GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Palestinaren erosketa


Trumpen administrazioak, bere suhi Jared Kushnerren bidez, hilabeteak daramatza palestinar gatazka konpontzeko plan berria aurkezten. “Bakea eta Segurtasuna” izen biblikoa ipini diote, kazetarien artean “Mendeko Akordioa” izenarekin hedatu bada ere.

Aurkezpen ekitaldirik publikoena Bahrainen izan zen ekain amaieran; palestinar eta israeldar ordezkaririk gabe. Nicollo Machiavellik idatzi zuen «aldaketak proposatzen dituenak bere burua arrisku egoeran ipintzen» duela beti. Izan ere, aldaketen efektu negatiboak sumatzen dituztenak epe laburrean mobilizatu ohi dira; efektu positiboak jasoko dituztenek, eskertzekotan, epe luzera egin ohi duten bitartean. Horrekiko koherentzian, Bahrainen, palestinarrei eskaintzen zaiena detaile askorekin azaldu zuten; ez ostera, trukean eskatuko zaiena.

Kushnerrek mahaigaineratu duen irtenbidea dialektika materialean oinarritzen da ehuneko ehunean. Soilik dimentsio materiala baloratzen dutenek esan ohi duten gisan: «Jendearen benetako arazoen konponketa». 55.000 milioi dolar inguruko inbertsioa palestinarrek bizimodu material oparoa izan dezaten: 28.000 Zisjordania eta Gazarentzat, 7.500 milioi Jordaniarentzat, 9.000 Egiptorentzat eta 6.000 Libanorentzat.

Filtrazioen arabera, palestinarrei trukean eskatuko zaiena logika materialetik haragoko kontzeptuei uko egitea da: nazioa (hizkuntza), burujabetza, autodefentsa, errefuxiatuen itzulera, leku sakratuekiko begirunea... euren historia kolektiboa erlatibizatu eta lausotzea bizimodu material oparoaren truke. Euskaldunoi prozesu ezaguna egiten zaigu, ezta?

Golkoko monarkia sunitak planarekin ados ei daude. Iran da aurka egin duen bakarra, eta intsumisioa ordaintzen hasi da daborduko.

Kushnerren plana huts egiteko jaio zen. Materialismoak irentsitako europarron aurrean etorkizunerako aitzakia baino ez da. «Hara zer paradisu eskaini genien eta ezetz esan dute, fanatikoak dira!». Ondorioz, edozer egin dakieke, irrazionalek ez baitute kontsideraziorik merezi.