2019 UZT. 15 JOPUNTUA Ondo bizi, ondo hil Arantxa Manterola Kazetaria Noizbehinka, egoera tamalgarrian bizirauten duten pertsonen kasu tragikoren bat edo beste tarteko, eutanasiaren gaia mahaigaineratzen da eta orduan aspaldiko eztabaida berritzen da. Hala gertatzen ari da orain ere. Azken urte eta hilabeteetan, noizbehinka hori maizago eta indartsuago jazotzen delakoan nago, beharbada adinean aurrera goazelako edota gertutik egoera larriak ezagutzea egokitu zaigulako. Bizitzan ondo bizitzeko makina borroka, lan eta ahalegin egiten ditugu, baina ondo hiltze hori gerorako uzten dugu. Zenbait kulturatan ez bezala, gurean zaila egiten zaigu heriotza asumitzea, jakin badakigun arren saihetsezina dela. Tabu bat da. Gutxi mintzatzen gara horretaz; familiako zaharrenak joaten direnean, esaterako, gure haurrei errealitate hori estali egiten diegu edota kontakizun bitxiez eta aldrebeski azaltzen diegu finean guztiz naturala den zerbait. Ondo hiltzeko bide horretan, halere, urrats batzuk egin dira, batez ere, trantze hori ahalik eta eztien igaro dadin. Izan ere, orokorrean, izateari uzteak bezainbeste beldurtzen baikaitu sufritzeak eta ingurukoei sufriarazteak. Estatu frantsesean zein espainolean, legeak ahalbidetzen du, adibidez, egoera itzulezina denean, artatze aringarriak izatea edota bizirik mantentzeko tratamenduetan ez tematzea. Aurretiazko borondateen bidez zer nahiko genukeen eta zer ez argi uztea badaukagu, erabaki horiek sendagileen edo senideen gain utzi beharrean. Neurri horretaraino, bederen, burujabe izan gaitezke. Baina hori ez da aski heriotza duina bermatzeko, ezta egoera guztiei aterabide legala emateko ere. Jakina, gaia oso konplexua da eta erpin asko ditu: eutanasia, aktiboa edo pasiboa, suizidio lagundua, eta abar; baina, haatik, hori ez da arrazoia eztabaidari behingoz, behar den sakontasunez, ez heltzeko. Erabaki horiek hartzeko jendartea aski heldua dela deritzot, erreferendumaren bidez behar bada. Politikariak, berriz, ez naiz hain ziur. Bitartean, Vincent Lambertena bezain kasu mediatizatuak izango ditugu noizbehinka, eta maizago hain mediatizatuak ez direnak lagunartean, familian edo auzoko bizilagunen artean. Aurretiazko borondateen bidez zer nahiko genukeen eta zer ez argi uztea badaukagu. Neurri horretaraino, bederen, burujabe izan gaitezke