta, aldi berean, aldatu egin zuen pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko epealdia ezartzeko modua; alegia, orain Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu behar izan duena. Hark dio partzialtasun-koefizientea aplikatzea aurreneko diskriminazio-arrazoia dela, eta pertsona guztiei eragingo liekeela. Baina erreparatu dio, halaber, eta hauxe da interesgarria genero-ikuspegitik, “zeharkako diskriminazioari”, eta adierazi du arrazoitu ezinezko aldea dagoela gizonen eta emakumeen artean ez legea idatzita dagoen moduagatik, printzipioz neutroa, baizik eta errealitatean benetan gertatzen ari den egoeragatik. Doktrina honek bereziki eragin dio lanaldi partzialeko lanari buruzko araudia inguratzen duen guztiari, andrazkoak langile-mota horien %74,5 baitira espainiar Estatuan. Orain, aplika dezala Gizarte Segurantzak prestazio guztietan!